Gazteen konpromisoa eta talentua sarituko da Inspira Gazteak Sarietan
Kutxa Fundazioak antolatutako ekitaldian 15.000 euroko bost sari banatuko dira
Martxan da Kutxa Fundazioak antolatutako Inspira Gazteak Sarien 2. edizioa. Lehiaketaren bitartez, “inpaktu positiboaren” alde egiten duten gazteak bilatzen ditu fundazioak, eta proiektu onenak saritzen ditu.
Deialdia pasa den astelehenean ireki zen, otsailaren 3an, eta martxoaren 23ra bitartean egongo da zabalik. 20-30 urte bitarteko gazteek haien proiektuak, ideiak eta konpromisoak aurkezteko aukera dute, betiere, Gipuzkoa “sortzaileagoa, justuagoa eta iraunkorragoa” sustatzen lan egiten badute
Aurkezten diren horien guztien artean, hamabost hautagai aukeratuko dira, horretarako kontuan izanik ondorengo bost aldagaiak: gizarte-kontzientzia duten gazteak; planetaren ongizatearekin eta iraunkortasunarekin konpromisoa dutenak; artearen bidez inguru kultuagoa eta sortzaileagoa eraikitzen ari direnak; prestakuntza eta ibilbide profesional desberdinak dituzten gazteak; eta, azkenik, bestelako ekimenetan parte hartzen ari direnak.
Hala, 15.000 euroko bost sari banatuko dira. Irabazleak ekainaren 26an egingo den ekitaldian iragarriko dira. Finalisten aukeraketa epaimahai profesionalak egingo du, hots, Aizpea Goenagak, Felix Arrietak, Aitziber Sarobek, Blanca Zaragüetak eta Ion Irurtzunek.