Lup start-upak Mapfreren saria jaso duen unea | Argazkia: Spri

Ekinez

Lup start-up bizkaitarra saritu du Mapfre Fundazioak, mundu osoko 350 hautagairen artean

Ikuspegi murriztua eta irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei lupa teknologiko baten bidez laguntzen dien tresna sortu dute

Hiru unibertsitate ikaslek bultzatutako Lup izeneko start-upak Mapfre Fundazioak Gizarte Berrikuntzaren arloan banatutako sarietako bat lortu du, mundu osoko 350 hautagaien artean. Ikuspegi murriztua eta irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei lupa teknologiko baten bidez laguntzen dien tresna bat sortu dute, eta hori izan da saritua. Hala, irakurketa erraztu nahi diete adineko pertsonei, dislexia duten haurrei eta ikusmenean gaixotasunak edo galerak dituztenei, autonomia izan dezaten edozein testu motari aurre egiteko eta eguneroko jarduerak egiteko.

“Gailu teknologikoak ezagutzen ez dituztenentzat diseinatutako poltsiko adimentsuko lupa bat da; izan ere, klik bakar batean, testu bat bi segundotan baino gutxiagotan ahotsean eraldatzea lortzen du eta 30 hizkuntzatara baino gehiagotara itzultzea ahalbidetuko du”, jakinarazi dute sortzaileek.

Horri erabiltzaileari irakurketa errazten dion aplikazio mugikor bat gehitu behar zaio. Hala ere, logopedak, oftalmologoak eta optometristak bezalako adituek pazienteen tratamenduaren osagarri gisa erabil dezaten egokituta dagoela jakinarazi dute. “Erraz integra daiteke edozein egoitza, ikastetxe edo eguneko zentrotan, eta erabilgarri dago Android eta iOSentzat”.

Lupa ekoizpen fasean dago eta erreserba zerrenda irekita dago. Aurreikuspenen arabera, datorren irailean jarriko dute salgai.

Zitek izeneko EHUren Bizkaiko Campuseko ekintzailetzari laguntzeko programari esker sortu ahal izan dute Lup start-upa. Unibertsitate komunitateko kide izanik, negozio edo enpresa bat sortu nahi duten pertsona guztiei zuzenduta dagoen programa da.