Naru: teknologiaren garapena paziente onkologikoengandik ikasteko
Naru Healthcarek bilatzen du paziente onkologikoen gogobetetasuna, segurtasuna eta tratamenduen emaitza klinikoak hobetzea, adimen artifizialeko teknologia baten bitartez
Naru Healthcare enpresa gipuzkoarran adimen artifizialeko teknologia garatu dute, paziente guztiei gertatzen zaienetik ikasten duena. Hainbat helburu ditu teknologiak. Lehena, pazienteen emaitza klinikoak, haien pronostikoa eta bizitza kalitatea hobetzea; bigarrena, ospitaleetarako eta osasun sistemetarako kostuak murriztea. Horrekin batera, osasun arloko profesionalentzako lan karga gutxitzeko teknologia ere bada, eta industria farmazeutikoak Real World Evidence emaitzak lortzeko behar dituen baliabideak, denbora eta inbertsioa murriztea ahalbidetzen du. Izan ere, ahalbidetzen die ikustea pazienteen profilek tratamenduei nola erantzuten dieten eta tratamenduetan zehar konplikazio larriak garatzeko zer arrisku duten.
Eginiko lanak, baina, bestelako fruituak ere eman ditu. Enpresak garatutako Step Oncology tresna teknologikoak Roche Farma Espainiak sustatutako Startup Creasphere sari garrantzitsua eskuratu du. Sari horrek berrikuntza eta teknologia proiektuak aitortzen ditu, zeinak osasun sistemaren eraldaketa bilatzen duten. Aurtengo edizioan, Naruren tresna saritu dute minbiziaren tratamenduan gaixoen bizi kalitatea hobetzeko eta ospitaleetako konplikazioak murrizteko egindako lanagatik, adimen artifiziala erabilita. “Guretzat aitorpen garrantzitsua da, industria farmazeutikoak aintzat hartzen duen sektorearen funtsezko behar bati erantzuten diogularen isla”, adierazi du Eider Sanchezek, Naruko zuzendari nagusiak eta sortzaileetako batek.
Paziente onkologikoei bideratutako proiektu ekintzailea
2016ko erdialdean hasi zen Naruren proiektu ekintzailea, eta 2017an S.L. bihurtu zen. Orduan, Step Oncology ere sortu zuten, paziente onkologikoen emaitza klinikoak eta bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin. Izan ere, lehen pertsonan ezagutzen zituzten tratamendu onkologikoetan izaten dituzten zailtasunak eta prozesuan sor daitezkeen konplikazio larriak. Horregatik, paziente guztiak ahaldundu nahi zituzten ezagutza kolektiboaren sortzaile izan zitezen, etorkizuneko pazienteei egungoen konplikazio larriak saihesteko aukera eman, eta hasieratik osasun arreta pertsonalizatua izateko.
Naru etengabe garatzen ari da osasun sistemarako irtenbide berritzaileak eskaintzeko. “Gure foku nagusia onkologian dago, nahiz eta etorkizunean gure teknologia beste patologia batzuetara zabaltzeko asmoa dugun, esate baterako, neurologiara”, dio. Gauzak horrela, Step Oncology tresnak ahalbidetzen du erabaki estrategiko zehatzagoak hartzea. Datu klinikoen kudeaketa eraldatu dezake, ospitaleekin zuzenean konektatuta, aukera ematen baitu pazienteen jarraipena modu adimentsuan egiteko. Dagoeneko, enpresak praktikan jarri du bere teknologia hainbat ospitaletan, eta minbiziaren tratamenduari buruzko ezagutzaren azelerazioan dihardute lanean.
