Ekinez
Unai Sardon: “Eskalada fase batean dauden ekintzaileak nahi ditugu”
Start-upei laguntzeko venture programan "ekintzaileekin batera" lan egiteko asmoa nabarmendu du Eroskiko Open Innovation managerrak
Start-upak erakartzeko eta sektoreko erronkei aurre egiteko helburuarekin ekin dio Eroskik haren Venture Program egitasmoari. Uztailaren 17ra arte dago irekita izena emateko epea, eta ekintzaileak erakarri nahi ditu sektoreko erronkei aurre egin ahal izateko. Egitasmo honekin, beraz, Eroskik bat egin nahi du negozio eredu berritzaileekin, lantalde bateratu bat osatzeko. Lantalde horren inguruan aritu da, hain zuzen, Eroskiko Open Innovator managerra den Unai Sardon. Programaren gakoak xehatu nahi izan ditu, eta honakoa lortzeko berrikuntza zein elkarreragina izan ditu gako-hitz solasaldian.
Zer dela eta gauzatu duzue Venture Program egitasmoa?
Eroski haren historiako 60 urteetan zehar egon da etengabe eraberritzen. Hala ere, orain dela urte batzuk berrikuntza prozesuetan aurrerapausoa eman dugu, eta ekintzaileen alde jarri gara, batez ere start-up enpresa izaera eredu duten horietan. Aipaturikoek hazteko tarte izugarria dute, batik bat teknologia berriak badituzte oinarri. Horrela, eboluzio prozesu horretan eragina izan nahi dugu, eta Venture Programa, kaleratu dugu, Eroskiren zein ekintzaileen indarguneak batzeko.
Zer dela eta da berritzailea?
Normalean ekintzaileak laguntzeko programak publikoak izaten dira, eta ez gaude hain ohituta halako programak enpresa handiek gauzatzea. Hori dela eta da berritzailea Eroski Venture Program, Eroski bezalako enpresa handi batek dituen jakintza zein baliabideak ekintzaileen esku uzten dituelako. Gehienetan, azelerazio zein inkubazio programak izaten dira nagusi gaurkotasunean, ekintzaileen ideia jakina bideratzea eta balekoa dela frogatzen dituztenak. Horiek aplikazio prozesuan laguntzen dute, baina gureak batera lan egitea du helburu nagusi. Eroskiren esperientzia ekintzaileari uzten zaio, baita aktibo fisikoak ere: biltegiak, aktibo digitalak, dendak eta abar. Lehiakortasun abantaila horiek aprobetxatu nahi ditugu start-up berri horien mesedetan, negozio eredu berritzaileak eratzeko xedearekin.
Eroskiren eta ekintzaileen arteko elkarreragina sortzea duzue helburu, beraz.
Hori da. Eroski ez da enpresa berri horien bezero izango, baizik eta laguntzaile bezala. Bestelako egitasmoekin alderatuta duen berezitasuna lan harreman hori sortzea da. Gure modeloa Venture Building korporatibo batera hurbiltzen da, ekintzaileekin batera zerotik zerbait berria eratuz. Bion arteko gaitasunak bat egitea nahi dugu.
"Start-up jakin batzuen profila zehaztuta dugu, bai. Ez dira graduatu berriak izango negozioa martxan jartzeko hautua egiten ari direnak; jada merkatuaren nahiak asetzen dituzten profilak nahi ditugu"
Ekintzaile profil jakin bat bilatzen duzue?
Start-up jakin batzuen profila zehaztuta dugu, bai. Ez dira graduatu berriak izango negozioa martxan jartzeko hautua egiten ari direnak; jada merkatuaren nahiak asetzen dituzten profilak nahi ditugu. Hala ere, oraindik hazkunde tarte handia duten enpresak izango dira, azken produktua finkatu gabe dituztenak. Eskalada fase batean murgildurik dauden ekintzaileak nahi ditugu, gure laguntzaz baliatu daitezkeenak, eta baita gu haien ideia berrietatik elikatu ere.
Zelan gauzatuko duzue egitasmoa?
Kolaborazio marko espezifikoa ezarriko dugu uztaila eta abendu bitartean, behin izen-emate epea bukatutakoan. Denbora tarte horretan, Eroskiren eta ekintzaileen arteko lan egiteko forma bizia eta arina aurkeztuko genuke, kasuan kasuko ekintzaileen beharretan espezializatua. Hori bai, ez dugu nahi gure programa formazio edo tutoretza erako sistema bilakatzea. Uste dugu ez garela inor halako ekintzaileen lanean eragiteko, gaitasun propioak dituztelako. Are gehiago, horietaz baliatu nahi dugu Eroskiren indarguneak laguntza gisa eskainiz. Berdintasun marko batean lan egin nahi dugu haiekin.
Negozio eredu ezberdina izango da start-up bakoitzari moldatuta?
Hainbat argudio estrategiko aurkeztuko ditugu negozio eredu bakoitzaren mesedetan. Lehenik, ekintzailearen proiektua testuinguruan jarriko dugu, bezeroak zeintzuk diren finkatzeko eta produktua bera sendotzeko. Era berean, start-up jakinaren indarguneak zein ahuleziak finkatuko ditugu, ostera kuantifikaziora igarotzeko, emaitzak lortzea ahalbidetzera. Eroski Venture Program egitasmoa emaitza positiboak lortzera bideratuta dago erabat. Horrela, ekintzaileekin salmenta berriak lortu nahi dira, etekin berriak. Merkatuaren tamaina finkatu nahi dugu, start-upentzat hoberena dena, eta hortik abiatuta estrategiak bideratu.
"Bost urtera begirako negozioa bideratu nahi dugu, business case bat prestatu"
Epe luzera, zer nolako erremintak eskainiko dizkiezue start-upei?
Bost urtera begirako negozioa bideratu nahi dugu, business case bat prestatu. Hala diru-sarreraren zein gastuen egitura modu errealago baten modelatu ahal izango dugu. Era berean, kontzeptu horiek guztiak balioztatzea ere dugu helburu, beraz, bezeroekin zein kontsumitzaileekin elkarrizketak prestatuko dira, merkatuan posizionamendua hobetzeko. Unean uneko negozioak merkatuan tartea dutela balioztatu nahi da horrekin, izaera erreal bat ahalbidetuz une oro.
Behin prozesua bukatuta, ‘Demo Day’ bat ospatuko duzue.
Emaitzen aurkezpen bat gauzatuko da negozio eredua laburbiltzeko, Demo Day gisako formatuan. Barne ekitaldi bat izan daiteke, soilik Eroski bezala proiektua bideratu nahi badugu ekintzaileekin batera. Bestela, kanpo izaera ere izan dezake, bestelako instituzio batzuentzako interesgarria izan daitekeena. Hori horrela, lan egiteko aproposak izan daitezkeen harremanak sortzeko ekitaldi publikoago bat gauzatuko genuke. Dena dela, aurkezpen egun hori aurretik egindako lan bateratuaren emaitza baino ez da izango.