Ainhoa Jausoro Inaliako negozio garapeneko arduraduna, duela aste batzuk eginiko Basque Open Industryn | Argazkia: EnpresaBIDEA

Ekinez

Inalia, egituren osasuna hobetzeko datu analisia

Itsas energiari loturiko sektorean negozio aukera paregabea ikusi du enpresa arabarrak, eta hori garatzeko lanean ari dira batez ere. BIC Arabatik, proiektua egonkortu eta hazten jarraitzeko lanean ari du

Egituren osasunak elementu batek jasan dezakeen karga errealari egiten dio erreferentzia: neke-zikloa, elementuaren puntu kritikoak —nondik etor daitekeen haustura edo desgastea...— Bestela esanda, elementu horren agortze analisia. "Osagai mekanikoetan, egituretan, azpisistemetan, prozesu industrialetan... aplikatzen da. Alegia, egituran erantzukizuna duen edozein elementu edo prozesuetan", plazaratu du Ainhoa Jausoro Urcelay Inaliako negozio garapeneko arduradunak, Basque Open Industry azokaren testuinguruan.

Hain zuzen ere, egitura osasunari loturiko berrikuntza eta diagnostikoan aditua da Inalia. BIC Araban du egoitza ingeniaritza start-upak, eta egun sei lagunek osatzen dute, ingeniaritzari loturiko hainbat profil dituztenak: ingeniari mekaniko eta egituren analista, modelizazio birtualeko ingeniaria, telekomunikazioko profila, datuen analista...

"Datuak bere horretan ez du baliorik"

Egituren osasun azterketa egiteko, datua da eurentzat gako. Bestela esanda, diagnostikoa datu errealetan oinarritzen dute. "Hori lortzeko egiturazko sistemak moniorizatzen ditugu denbora errealean, elementua funtzionatzen ari den bitartean —izan entsegu gisa, izan operatiban—. Bildutako datuak interpretatu egiten ditugu, egituren osasunari loturiko azterketa egiteko", azaldu du Jausorok. Izan ere, datuak bere horretan "ez du baliorik, ez behintzat ez bada eraldatzen edo interpretatzen. Guk interpretazio hori errazten dugu".

Horrek eskatzen du estrategia guztia planteatzea, bildu nahi den datu motatik hasita, datua informazio erabilgarri bihurtzeko pausoraino. "Zein sentsore erabiliko ditudan, zein ezaugarri, zein komunikazio mota izango dudan. Horrela, monitorizazio sistema guztia diseinatzen dugu", adierazi du negozio garapeneko arduradunak.

"Guk interpretazio hori errazten dugu". Horrek eskatzen du estrategia guztia planteatzea, bildu nahi den datu motatik hasita, datua informazio erabilgarri bihurtzeko pausoraino

Interpretaziorako modelo birtualak erabiltzen dituzte, "produktura gehien egokitzen direnak", eta ondoren hori deskodetzeko "giza adimenaz" baliatzen dira. Era berean, adimen artifizialeko kapez ere baliatzen dira "machine learning modukoak". "Sistemak ditugu, datuak biltzen dituztenak. Etengabekoak badira, informazio asko izatea ahalbidetzen dute. Bolumena esanguratsua bada, gerta litekeena iragartzeko aukera eskaintzea". Bestela esanda, sistema baten funtzionamenduan haustura edo bibrazioa iragartzea, hautsi aurretik atzeman edo arazoak minimizatzeko.

Itsas sektorean indartzen

Inalia 2020an sortu zen, COVID-19 krisi bete-betean, eta torloju bitartezko loturen monitorizazioan aritu ziren hasiera baten soilik. Sektoreak erakutsi zien egitura osasunean modu zabalagoan murgiltzeko aukera zutela: ekipozkoak, askotariko loturak, errotaziozko elementuak...

Euren tresna multisektorialak eta askotariko helburrutakoak direla azpimarratu du Jausorok. "Balio dezakete zerbait apurtuz gero, arazoaren oinarrizko arrazoia identifikatzeko, edo entseguak egiteko". Hala ere, onartu du oso enfokatuta daudela "offshore energia eolikoan. Goraka doan merkatu baten beharrak identifikatu ditugu".

Ainhoa Jausoro: "'offshore' energia eolikoan goraka doan merkatu baten beharrak identifikatu ditugu"

Sektoreko kargak aztertuta, baita "hidrodinamikak airesorgailuen egiturazko erantzunean nola eragiten duen" ikusita ere, sakondu egin dute itsas energiako eremuan erabiltzen diren askotariko piezen diagnostikorako tresnetan, hala nola ainguratze osagaietan, ur-gaineko egituretan.. Itsas esparruarekin ere harremana izan zuen 2021ean BIND 4.0ren baitan garatutakoak. 250 langile baino gehiagoko euskal enpresak produktu bati bultzada eman nahi dioten start-upak konektatzen ditu SPRIren programak, eta  euren kasuan portu agintaritza bateko egiturazko arazoen konponketan aritu ziren, monitorizazio sistema ezarri eta datu erabilgarriak lortzen.

Pixkanaka eskaintza zabaltzen ari dira. "Diru asko inbertitzen ari gara barne I+Gan itsas-sentsorika probatzeko", aitortu du negozio garapeneko arduradunak. Horrek baina, "beste eremu batzuetan ondo posizionatzea" ahalbidetu die, tartean "ontzigintzari loturikoa", baita itsas eremutik kanpo, "automozioari, trenei eta oro har garraioekin" zerikusia duenarekin ere.

Ainhoa Jausoro: "Diru asko inbertitzen ari gara barne I+Gan itsas-sentsorika probatzeko"

Bezeroak, momentuz, bertakoak dira gehienbat, nahiz eta nazioartekoak ere izan, "adibidez, ontzigintzan". "Momentuz ez goaz oso modu proaktiboan merkatura. Hala ere, lotura egokia duten proiektuak direla ikusten dugu". Inaliaren momentuaz galdetuta, Jausorok argi du: "produktuak egonkortzeko momentua da, baita haztekoa ere".