Iazko Mubil Mobility Expoko une bat Ficoban | Argazkia: Mubil Fundazioa

EKONOMIA

105 enpresek hartuko dute parte Ficoban, Mubil Mobility Exporen laugarren edizioan

Azokaz gain, hainbat bilera egingo dituzte AEDIVE elkarteak, Direbus-ek, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak eta Hidrogenoaren Euskal Korridoreak

Datorren astean, apirilaren 17 eta 18an, Mubil Mobility Exporen laugarren edizioa egingo da, Ficoban. Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez, Irungoa "erreferentziazko" hitzordua da dagoeneko, mugikortasun jasangarriaren ekosistemarentzat eta merkatuan egun eskaintzen dituen produktu eta zerbitzu berritzaileenak bertatik bertara ezagutu nahi dituzten erakunde guztientzat.

Guztira, 105 enpresa izango dira Ficobako pabiloietan, eta kanpoaldeko erakusketa eremuan. Hala, kanpoaldean, mugikortasun jasangarrien balio kate osoa egongo da erakusgarri, besteak beste, automobilgintzako eta ekipamendu elektrikoko enpresak, bateria-fabrikatzaileak, eta energia-hornitzaileak (elektrikoa, olioa, gasa eta hidrogenoa). Azokarekin batera, bilera logistikoak egingo ditute AEDIVE elkarteak, Direbus-ek, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak eta Hidrogenoaren Euskal Korridoreak.

Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak gaurko aurkezpenean azpimarratu duenez, “aldundian Ibilbide-orri sendoa dugu aspalditik Mubilen eskutik, eta zalantzarik gabe, azoka honek erritmoa bizkortzeko balioko du, balio erantsi handiko merkataritza-trukeak eta elkarlanerako aukera berriak bultzatuz”. 

Bestalde, Igor Villarreal Mubileko zuzendari nagusiaren arabera, “Mubil Mobility Expo gure jarduerarik indartsuenetako bat da, non mugikortasun iraunkorraren eta adimendunaren balio-kate osoko enpresek produktu berritzaileak ezagutarazten dituzten, irtenbide digitalak barne". Erosle handiek erakusketariekin merkataritza harremanak izateko topagunea ere dela gaineratu du. 

Gaur gaurkoz, aldundiaren esanetan, 1.000 pertsonak baino gehiagok osatu dute azokara etortzeko aldez aurreko izen-ematea, eta bisitarien profila zehaztu dute: "Negozio-aukera berriak bilatzen dituzten operadoreak, erosleak, hiri eta enpresetako erabakitzaileak eta zerbitzu-hornitzaileak izaten dira bisitariak". Bisitari profesionalek izena emateko prozesua zabalik dago oraindik eta azokaren webgunearen bidez egin daiteke.

Conference Area

Beste alde batetik, parte hartuko duten enpresek eta bisitariek eremu erreserbatu bat aurkituko dute Ficobako bigarren pabiloian, Conference Area izena izango duenean. Bertan, hainbat adituren hitzaldiak jarraitzeko aukera izango da, eta mugikortasun jasangarriaren inguruko ezagutzak eta ikuspegiak azalduko dituzte. 

Azkenik, azokaren bi egunetan Fast Interview izeneko hainbat konferentzia egingo dira, eta foro honetan hainbat gai jorratuko dira, besteak beste, automobilgintzaren sektoreko joerak eta ibilgailuak elektrifikatzeko teknologiak edota medusa, ibilgailu elektrikoak kargatzeko soluzio jasangarri eta aitzindaria.