Miren Lauzirika EmakumeEkineko presidentea | Argazkia: EnpresaBIDEA

Ekinez

Miren Lauzirika: “Ekintzailetzan genero arrakala are handiagoa dela dioten frogak falta zaizkigu”

EmakumeEkineko presidenteak arrakala hori egiaztatzeko azterketa baten beharra aldarrikatu du, gaur-gaurkoz ez dagoelako ekintzailetzan genero ezberdintasuna neurtzen duen inolako dokumenturik. Hori neurtu eta ekintzailetzan berdintasuna lortu asmoz, Eusko Legebiltzarrean zenbait eskaera aurkeztu dituzte EmakumeEkinek eta beste hamabi elkartek

Hamar urte bete zituen martxoan EmakumeEkin sareak, Euskal Autonomia Erkidegoko emakume ekintzaileen eta enpresarien elkarteak, eta gaur dira euren urteurrena ospatzekoak. Denbora daramate emakume eta gizon ekintzaileen arteko genero arrakala soldatapekoena baino handiagoa dela salatuz, eta hamargarren urteurrenean izan dute Eusko Legebiltzarrean euren eskaeren berri emateko aukera. Hain zuzen ere, ekintzaileen arteko desberdintasun hori neurtzen duen azterlana aldarrikatu dute bertan, egun, oraindik ez delako egin euskal ekintzaileen arteko desberdintasun ekonomikoaren inguruko inongo azterketarik. EmakumeEkin sarearekin batera, ekintzailetza eta emakumeak lotzen dituzten beste hamabi elkarte izan dira aldarrikapena egiten. Miren Lauzirika sareko presidentea izan da eskaera horiek aurkeztu dituen emakume ekintzaileetako bat.

Hamar urte bete berri ditu EmakumeEkin sareak. Bertako presidentea zaren aldetik, nola definituko zenuke sarearen eginkizuna?

EmakumeEkin emakume ekintzaileen elkartea da, sare bat, Euskal Autonomia Erkidego mailan dagoena. Ekintzaile esaten dugunean norbere enpresa sortu duen emakumeaz ari gara. Ekintzailetzaren bidean zenbait barne eta kanpo oztopo hauteman ditugu, gehienbat genero ikuspegiari lotuta, eta horri aurre egiteko gunea da EmakumeEkin. Hausnarketa egin eta tresnak sortzen ditugu emakume ekintzaileen berdintasuna lortzeko.

Hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarrean izan berri zarete eta zenbait eskaera aurkeztu dituzue bertan emakumeen ekintzailetzarekin lotutako elkarte askoren izenean.

Pasaden azaroaren 14an manifestu bat aurkeztu genuen, azaroaren 19ko Emakume Ekintzaileen Nazioarteko Egunari begira, Euskal Autonomia Erkidegoan ekintzailetza eta emakumeak lotzen dituzten hamahiru elkarteren izenean. Horrekin batera, gutun batzuk bidali genizkien erakundeetako ordezkariei, Eusko Jaurlaritzako sailburu eta sailburuorde batzuei ez ezik, legebiltzarkideei ere bai. Hala, Legebiltzarreko batzorde batzuetan gure eskaerak aurkezteko baimena eskatu genuen, baiezkoa eman ziguten, eta orain izan gara lortu nahi ditugun horiek legebiltzarkideen aurrean eskatzen.

EmakumeEkin sarearen hausnarketarako une bat | Argazkia: EmakumeEkin

Eskaera horien artean dago ekintzailetzako desberdintasun ekonomikoa neurtzea. Izan ere, ez da ezagutzen zein den EAEko emakume ekintzaileen errealitate ekonomikoa gizon ekintzaileekin alderatuta. Nola da hori?

Soldata arrakala orokorrean neurtzen den bezala, norbere kontura lan egiten duten emakume eta gizon ekintzaileen arteko ezberdintasunak neurtzeko eskaera egin dugu, bai. Ikusi egin nahi dugu zenbateko aldea dagoen. EAEko soldata arrakalaren egoeraren diagnostikoaz bildutako datuen arabera, Erkidegoko soldata arrakala %19,5ekoa da, 6.331,55 eurokoa. Baina datu horiek besteren konturako langileei dagozkie, hau da, soldatapekoei. Zer gertatzen da orduan ekintzaileekin? Gure ustea da emakume eta gizonen arteko aldea nabarmenagoa dela arlo horretan, baina ekintzailetzan genero arrakala are handiagoa dela dioten frogak falta zaizkigu. Gaur gaurkoz, susmoa baino ez da, baina horren inguruko ikerketa bat egitea nahi dugu.

Espainian, adibidez, egin dira antzeko ikerketak.

Espainian estatu mailan osatu dute ekintzailetzaren genero arrakalari buruzko txosten bat, inkesta bidez egindakoa, eta hor bai ageri da soldatapekoen artean baino desberdintasun maila handiagoa dagoela ekintzaileen artean.

“Soldata arrakala orokorrean neurtzen den bezala, norbere kontura lan egiten duten emakume eta gizon ekintzaileen arteko ezberdintasunak neurtzeko eskaera egin dugu. Ikusi egin nahi dugu zenbateko aldea dagoen”

Global Entrepreneurship Monitor (GEM) izeneko beste txosten bat ere eratu dute, hainbat herrialdeetan enpresa jarduera neurtzen duena, eta enpresa bat martxan jarri duten emakume eta gizon kopuruaren artean alde handirik ez dagoela adierazi du azken txostenak, nahiko parekatua dagoela, alegia. Baina guk alde ekonomikoa ezagutu nahi dugu, eta horregatik eskatzen dugu Euskal Autonomia Erkidego mailan ere halako txosten bat burutzea.

