Atzo Donostian egindako aurkezpenaren irudi bat | Argazkia: KoopFabrika

Ekinez

Urtarrilaren 28an hasiko da KoopFabrikaren Ekintzailetza Kooperatibako Eskolaren 9. edizioa

Donostiako Egia auzoko Teila Fabrikan egingo da bost formazio saioz eta bi bidelaguntza kolektiboz osatutako eskola. 2017ko lehen ediziotik 725 pertsonek parte hartu dute egitasmoan

Proiektu ekonomiko kooperatibo nahiz komunitarioak martxan jartzen laguntzeko KoopFabrikaren eskola 2025eko urtarrilaren 28an hasiko da. Donostiako Egia auzoan kokatuta dagoen Teila Fabrikan egingo dute egitasmoaren bederatzigarren edizioa, eta dagoeneko bertan parte hartzeko izen ematea zabalik da, KoopFabrikaren webgunean.

2017an egin zen eskolaren lehen edizioa, eta, ordutik, 725 pertsonek parte hartu eta 75 proiektu sortu dira, kooperatibak eta elkarteak nagusiki. Atzo egin zuten eskolaren edizio berriko aurkezpena eta Koopfabrikatik abiatu diren bi proiektu ezagutzeko parada izan zuten bertaratutakoek.

Alde batetik, Saioa Royo JantzizLab-eko bazkidea izan zen. Kooperatiba honek arte eszenikoekin lotutako jantziak egiten ditu. Bere esanetan, KoopFabrikak "errealitatera" ekarri du kooperatiba: “Bost kide gara eta barne araudi bat nola egin oso garrantzitsua da guretzat, administrazioan zein bide hartu behar diren eta ‘excel’ horiek guztiak nola egin, diru-sarrerak, gastuak... Konturatu gara kooperatiba bat izateko jaio dela talde hau, estruktura onena dela, benetan berdintasunean egingo dugulako lan”, nabarmendu du.

Bestetik, Mazedonia diseinu estudioko Gorka Sanchez ere izan zen aurkezpenean, eta azaldu zuen KoopFabrikak formakuntza teoriko "oso sakona" eskaini diola, eta bidelaguntzak formakuntza teorikoaren lurreratze praktiko bat ematen duela. "Barne antolakuntzarako tresna asko jaso genituen, altxortegia antolatzeko, barne araudia, estatutuak formulatzeko... prozesu hori guztia hasieratik amaierara eramaten lagundu ziguten”.

2017an egin zen eskolaren lehen edizioa, eta, ordutik, 725 pertsonek parte hartu eta 75 proiektu sortu dira, kooperatibak eta elkarteak nagusiki

Aurtengo edizioa bost formazio saioz eta bi bidelaguntza kolektiboz osatuta egongo da. Formazio saioetan honako gai hauek landuko dira: ESE eta kooperatibismoa; ekonomia feminista eta antiarrazista; komunitatea eta lurralde eraldaketa; lan arloa eta administrazioa eta iraunkortasun ekonomikoa eta finantzazioa. Saioak arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara egingo dira. Behin bost saio horiek amaituta, martxoaren 11n eta 25ean egingo dira bi bidelaguntza kolektiboak.

KoopFabrikak ohar bidez azaldu duenez, aurtengo edizioa murriztuagoa izango da, ez baitute Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesik izango. Olatukoop, Gezki (EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) eta Lanki (Mondragon Unibertsitateko Kooperatibismoaren Ikertegia) erakundeen lankidetzari esker egingo dute aurtengo edizioa.