Paziente guztiak ahaldundu nahi zituzten ezagutza kolektiboaren sortzaile izan zitezen, etorkizuneko pazienteei egungoen konplikazio larriak saihesteko aukera eman, eta hasieratik osasun arreta pertsonalizatua izateko
Gainera, ospitaleetako harrera oso ona izaten ari da, emaitza onak izaten ari baitira. Duela urte batzuetatik hona, sistema intuitibo bat garatzen eta balidatzen aritu dira, paziente gazte zein helduak erabiltzen ari direna. Sistemak ez du aurretiazko prestakuntzarik behar erabili ahal izateko, eta 80 urteko pazienteak ere gai izan dira sistema lehen aldiz behar bezala erabiltzeko. “Pazienteen eta hori erabili duten osasun profesionalen gogobetetasuna oso handia da, A mailako emaitzekin, eta erabiltzaileen %100ek gomendatzen dute”, nabarmendu du Sanchezek
Aiatech: adimen artifiziala oinarri
Narun Aiatech izeneko teknologia garatu dute, paziente guztiei gertatzen zaienetik ikasteko gai den adimen artifizialeko plataforma. Ikasketa automatiko hori paziente-populazio handiekin, eta ospitale eta osasun sistema askotarikoekin egiteko gai da, eta aldi berean egungo arazo nagusietako bat konpontzen du: ospitaleek datuak elkarren artean partekatzeko beharrik ez dago, eta, hortaz, datuen pribatutasunari dagokionez, oso teknologia berritzailea da.
Aiatech teknologiaz gain, arestian aipaturiko Step Oncology tresna ere badute, software eta adimen artifizialeko tresna sorta zehazki, pazienteak ospitaletik kanpo daudenean monitorizatzea ahalbidetzen duena, informazio klinikoa haiek emandako informazioarekin integratuz. Horrek errazten du pazienteen gogobetetasuna, segurtasuna eta tratamenduen emaitza klinikoak hobetzea, baita konplikazio larriak murriztea. Era berean, azkartu egiten dute pazienteei arreta kliniko hobea ematea ahalbidetzen duen populazioa emaitzen eta sistema prediktiboen sorrera azkartzen dute.
Egungo arazo nagusietako bat konpontzen du: ospitaleek datuak elkarren artean partekatzeko beharrik ez dago, eta, hortaz, datuen pribatutasunari dagokionez, oso teknologia berritzailea da
Proiektuaren soluzio teknologikoan adimen artifizialak berebiziko garrantzia du. Izan ere, paziente guztiengandik ikastea ahalbidetzen duen teknologiaren oinarria da, eta ikasketa kolektibo hori lagungarria izan daiteke hainbat gauzetarako: pazienteen osasun arreta hobetzeko; larrialdietara bisitak, konplikazio larriak eta ospitaleratzeak murrizteko; eta pazienteekin pronostikoa, bizi kalitatea eta emaitza klinikoak hobetzeko.
3,5 milioi euroko inbertsio errondaren bila
Horrelako proiektu bat aurrera eramateko finantzaketa funtsezko alderdia da. Ildo horretan, Naruk hainbat bazkide eta kolaboratzaileen babesa jaso du, publikoak zein pribatuak, urte hauetan beharrezko finantziazioa izatea ahalbidetu dietenak. Sanchezek dioenez, gaur egun 3,5 milioi euroko inbertsio erronda bilatzen ari dira, merkatuan eta taldean hazteko.
Hurrengo proiektuari dagokionez, beren etxeetatik pazienteak monitorizatu ditzaketen proiektuetan zentratzen ari dira, emaitzak hobetzeko eta konplikazio larriak edo horiek inpaktuak murrizten laguntzeko.
Epe ertainera, aldiz, haien helburua Europan haztea da, eta, gero, nazioartean
Gaur egun, dagoeneko 26 ekimen garatu dituzte, Europako 4 herrialdetako 50 ospitaletan baino gehiagotan, eta milioi bat paziente baino gehiagorekin. Haien bezeroak ospitaleak dira, publikoak zein pribatuak, eta industria farmazeutikoa. Epe ertainera, aldiz, haien helburua Europan haztea da, eta, gero, nazioartean.