Zabalik da Donostiako Zinemaldiko Start-up Challengen izena emateko epea
Europako ekintzaile eta start-upei zuzendutako deialdia ekainaren 1era arte egongo da zabalik
Donostiako Zinemaldiak ‘Zinemaldia Start-up Challenge’en bosgarren deialdia zabaldu du, ikus-entzunezko arloan teknologia berriak ezartzen dituzten Europako ekintzaileen eta start-upen proiektuei zuzendutako lehiaketa. Zinemaldiaren apustu estrategikoa da, teknologiari eta ikus-entzunezko industriari buruz hausnarketa egiteko, eta bi sektoreen arteko harremanak estutzeko.
Lehiaketan parte hartzeko izena ematen duten proiektuek zenbait baldintza bete beharko dituzte: alde batetik, pertsona ekintzaile edo start-up sortu berri bat izatea –2017ko abenduaren 31tik aurrera eratua– edozein garapen fasetan; bestetik, ikus-entzunezkoen esparruan teknologia berriak aplikatzean oinarrituta egon beharko du; egoitza fiskala Espainian edo Europako herrialderen batean izan beharko du; eta enpresa proiektua Euskal Autonomia Erkidegoan abian jartzeko aukera ere kontuan hartu beharko da.
Hautatutako proiektuak irailaren 28an, osteguna, Donostiako Zinemaldian egingo de ‘Zinemaldia & Technology’ jardunaldian aurkeztuko dira, mahainguru batekin batera.
Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Berrikuntza Zentroetako, Tecnaliako, eta Vicomtecheko profesionalek osatutako aditu batzordeak, hamar proiektu finalista aukeratuko ditu, bost espainiar eta bost europar. Proiektu horiek Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko BICetako batean urtebetez inkubazio gune batera doan sartzeko aukera izango dute. Bi epaimahai independentek aukeratuko dituzte proiektu irabazleak, bat Espainiako lehiaketakoa eta bestea Europako lehiaketakoa. Bakoitzak 10.000 euro jasoko ditu. Gainera, deialdiak arreta berezia jarriko du ekintzailetzan, eta 3.000 euro gehiago bideratuko ditu pertsona edo talde ekintzaile batek aurkeztutako eta hautatutako proiektu onena saritzera. Irabazleek eta finalistek, gainera, 500.000 eurorainoko finantzaketa eskuratzeko aukera izango dute, beren proiektua Euskal Autonomia Erkidegoan garatzeko.