Pedro Muñoz-Baroja: "Gure ekintzailetza ekosistema gaztea da eta denbora behar du hobetzeko"
Lurraldean balio handiko enpresa nahiz proiektuak izateko arrisku kapitaleko funts pribatuen egitekoa aldarrikatu du Muñoz-Barojak. BerriUp start-upen azeleragailua sortu zuen orain ia hamar urte eta Easo Ventures inbertsio funts pribatuaren bitartez, enpresa berritzaileei finantzazioa eta aholkularitza eskaintzen die
Ia hogei urte industria munduan lan egin ostean, Pedro Muñoz-Baroja ekintzailetza esparruan sartu zen buru-belarri. 2015ean, Euskal Herriko lehen start-up azeleragailu pribatua sortu zuen, BerriUp izenekoa. 2018an, Easo Ventures arrisku kapitaleko funts pribatuaren sorreran parte hartu zuen, eta orain Stellum Capital proiektuan ere murgilduta dabil. Gure lurraldean ekintzailetza ekosistema gaztea dugula dio. Punta-puntako teknologia garatzen duten ekintzaile eta proiektuak ditugu bere esanetan, dena den, inbertsioa hemengo diruarekin egitea funtsezkoa dela uste du, lurraldeko enpresak mantendu eta atzerrikoak erakartzeko.
BerriUp eta Easo Ventures egitasmoen sortzailea zara zu. Industria mundutik etorrita, ekintzailetza arloan sartu zinen. Nolatan eman zenuen urrats hori?
Hau guztia 2014an hasten da. Ni industria mundutik nentorren eta start-up azeleragailu bat sortzea erabaki nuen, BerriUp izenekoa. Azeleragailua 2015ean jarri zen abian, ekintzaileei, euren hasierako faseetan, laguntzeko asmoz, hau da, kasik proiektuaren lehen power pointarekin laguntzeko. Izan ere, ekintzaileek euren ideia eta proiektuaren lehen urratsak emateko zailtasun asko zituztela ikusten genuen. Metodologia zehatz bat duen lau hilabeteko programarekin ekintzaileei laguntzen genien, eta inbertsio txiki bat egiten genuen proiektuotan, mentore sare baten laguntzarekin. Hauek, beren esperientzia baliatuz, aholkuak ematen zizkieten ekintzaileei, arlo finantzario, legal, enpresarial, estrategiko edo nazioartekoan, besteak beste.
Orduan, konturatu ginen Euskal Herrian ez zegoela venture capital funts pribaturik, hots, start-upen lehen faseetan finantzazioa jartzen zuen funtsik. Business angels deritzon inbertsore partikularrak besterik ez zeuden. Proiektuek aurrera egin ahala, inbertsio handiagoak behar izaten dituzte (200.000-500.000 eurokoak), eta venture capital batek jarri ohi du diru hori.
Baziren pare bat funts publiko, baina pribaturik ez zegoen, eta Espainiako estatuan 35-40 bat zeuden. Hala, start-upek lehen bezeroak lortzen hasi eta inbertsio handiagoa behar zutenean, Madrilera edo Bartzelonara joan behar zuten inbertsore bila. Horrek zentzu gutxi zuela uste genuen, EAEn diru asko baitago, eta bera, 2018an Easo Ventures sortu genuen, Euskal Herriko lehen venture capital funts pribatua. Sei urte daramatzagu, eta lurraldean inbertitzeaz gain, kanpoan ere egiten dugu.
"Start-upek lehen bezeroak lortzen hasi eta inbertsio handiagoa behar zutenean, Madrilera edo Bartzelonara joan behar zuten inbertsore bila. Horrek zentzu gutxi zuela uste genuen, EAEn diru asko baitago"
Lurraldeko enpresa hasi berrietan egindako inbertsioa hemengo diruarekin egiteari garrantzi handia ematen diozue?
