Iñaki Aramburu eta Jorge Maylin dira proiektuaren sortzaileak | Argazkia: Oroi

Ereduak

Zahar etxeetatik 'irtetea' errealitate birtualari esker

Oroik zahar etxeetan errealitate birtualeko zerbitzuak eskaintzen ditu, adineko pertsonen ongizatea helburu. Nazioarte mailan posizio indartsua dute egun sektorean

Iñaki Aramburu eta Jorge Maylin ekintzaileak dira Oroi enpresaren sortzaileak. LEINN graduko ikasle izandakoak, gradu amaierako lana abiapuntu, teknologiaren sektorean sartu ziren bizi-bizian, eta hortik abiatu zuten Oroi. Zera dio Aramburuk enpresaren izaeraz: “Argi genuen teknologiako lan bat egin nahi genuela, eta hortik hasita hainbat esparru aztertu genituen”. Hasiera batean, beldurrezko filmak errealitate birtualean eskaini nahi zituzten, baina proiektua monetizatzea "oso zaila" zela argitu du enpresariak.

Errealitate birtuala jomugan, beste bide batzuei ekin zieten gazte ekintzaileek, eta Donostian egindako feria batean lortu zuten gidalerro antzeko bat. “Konturatu ginen adineko pertsona asko etortzen zirela errealitate birtualaren inguruko ferietara. Inpresio handia eragiten zien”. Interesa non zegoen ikusita, enpresariek pentsatu zuten hirugarren adineko populazioan espezializatzea haien zerbitzua. “Errealitate birtuala eurekin aplikatzea onuragarria izango zela pentsatu genuen”.

Bideari ekinez, zerbitzua gauzatzen joan ziren gutxinaka eta, egun, Oroik hiru helburu nagusi ditu: “Ongizatea indartzea, estimulazio kognitiboa lantzea eta ariketa fisikoa sustatzea”. Arambururen esanetan, estimulazioa lantzen dute egunerokotasuneko jarduerak hobeto egin ahal izateko. Gainera, kirola sustatu nahi dute egitasmoarekin: “Sentsore bat jartzen dugu eta, adibidez, bizikleta estatikoan mugitzen hasten direnean, betaurrekoen barnean ere mugitzen hasten dira une berean”. Modu “birtualean” mugitzeko aukera eskaintzen dute, nahiz eta egoitza barruan segitu. Izan ere, zahar etxeak dira euren bezero nagusiak, baina baita erakundeak ere.

Hiru aplikazio

Zerbitzua emateko unean, enpresak hiru aplikazio ditu errealitate birtualaren esparruaren baitan. Behin horiek deskargatuta, harpidetza kontratatzen dute zerbitzuaz gozatzeko, betiere betaurrekoak eskura izanik. Horiek zerbitzuaren barnean eskaintzen dituzte, baita aplikazioen etengabeko gaurkotasuna ere: “Hilero aplikazioa eguneratzen dugu eduki berriak kaleratzeko”.

Maila internazionalean indarrez sartu da Oroi honako zerbitzuekin, Frantzia, Alemania, Erresuma Batua zein AEB bezalako herrialdeetan hainbat bezero lortu baititu. Jorge Maylin enpresariak hedapen honen arrakasta aztertu du: “Tokian tokiko komertzialak ditugu zenbait herrialdetan. Haiei esker lortu ditugu hainbat kontratu”. Hala ere, bidaia “ugari” egin behar izan dituztela azaldu du Maylinek, atzerrian sare komertzial sendoa lortzeko. "Ez da lan sinplea izan".

Iñaki Aramburu: “Konturatu ginen adineko pertsona asko etortzen zirela errealitate birtualaren inguruko ferietara. Inpresio handia eragiten zien”

Nazioartekotzea da sektoreko erronka nagusia: “Ikusten ari gara hainbat herrialdek ez dutela inbertsiorik egiten merkatua teknologizatzeko”. Maylinek dio Frantzian, esaterako, apustu handia egiten dela teknologia berrien alde, merkatu oso berritzailea duelako, baina ez dela berdin gertatzen bestelako zonalde batzuetan. Gutxi balitz, atzerritarra izanda, teknologia beste herrialde batzuetan saltzea “konplexua” izaten da Arambururen arabera. “Ez dute konfiantzarik gure teknologian, eta erostekotan herrialdean bertan eskuratzen dute normalean”, nabarmendu du. Nazioartean konfiantza hori “sortzea” erronka nagusi dute adituek.

Pandemiaren eragina

Pandemiaz geroztik hainbat azterketa egin dituzte adituek, sentsibilizazioa jomugan: “Zahar etxeetako egoera ezagutarazi zen, eta jendea sentsibilizatzeko balio izan zuen”. Maylinek dio pandemiak ikusarazi egin zuela adineko pertsonek bizi zuten egoera. Hau da, “beharrizan” bat zegoela ikusi zen adineko pertsonen ongizatea babesteko. Eta erantzun ezin hobea jaso zuten euskal enpresariek.

Kasu “bereziak” bizi dituzte egoitzetan Maylinen arabera, produktua dela eta bezeroak sentikor jartzen direlako. “Katalunian emakume baten kasua izan genuen, beti joaten zena Montserratera oporrak igarotzera”. Ezin zuen jada herrira gehiago joan egoitzan sartuta zegoelako, baina haien zerbitzuarekin birtualki “eraman” zuten bertara. “Emozio handiarekin erantzun zuen”.

Iñaki Aramburu: “Programatzaileaz gain, psikologia profilak ere ditugu, alde psikologikoa lantzea ezinbestekoa delako gure zerbitzuan”

Harrotasuna ematen diete halako bizipenek enpresariei, momentu “emozionalak” bizitzeko aukera ematen baitie. Hori lortzeko, hala ere, talde oso “teknikoa” behar dela diote, zientzien hainbat diziplina lantzen dituztelako Oroiren zerbitzua gauzatzeko. “Programatzaileaz gain, psikologia profilak ere ditugu, alde psikologikoa lantzea ezinbestekoa delako gure zerbitzuan”, azpimarratu du Aramburuk. Izatez, esperientziak diseinatzeko zein bezeroekin tratua hobetzeko “beharrezkoak” direla dio enpresariak. Egun, hamaika pertsonek osatzen dute Oroi.

Etorkizunera begira, taldea handitu nahi dute adituek, baita nazioartean indarra lortu ere. “Europako txapeldunak izan nahi dugu, eta horretarako hainbat herrialdeko hoberenak izan behar gara”, mahaigaineratu du Maylinek. Jada posizio “indartsua” dute sektorean adituaren arabera, baina berrikuntzei so egon behar direla azaldu du, teknologia mundua etengabeko eguneraketetan murgilduta baitago. “Lehenengoak izan behar gara berrikuntzak aplikatzen ondo posizionatuta egoten jarraitzeko”.