Ereduak
Janaria 'ikusezin' bihurtzen duen Noaingo enpresa teknologikoa
Elikagaiak proteina bidez pilula bihurtzeko punta-puntako teknologia garatu du Nucapsek. Noaingo CEIN ekintzailetza zentroaren haztegian etengabeko I+G proiektu berriak lantzen ari dira teknologiarekin
CNTA zentro teknologikoa, Idifarma enpresa farmazeutikoa eta Nafarroako Unibertsitatea elkarrekin egiten ari ziren ikerketa baten poderioz sortu zen Nucaps proiektua 2017an. Osasunarentzat onuragarri ziren elikagaiak proteina bidez pilula bihurtzea zuen helburu hiru erakundeen ikerketak. “Teknologia garbi eta naturala bilatzen zen, pilulek zapore txarra eduki ez zezaten eta organismoan ondo xurgatu zintezen. Gainera, hainbat sektoretara bideratzeko teknologia garatu nahi zen”, dio Mariano Oto Nucaps proiektuaren zuzendariak.
Proteinak erabiliz mikrokapsulak sortzen zituen nanoteknologia patentatu zuten orduan. Uneotan, aldiz, sei patente dituzte jada, eta euren gaitasun teknologikoa handitzen dihardute. “Elikagai osagaien eta farmakoen fabrikatzaileentzat neurrira egindako garapen teknologiko batzuetan ari gara lanean orain, eta Europa, Hego Amerika eta Asiako 17 herrialdeetan dugu presentzia”, nabarmendu du Otok.
CNTA zentro teknologikoa, Idifarma enpresa farmazeutikoa eta Nafarroako Unibertsitatea elkarrekin egiten ari ziren ikerketa baten poderioz sortu zen Nucaps proiektua 2017an
Noainen dago kokatua Nucaps, CEIN Nafarroako ekintzailetza zentroaren haztegian, hain zuzen ere. Zuzendariak azaldu duenez, proiektua hazteak euren instalakuntza handitzea ere ekarri du: “orain planta pilotu bat dugu, bi laborategi eta denera 12 pertsona gara taldean. Pandemia baino lehenago bi besterik ez ginen”.
Elikagai, kosmetika eta osasun sektorerako
Teknologian zentratuta, Nucapsek sortzen duena esfera txiki baten gisakoa dela dio Otok. “Oso txikiak dira kapsulak; pertsona baten ile batean horrelako 5.000 kabituko lirateke”. Pilula horien barnean, gorputzarentzat onuragarri diren printzipio aktiboak garraiatzen dira, hala nola, bitaminak, mineralak, antioxidatzaileak edota landare-estraktuak. Zuzendariaren arabera, osagai hauek, ingurumena edota digestio sistema dela eta, degradazio arazoak izan ohi dituzte eta gizakion organismoak ez ditu ondo xurgatzen. “Proteinaz egindako garraiobide honekin osagaiak babestu eta euren xurgatzea 30 aldiz handitzen dugu”, dio Otok.
Era berean, kapsulatze sistema horrek elikagai dosiak murriztea ahalbidetzen du, eta ekoizpen kostuak ere merkatzen ditu, arduradunaren hitzetan. Gainera, "elikagai funtzionalak" izanik, edozeinek du horiek kontsumitzeko aukera, organismoan errazago zabaltzen dira eta.
Mariano Oto: “Merkatuaren premiak aztertuz, teknologia hedatzen saiatzen ari gara. Iaz, esaterako, gatza murrizteko alternatiba eskaini genuen, NuCla izenekoa"
Halaber, teknologia elikagai, farmazia edota kosmetika sektorean erabili daiteke, eta Nucapsen bezero gehienak sektore hauetako produktu fabrikatzaileak dira. Dena den, teknologiaren aplikazioa hedatzea da proiektuak duen helburu nagusienetako bat, eta buru-belarri dihardute I+G proiektu berriak hedatzen. “Merkatuaren premiak aztertuz, teknologia hedatzen saiatzen ari gara. Iaz, esaterako, gatza murrizteko alternatiba eskaini genuen, NuCla izenekoa. Ahotik hartzen den mikrokapsula bat da eta gatz zapore sentsazioa areagotzen du, baina, aldi berean, %40 murrizten du elikagai normalek duten gatza”.
Garagardo, ardo, arrain edo goxokietan
Lehen aipatutako 17 herrialdeetatik Espainian saltzen ditu pilula gehienak Nucapsek. Aitzitik, Belgika, Suitza, Suedia, Kolonbia, Argentina eta Mexiko dira konpainia nafarraren nazioarteko merkatu garrantzitsuenak.Nahiz eta oraindik teknologia garapen fasean izan, milioi bat eurokoa da urtean Nucapsek duen fakturazioa.
Orain martxan dituzten proiektuen artean, Abinbev garagardo marka belgiarrarekin jorratzen ari direna nabarmendu du Otok. “Alkoholik gabeko garagardoan antioxidatzailea gehitzeko teknologia lantzen ari gara”. Kataluniako Bodegas Torres upategiarekin ere alkoholik gabe ardoa egiten ari dira, mahatsetik eratorritako antioxidatzailearekin eta D bitaminarekin. Hori gutxi balitz, Erresuma Batuko Better Nature enpresarekin landareekin egindako lehen arrain xerrak sortzen ari dira, eta Nucapsek mikroalgekin osatutako estraktoa erantsi du, dena kapsulatuz.
Espainia, Belgika, Suitza, Suedia, Kolonbia, Argentina eta Mexiko dira konpainia nafarraren nazioarteko merkatu garrantzitsuenak
Nafarroan ere Caramelos El Caserio enpresarekin lan egiten du Nucapsek, eta "goxoki funtzional gama bat" atera dute elkarlanean. Karamelu hauetako batzuk antioxidatzailez eta bitaminaz sortu dituzte, beste batzuk, berriz, bakteria probiotikoekin.
Ikusezin baina hedatzen
Hilabete honetan Estatu Batuetara iritsiko da Nucapsen teknologia, partikulak Kanadan ekoitzita. Japonian eta Txinan ere hainbat fabrikatzaileekin akordio batzuetara iritsi direla adierazi du zuzendariak. Era berean, egungo merkatuetan "egonkortu eta merkataritza nahiz salmenta sailak” handitu nahi dituzte. Ekoizpen planta berri bat eraikitzeko asmoa ere badutela aitortu du Otok. Ideia, printzipioz, Euskal Herrian irekitzea da.