Ekintzailetzaren ekosisteman, inbertsioaren adarra oso garrantzitsua da. Adar hori beharrezkoa da, bestela sistema oso ahula litzateke. Ekintzailetza eta talentua eduki dezakezu, baita instituzio publikoen bultzada ere, baina azkenean inbertsioa beharko duzu. Beraz, zure ekosisteman tokiko inbertsioa ez baduzu, ekosistema hori makala izango da. Arriskua zera da, enpresek inbertsioa Madrilen edo Estatu Batuetan aurkitzen badute, enpresak lekualdatzearen tentazioa dagoela. Euskal Herrian proiektu interesgarri bat baldin badago, logikoena hemen inbertsio tresnak eskuragarri izatea da, atzerrira joan beharrik gabe.
Honek nolabait enpresen errotzea bermatu dezake.
Ez duzu mugatzen, baina enpresak hemen geratzea bultzatzen duzu, eta beste kasu batzuetan, atzerriko enpresak hona etortzea eragin dezakezu. Ekosistema hau gurpil bat bezalakoa da, zuk ekintzaile batzuk inbertsio bidez babesten badituzu eta hauek etorkizunean arrakasta izanda, desinbertsio bat egiten badute, litekeena da diru hori lurraldean inbertitu nahi izatea, inbertsio tresna hauen bidez.
Diru bat sortzen duzu inbertsio funts hauetara bideratzen dena, hauek beste proiektu batzuetan inbertitzeko eta diru gehiago sortzeko. Honek aberastasuna sortzen du lurraldean eta gurpil honetan dirua ez da inora joaten. Hemen zoritxarrez industria enpresa ugari atzerriko enpresek erosi dituzte. Enpresa saldu duten enpresariek ez zituzten inbertsio tresnak aurkitzen lurraldean, dirua hemen berrinbertitzeko. Askok diote lurraldeari itzuli nahi diotela honek emandakoa, baina askotan ez zuten hori gauzatzeko baliabiderik.
Hori dela eta, Easo Venturesekin tokiko inbertsore asko lortu genituen, Londresen edo Suedian dirua gordeta zutenak. Suediako funts batean inbertitu duten euskaldunak dira, eta gero funts suediar horrek, diru horrekin, Euskal Herriko enpresak erosi ditzake. Kuriosoa da.
"Ekosistema hau gurpil bat bezalakoa da, zuk ekintzaile batzuk inbertsio bidez babesten badituzu eta hauek etorkizunean arrakasta izanda, desinbertsio bat egiten badute, litekeena da diru hori lurraldean inbertitu nahi izatea"
Nola ikusten duzu egun gure ekintzailetza ekosistema?
Ekosistema gaztea da, eta denbora behar du mekanismoek funtziona dezaten. Dena den, osagai egokiak biltzen ari da ekosistema indartsu bat bihurtzeko. Proiektu oso interesgarriak dituzten ekintzaileak daude, teknologia aurreratuak garatu dituztenak eta instituzioen partetik babes handia dago dirulaguntza eta inbertsioa aldetik. Proiektua babesteko inbertsio industria badago hortaz, baina ekosistema gaztea da, eta borobiltzea falta da. Hobetu beharra dago, baino ez erabaki txarrak hartu direlako, ekosistema hauek denbora behar dutelako baizik.
Zure ustez, zeintzuk dira egun start-upek eta enpresa berriek dituzten zailtasuna handienak?
Ekintzailetzaren kulturak oraindik eboluzionatu beharra du. Badira hainbat esperientzia, dinamika eta kontzeptu hemen oraindik ez direnak asko ezagutzen. Ekintzaile estatubatuarrarekin alderatzen bagara, azkenean hauek izan ziren honetan lehenegoak, ezagutza handiagoak dituzte proiektu bat abian jartzerako orduan, eman beharreko lehen urratsak zehazterakoan edota, finantzazioaren eta bezerorako sarbidearen enfokean.
Hemen oraindik ekintzaile oso teknologikoarekin aurkitzen gara. Berrikuntza eta teknologia gaitasun handiekin, baina enpresa bat sortzeko behar den ezagutza gutxirekin. Ez dakite estrategia komertzial bat nola garatu, euren teknologia merkatuetan nola balioztatu edota finantzazio eta inbertsio estrategia bat nola gauzatu.
"Hemen oraindik ekintzaile oso teknologikoarekin aurkitzen gara. Berrikuntza eta teknologia gaitasun handiekin, baina enpresa bat sortzeko behar den ezagutza gutxirekin"
Easo Venturesen zer proiektu mota bilatzen duzue?
