Toribio Echevarria Sarien aurkezpena | Argazkia: BIC

Ekinez

Martxan da ekintzailetza berritzailea sustatzeko Toribio Echevarria Sarien 33. edizioa

Hautagaitzak aurkezteko epea maiatzaren 24ra arte egongo da irekita

Izaera zientifiko-teknologiko nabarmena duten Euskal Autonomia Erkidegoko start-upei eta enpresa proiektuei zuzendutako Toribio Echeverria Sarien 33. edizioa aurkeztu dute Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoa erakundeak. “Enpresa ekimen berriak bultzatzeko orduan Sariek duten eragina” nabarmendu nahi uzan dute aurkezpen ekitaldian.

Toribio Echevarria sariek bi kategoria nagusi dituztela azaldu dute, alde batetik, idea/enpresa proiektua, eta, bestetik, enpresa berria. Proposamen irabazleek 10.500 euroko diru saria jasoko dute, eta proiektu horiek garatzeko funtsezkoak diren laguntza-, finantzaketa-, aholkularitza-, mentoring- eta prestakuntza-programetan parte hartzeko aukera izango dute.

Horiez gain, sari bat dago nazioartekotze bidean laguntza behar duten enpresa ekimenetara bideratua eta beste bi sari berezi Eibarko Udalak ematen dituenak. Eibarko Enpresa eta Espezializazio Estrategikoa izenekoak dira Eibarko Udalak saritzen dituen kategoriak, herriko enpresa sare berritzaile eta lehiakorra garatzen laguntzea helburu dutenak. Bi sari horietako bakoitzak 10.500 euroko dotazioa du eta baita BIC Gipuzkoa erakundearen bidez formazio espezializatua jasotzeko aukera. Bi kasuetan, oinarriek ezartzen dute enpresa irabazleek egoitza Eibarren izan behar dutela edo Saria eman eta gehienez urtebeteko epean, herrian ezartzeko konpromisoa hartu behar dutela, gutxienez, bi urterako.  

Kategoria bakoitzean sartzeko baldintza eta kategoria oinarri guztiak www.toribioechevarria.com webgunean kontsulta daitezke. Hautagaitzak aurkezteko epea maiatzaren 24an amaituko da.