2024ko bigarren hiruhilekoan %1,8 hazi da EAEko ekonomia, Jaurlaritzaren arabera
BPGa %1,9 haziko da 2024an eta % 2,1 2025ean. Langabezia tasa datorren urtean %7ra jaitsiko dela ere aurreikusi dute
Eusko Jaurlaritzak 2024rako eta 2025erako hazkunde ekonomikoa eta enpleguaren igoera iragarri ditu. Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburu Mikel Torresek azaldu duenez, 2024an ekonomia %1,9 haziko da eta 2025ean %2,1. Lan merkatuan, 15.000 lanpostu berri sortzea aurreikusten dute, eta langabezia tasa %7ra jaistea 2024an, eta %6,8ra 2026an.
Hirugarren hiruhilekoan ekonomiaren inguruko txostena ere aurkeztu da. Azken horren arabera, 2024ko bigarren hiruhilekoan EAEko ekonomian %1,8ko hazkundea izan da, Europako beste herrialde batzuen gainetik (%0,6), industria sektorearen sendotasunari esker.
Enpleguari dagokionez, hazkundea %1,8koa izan da 2024ko bigarren hiruhilekoan, 2023ko epe beraren aldean, aurreikuspenetatik (%1,9) oso hurbil. Lan baldintzak hobetu direla nabarmendu dute, baita soldata igoera bai genero-arrakala txikitu direla ere. Soldata hobekuntza horiek inflazioaren gainetik egon dira, eta Iñaki Ruiz sailburuordeak adierazi du “horrek aukera eman ziela euskal langile guztiei erosteko ahalmena berreskuratzeko”. Azkenik, hitzarmen kolektiboek babestutako langileen kopuruak ia zazpi puntuko igoera izan du (%60) aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, orduan %52,9koa baitzen.
Aurreikusitako hazkundeak barne eskarian izango du oinarri nagusia, eta BPGri 2,1 puntu emango dizkio; kanpo eskaritik espero den ekarpena, aldiz, oso apala izango da. Halaber, Ruizek azaldu duenez, kapital eraketa gordina %2,3 haziko da, eta familien zein administrazio publikoen kontsumoek %2 inguruko hazkundea izango dute. Halaber, interes tasen jaitsierak enpresen eta familien finantzaketan lagunduko du, eta horrek proiektu berriak bultzatzeko eta etxebizitzen kredituak errazteko aukera emango du.
Azkenik, Ruizek gehitu du zerbitzu sektorearen sendotasuna izango dela ardatz oraindik ere egungo egoera makroekonomikoan, “baina industria baten babes gehigarriarekin, zeina berraktibatu egingo baita Europan espero den hobekuntzagatik eta interes tasak murrizteagatik”.
Oro har, txostenak makroekonomia egonkor bat iragarri du, eta aurreikuspen horiek Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen oinarria izango direla argitu dute.