Multisektorialak gara gu, hau da, edozein sektoretan inbertitu dezakegu. Hori bai, hazteko potentziala duten konpainietan inbertitzen dugu. Teknologia, zerbitzu eta negozio modelo berritzailea izan behar dute. Lagun batekin enpresa txiki bat sortu eta hemendik bost urtera 400.000 euro fakturatu eta 80.000 irabazi nahi baldin badituzu, guk ez dugu hor inbertituko. Guk inbertitzen dugun enpresetan, gauzak ondo eginez gero, balioa erantsia sortu nahi dugu, kontratazioari dagokionez adibidez. Era berean, pertsonengan ere inbertitzen dugu, azkenean hauek baitira garrantzitsuenak.
Gaur egun zenbat enpresarekin egiten duzue lan?
2018tik 72 konpainiatan inbertitu dugu, eta %50 inguru hemengoak dira.
BerriUpera bueltatuz, sortu zenuenetik gaur arte zer bilakaera izan du proiektuak?
Datorren urtean hamar urte egingo ditugu, eta orain gutxi Financial Timesen argitaratu zen Europako hamazazpigarren start-up azeleragailu onena garela, Lanzadera (Juan Roig-ena Valentzian) bezalako programen aurretik. Postu honetan gaude ekintzaileen balorazioagatik, mentoreengatik eta ematen diegun aholkularitzagatik. Harro egoteko modukoa da. Estatu mailan start-up azeleragailu pribatuetan lehenengoak gara.
Proiektuak orain hamar urteko filosofia berarekin jarraitzen du, ekintzailetzan lagunduz. Hainbat eragilerekin egitasmo desberdinak egin ditugu, Gasteizko Udalarekin edo Nafarroako Rural Kutxarekin, besteak beste. Orain Kutxa Fundazioarekin gabiltza lanean.
Hamar urte hauetan nabaritu al duzu aldaketarik start-upen munduan?
Bilakaera bat eman da. Hasi ginenean, ekintzailetzaren pisu handiena erakunde publikoek zuten. Eta hori oso ondo dago, baino alderdi pribatuaren partetik inplikazio gehiago behar genuen. Ez zegoen ekintzailetza bultzatzen zuen ekimen pribaturik. Hau pixkanaka hazten joan da eta geroz eta interes gehiago dago. Era berean, geroz eta eragile gehiago daude, eta euren arteko koordinazioa areagotzen ari da.
"Bilakaera bat eman da start-upen munduan. Hasi ginenean, ekintzailetzaren pisu handiena erakunde publikoek zuten"
Stellum Capital arrisku kapitaleko beste funts pribatu bat da. Zu ere bertan zaude sartuta.
BerriUp sortuta, Easo Ventures eratzeko beharra ikusi genuen, eta Easo Venturesen lanean, start-upak aparte, enpresa txiki eta ertainak gerturatzen zitzaizkigula ohartu ginen. Hauek finantzazio premia handiagoak dituzte eta kudeaketa desberdina da, beste maila batekoa, private equity deitzen zaiona, egonkortuago dauden enpresei bideratuta.
Euskal Herrian ez zegoen private equity oso garatu bat. Stellum-ek EAEn eta Nafarroan soilik inbertitzen du. Gainera, elikagaien sektoreko enpresentzako funts pribatua ere sortu genuen, hemen oso onak baikara gastronomian. Beraz, Stellum Growth sortu genuen enpresa txiki eta ertainentzat eta Stellum Food and Tech elikagaien sektorerako. Stellum Capital da funts hauen kudeatzailea, eta Easo Ventures ere talde honen barruan dago. Halaber, Stellum Capitalen atzean Artizarra Fundazioa dago.
BerriUp, Easo Ventures, Stellum… zein da hurrengo urratsa? Merkatuaren premiek esango dute?
Hemen, finean, azken helburua lurraldean balio handiko enpresak izatea eta gure seme-alabek hemen lan egiteko aukera edukitzea da, enpresa indartsuetan, teknologia aurreratua dutenetan jardun dezaten. Ez dugu Madrilera edo Berlinera joatea nahi, hemen aukerak izatea nahi dugu. Hori lortzeko beste funts batzuk sortu behar badira, egingo dugu.