Arrakala ekonomiko hori neurtzea ez da izan Eusko Legebiltzarrean aurkeztu duzuen eskaera bakarra, zaintzari eta laguntza publikoei lotuak ere egin dituzue.

Gaur egun ere, emakume eta gizonen arteko desberdintasun horren ondorioz, zaintzaren pisu gehiena emakumeak hartzen du. Berriro ere, soldatapekoek malgutasun handiagoa izan ohi dute, eta zaintzari lotuta ere eskubide batzuk dituzte. Ekintzailetzan ez dago halakorik. Enpresan lan gutxiago egiten duenak, diru sarrera gutxiago izango ditu, eta diru sarrera gutxiago izateak etorkizunera begira ere eragina izango du, pentsioak datozenean pobrezia maila altuagoa izango dutelako ekintzaileek. Zaintzari lotuta gehienbat emakumeak aritzen direnez, emakume ekintzaileak dira arlo horretan ere kaltetuen daudenak, zaintza karga handiagatik. Egoera hori zuzentzeko hainbat neurri hartzea nahiko genuke.

“Ekintzailetza oso bakartia izan liteke, eta are gehiago emakumeen kasuan”

Bestetik, laguntza publikoei lotutako eskaera bat ere egin dugu. Hainbat enpresari zuzendutako laguntza oro egon ohi dira, zenbait irizpideren arabera eskatu beharrekoak. Gure ustez, beharbada, nahi gabe, irizpide horien atzean aukera gutxiago dituzte emakumeek gizonek baino, izan enpresa tamainagatik, dituen langile kopuruagatik, zein beste arrazoiren batengatik. Arlo horretan ere azterketa bat egitea eskatzen dugu, argi ikus dezagun EAE mailan zenbat emakumek eta zenbat gizonek jasotzen dituzten laguntza horiek, eta jakin dezagun zeintzuk, zenbat, eta zergatik geratu diren laguntza horietatik kanpo.

Inolako erantzunik eman dizue Legebiltzarrak? Zein da eman beharreko hurrengo pausoa?

Itxarotea besterik ez daukagu. Egia da alderdi politikoen aldetik gaiaren inguruko interesa eta zerbait egiteko asmoa ikusi ditugula. Eta ez da gutxiagorako, egin ditugun eskaerak oso zentzuzkoak iruditzen zaizkigulako, giza eskubidea delako informazio hori izatea. Erakundeek hitzetatik ekintzetara pasa behar dute orain baina denok dugu egitekoren bat.

Zeintzuk lirateke norbere egiteko horiek?

Emakumeon balio handiaz jakitun izan behar dugu, orokorrean gizarte osoak,baina baita emakumeok ere. Oraindik barne lan handia ikusten dut egiteko arlo horretan. Bestetik, emakume ekintzaile batek bestearekin hitz egin eta gertatzen zaiona azaleratzeak asko laguntzen du aurrerapausoak ematen. Ondorioz, sareen beharra ere oso garrantzitsua dela uste dut, ekintzaileen artean indarra transmititu eta elkarrekin aurrera egiteko. Bestela, ekintzailetza oso bakartia izan liteke, eta are gehiago emakumeen kasuan.

Hamar urte bete berri ditu EmakumeEkinek eta emakume ekintzaileen aldeko borrokan indartsu jarraitzen duzue. Elkarteko presidente zaren aldetik, zer esango zenuke aldatu dela hamar urte hauetan?

Egia esan, EmakumeEkineko sorreratik izan naiz elkarteko kide eta gauzak pixkanaka aldatu egin direla esango nuke. Esaterako, aldea ikusten dut hedabideetan, emakumeen ikusgarritasuna nabarmen handitu delako, feminismoan aurrerapausoak eman direlako, eta emakumeen gizarteratzeak ere eragin bat izan duelako medioetan. Hausnarketa bat falta zen, eta orain mahai gainean dagoela uste dut, nahiz eta batzuetan kale egiten den. Orokorrean, ordea, kontzientzia maila handia dago.

Gauza bera gertatzen da jardunaldi eta hitzaldiekin ere, gero eta gehiago tartekatzen direlako gizonak eta emakumeak eta hitz egiten duten emakumeak gizonak beste izaten direlako gehienetan.

“Emakumeok ere gure balioaren kontzientzia hartu behar dugu, egiaz balio handia dugulako. Arlo horretan barne lan handia dugu egiteko”

Oraindik zer esango zenuke falta dela emakume ekintzaileen berdintasuna lortzeko bidean?

Alderdi batzuetan egoera ez da batere aldatu. Enpresa bat martxan jartzerako orduan, adibidez, oraindik ere gizonak izaten dira nagusi. Heziketan ere ikusten dut arazoa, emakume bezala ez digutelako irakatsi gu ere gai garela enpresa bat sortu edo halako gauza garrantzitsuak aurrera eramateko. Horregatik, halakoetan, barne eta kanpo arazo bat baino gehiago sortzen zaizkigu inguruan, ingurukoen gutxiespena ere jasotzeko beldurra izaten dugulako. Egia da halako kontuetan oraindik ez dugula behar bezainbeste aurrera egin, baina bidean gaude, eta esango nuke pixkanaka ari garela aldaketa horiek ikusten.

EmakumeEkinek beste hamar urte egiterako erronken artean kokatuko dugu hori, beraz.

Egia esan, poz izugarria emango lidake enpresen arduradun karguetan ere erabateko berdintasuna lortuko bagenu. Hemendik hamar urtera begira, ekintzailetzaren arrakala ekonomikoa desagertzea da nire desioa. Hori lortzeko, guk geuk, emakumeok ere gure balioaren kontzientzia hartu behar dugu, egiaz balio handia dugulako. Arlo horretan barne lan handia dugu egiteko.