Plaza publikoa
15 minutuko herria
Eredu arrazionalistaren kontrakoa da 15 minutuko hiria, hiritarrok behar dugun edozein zerbitzu (lana barne) bizi garen tokitik 15 minutura izan behar dela defendatzen duena
Krisi ekonomikoaren eta aldaketa klimatikoaren aurrean, energia aurreztea dugu ekintzarik eraginkorrena. Hala ere, gure asmo onak errealitatearekin talka egiten du sarri. Lantokitik urrun bizi diren biztanleak, adibidez, kotxez joan behar dira lanera, nahiz eta aukeran nahiago luketen bulegoa etxetik hurbil izan oinez joateko. Zentzu honetan, hiri plangintzak berebiziko garrantzia du energia kontsumoaren murrizketan.
1960ko hamarkadan garaturiko plangintza arrazionalistak hiria esparruetan zatitzea zuen helburu, gune bakoitzari erabilera bakarra aitortuz. 'Utopia' horren arabera, biztanleak etxebizitza guneetan bizi, bulego guneetan lan egin eta denda guneetan erosiko lukete, batetik bestera joateko autoa erabiliz. Eredu honen aurrean, 15 minutuko hiriaren aldekoek auzo bakoitzean erabilera anitz nahastea proposatzen dute. Hala, hiritarron beharrizan guztiak —lanpostuak, dendak, eskolak, aisi guneak, anbulatorioak…— gehienez oinez 15 minutura lirateke, garraio pribatuaren beharra murriztuz.
Unibertsitateak eta parke teknologikoak salbuespen
Hamaika dira eredu zaharretik berrira eraldatzen ari diren hiriak, dentsitatea areagotuz, errepideak espaloi eta bidegorri bihurtuz edota garraio publiko sarea hedatuz. Euskadin zorionekoak gara: gure geografia maldatsuak garapen arrazionalista errotik eragotzi zuen, eta gure herri zein hiriek 15 minutuko ereduaren antza handia dute jada. Hala ere, badira gurean eredu arrazionalista jarraitu zuten bi garapen: parke zientifiko-teknologikoak eta unibertsitate kanpusak. Garapenerako giltza diren bi osagai horiek hirietatik zein garraio publiko ardatz nagusietatik aldentzean, milaka eta milaka langile autoa egunero erabiltzera bultzatu ditugu. Esparru horiek, bestalde, basamortu bihurtzen dira lan ordutegitik kanpo, lan guneak besterik ez baitira.
Gure geografia maldatsuak garapen arrazionalista errotik eragotzi zuen, eta gure herri zein hiriek 15 minutuko ereduaren antza handia dute jada
Planifikazio akats hori zuzentzeko hiru estrategia ditugu eskura, elkarrekin osagarri direlarik. Horietako bat da kanpoaldean ezarritako jarduera ekonomikoa hirigunean birkokatzen saiatzea. EHUren Medikuntza fakultate berria asmo horren adibide da. Aurrez Leioako kanpusean zen eraikina Basurtora ekartzeak inguruko erresidentzia eta pisuetan bizi diren ikasleei eskolara oinez joatea ahalbidetuko die. Fakultate berria metro, tranbia eta autobus geltoki nagusietatik hurbil egoteak, gainera, irisgarritasuna nabarmen hobetuko du, aurreko kokapenarekin konparatuz. Bizkaiko Foru Aldundiak joera horrekin bat egin du, BAT ekintzailetza zentro berria Bilboko erdigunean ezarriz. Donostian, Basque Culinary Center gastronomia fakultatearen eraikin berria hirian eraikiko da, nahiz eta egoitza nagusia Miramoneko parke teknologikoan izan.
Estrategia hori garatzeko beharrezkoa da aurretik zentroan geratzen diren lur-sail libreak baliatzea jarduera ekonomikoak ezartzeko. Zentzu honetan, AHTaren lurpeko geltokiek sortuko dituzten esparru berriak aukera paregabea dira, etxebizitzak eraikitzeaz gain, unibertsitate, zentro teknologiko eta enpresei ongietorria emateko.
Dentsitatea eta lur-sail falta erronka
Aurreko estrategia, erakargarria izanik, garestia ere bada. Hiriguneetako lursailak jarduera ekonomikoa erakartzeko erabiltzean, bertan eraikitako etxebizitzekin lortuko genituzkeen zergei uko egiten ari gara, halabeharrez. Gure hiriak, bestalde, oso dentsoak dira jada, eta lursail libreak, eskasak. Garapen berriak, beraz, ezinbestekoak izango dira, baina gure esku dago oraingoan iraganeko akatsak ez errepikatzea.
Bulego eraikinez osaturiko basamortuen ordez, parke teknologiko berriek mistoak beharko lukete izan, lan egiteaz gain bizitzeko, ikasteko eta aisialdirako aukerak eskainiz
Bulego eraikinez osaturiko basamortuen ordez, parke teknologiko berriek mistoak beharko lukete izan, lan egiteaz gain bizitzeko, ikasteko eta aisialdirako aukerak eskainiz. Ezinbestekoa da, bestalde, garapen horiek garraio publikoko ardatz nagusietan kokatzea, azpiegitura berriak eraiki behar ez izateko. Zorrotzaurre auzo berria dugu estrategia horren adibide: etxebizitzak, unibertsitateak, parke teknologikoak eta zerbitzu publikoak esparru bakarrean pilatuz, etorkizuneko biztanleek batetik bestera oinez joateko gai izango dira. Zorrotzaurre, gainera, Deustu eta San Inazioko metro geltokietatik hurbil da, eta tranbiak irisgarritasuna hobeto egingo du etorkizunean. Ezaugarri horiek guztiek auto pribatuaren erabilera nabarmen murriztuko dute, parke teknologiko zaharrekin alderatuta.
Hirigunea jarduera ekonomikora
Nahiz eta etorkizuneko parke eta kanpusak eredu berri honetan oinarritu, jada garaturiko parkeak suntsitu eta berreraikitzea zentzugabekeria litzateke. Zer egin, beraz, Leioako kanpusa edota Miñaoko parkea bezalako basamortuekin? Kasu horietan, estrategia kontrakoa litzateke: jarduera ekonomikoa hirigunera eraman ordez, hirigunea jarduera ekonomikora hurbiltzea. Kanpus hauen inguruan etxebizitzak eraikiz, bertako langileak lanpostuetatik hurbil bizitzeko aukera izango lukete. Biztanle berriek, aldiz, eskola, denda edota taberna berrien ezarpena sustatuko lukete, auzo bizi bat loratuz.
Hirigintza arloan ere, badaukagu zer egiteke: jasotako oinordetza suntsitu gabe, gutxinaka eredu arrazionalistaren aztarnak ezabatzen joan
Hirigintza arloan ere, badaukagu zer egiteke: jasotako oinordetza suntsitu gabe, gutxinaka eredu arrazionalistaren aztarnak ezabatzen joan. Bide horretan ez da irtenbide magikorik, modu orekatuan erabili beharreko hiru osagai baizik: lehenik, jarduera ekonomikoa hirietan birkokatu; bigarrenik, parke berriak eredu mistoarekin garatu eta, hirugarren, ditugun parkeak erabilera anitzeko auzo bilakatu.