Yuiten janari barra | Argazkia: Yuit

Ereduak

Osagai naturalekin ondutako janari azkarra

Janaria hauts eta barretan saltzen duen Bilboko enpresa da Yuit. Egungo bizi erritmora egokitu ahal izateko eta elikagai osasuntsuak dastatzeko behar den denbora eta prestakuntza falta dela eta, hauek azkar prestatzeko modua aurkitu du enpresak, osagai naturalekin sortutako errezetari esker

Egungo bizi erritmoak, lan ordutegiek eta bestelako zereginek azkar eta modu desegokian jatera eramaten du jendea, ordu tarteetan behar bezala prestatu edo kozinatu gabeko elikagaiak dastatu eta finean, nahiko genukeena baino modu desorekatuagoan elikatzen da bizitza aktiboa daraman edonor. Ondo jateak aurretik prestakuntza bat dakar, zer jan pentsatzeaz gain, erosi eta kozinatzeko plangintza oso bat, denbora eskaini behar zaiona, eta sarritan, asti nahikorik ez da aurkitzen egunerokoan. Egoera honetaz jabeturik sortu zuten Yuit proiektua Mireia Muñiz eta Iñaki Gonzalezek, eurak zeramaten bizitza erritmoa ere ez baitzen bateragarria eginkizun guzti horiekin.

“Janari osasuntsua ziztu bizian prestatu eta jateko modua aurkitu nahi izan genuen eta ikertzen hasi ginen”, azaldu du Muñizek. Modu honetara, antzeman zituzten nazioartean bazirela hainbat alternatiba, jatearen plazerarekin lotuta baino, modu osasuntsu eta azkarrean, edozein une eta lekutan jateko ideiarekin. “Probatzerakoan ohartu ginen zapore eta testura aldetik hobetzeko asko zutela eta nolabait janariaz gozatzeko minimo bat eskaini beharra zegoela”.

Mireia Muñiz: Orain merkatuan oso ondo kokatuta gaudela esango nuke eta egin ditugun dastaketetan beti aukeratzen gaituzte”

Hobetzeko marjina zegoela ikusita jarri ziren produktu propio bat sortzeko lanetan eta horren emaitza da Yuit. Egun, zapore askotariko janari barra eta hautsak saltzen dituzte, osagai natural eta elikagai osasuntsuekin eginik. “Orain merkatuan oso ondo kokatuta gaudela esango nuke eta egin ditugun dastaketetan beti aukeratzen gaituzte”.

Barrak eta hautsak

Produktua ondu ahal izateko ekoizpen prozesua bi zatitan banatzen dutela azaldu du Yuiteko arduradunak. Alde batetik, elikagaiak sortzeko teknologia garapena dago, eta horretarako Azti zentro teknologikoaren dihardute lanean. “Zapore eta testura on bat lortzeko sekulako I+G lana egin behar izan dugu, urte eta erdi egon ginen lanean oso konplexua baita errezeta aldetik”. Produkzioari dagokionez ostera, ez da batere konplikatua Muñizen hitzetan, “irinarekin nahasketa bat egitean datza, benetako balioa duena elikadura aldetik orekatua den formula aurkitzea da eta benetan goxoa egotea, hori da benetako erronka”.

Mireia Muñiz: “Zapore eta testura on bat lortzeko sekulako I+G lana egin behar izan dugu, urte eta erdi egon ginen lanean oso konplexua baita errezeta aldetik”

Iaz merkaturatu zuen Yuitek lehen produktu gama: janari hautsa, eta otsailean merkaturatu dituzte Yuit Bars izeneko bigarren produktu mota, supermerkatuetan aurki daitezkeen janari barrekin zerikusirik ez dutenak Muñizen arabera, “beste kontzeptu bat da”. Hala, apirilean crowfounding kanpaina ireki zuten proiektuaren publizitate eta marketinerako finantzazioa eskuratzeko, eta ekainerako ezarritako helburuak bikoiztea lortu zuten.

Argazkia: Yuit

Bizitza aktiboa daramatenei zuzenduta

“Formularekin sortutako zapore gertukoena lortzeko gure gomendioa bi koilarakada  500ml ko urarekin nahastea izango litzake. Dena den, jendeak gauza berriak egiten dituela ohartu gara eta batzuk olo-esnea erabiltzen dute edota belar edariak”, dio Yuiteko arduradunak. Hasiera batean, 25 eta 55 urte arteko pertsonei zuzendutako produktua izateko ideiarekin jaio zen, “bizitza aktiboa daraman jendea, bulegoan lan egin, eguerdietan modu azkarrean jatea nahiago duena”. Dena den, askotariko bezeroak ailegatu zaizkiela dio Muñizek, besteak beste, pertsona zaharrak, kirola praktikatzen dutenak edota unibertsitate ikasleak.

Mireia Muñiz: “Jendeak janari hautsa kontsumitzeari errezeloa dio eta esperientzia txarrak izan ditu beste produktu batzuekin”

Crowfoundinga egitean hilero 20.000 euro fakturatzea aurreikusi zuten eta 2023 osoan 200.000 euroko langa gainditzea dute helburu. “Publizitatea egiten maiatzean hasi gara, baina oraingoz aurreikuspenak gainditzen ari gara eta oso pozik gaude” kontatu du Muñizek. Kontuan hartu beharra dago gainera, jendea horrelako janari motaren aurrean nahiko mesfidatia dela. “Jendeak janari hautsa kontsumitzeari errezeloa dio eta esperientzia txarrak izan ditu beste produktu batzuekin. Hori dela eta ere egin genuen barra formako produktua ere”.

Alemaniako merkatuari begira

Gehien bat web orri bidez saltzen ditu produktuak Yuitek, nahiz eta interesa duen orok Bilbon duten bulegora gerturatu eta bertan erosteko aukera izan. Etorkizun ez oso urrun batean, produktua dendetan saltzea gustatuko litzaieke, baita lantaldea handitu ere (egun sei langile dira). Aurtengo iraila edo urria finantzazio erronda bat egingo dute, eta honekin Alemaniako merkatuan sartzea izango dute helburu Muñizen arabera: “Alemanian askoz barneratuagoa dute elikagaiak kontsumitzeko era hau, eta dastaketetan oso harrera ona jaso dugunez, merkatu horretan asko dugula esateko uste dugu”, bukatu du.