Abuztuaren aldean, ordea, industria jarduera %1,7 handiagoa izan da | Argazkia: iStock

EKONOMIA

%0,4 jaitsi da industria produkzioa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Energiaren ekoizpenak izan du beherakadarik nabariena, %8,7 jaitsi baita produkzioa urte artean

2024ko irailean, Euskal Autonomia Erkidegoko industria produkzioa %0,4 txikiagoa izan zen aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta. 2024ko abuztuaren aldean, ordea, industria jarduera %1,7 handiagoa izan da. Datuak Eustat Euskal Estatistika Erakundeak eskainitakoak dira.

Ondasunen helburu ekonomikoen araberako sailkapena aztertuta, urte artean kontsumo ondasunen produkzioa %1,1 jaitsi da. Zehazki, kontsumo ondasun iraunkorren produkzioa txikitu da %5,1 eta kontsumo ondasun ez-iraunkorrena %0,2. Bitarteko ondasunen eta energiaren produkzioak ere behera egin du urte artean, %1,8 eta %8,7, hurrenez hurren. Bestalde, aurreko urteko irailaren aldean, ekipo-ondasunen produkzioak %4,2 egin du gora.

Lurraldeka, urte arteko datuak positiboak izan dira Gipuzkoan (%2,6), baina negatiboak Araban (-%2,2) eta Bizkaian (-%2,3).

Sektoreka aztertuta, 2023ko irailaren aldean jaitsiera nabarmenena izan duten esparruak izan dira energia elektrikoa, gasa eta lurrunarena (%-9,8) eta kautxu eta plastikoarena (-%5,3). Kontrara, hazkunde azpimarragarria izan duten sektoreak izan dira elikagaien, edarien eta tabakoaren industria (%5,7) eta makineria eta ekipoaren industria (%4,8).

2024ko lehen bederatzi hilabeteetan metatutako datuen arabera, industria produkzioaren indizea %0,2 txikitu da. Kontsumo ondasunetan %1,9 jaitsi da, %1,4 bitarteko ondasunetan, eta %0,8 energian. Irailean metatutakoaren balantze positibo bakarra ekipo ondasunena izan da, %3,2 igo baita produkzioa.