2024ko Enpresarean Azokan parte hartzeko izen-ematea zabalik da
Urriaren 24an, Orona Ideon egingo da egitasmoa, 'Adimen artifiziala, (u)topikorik gabe' izenburupean
2024ko Enpresarean Azoka egitasmoan izena emateko epea zabalik da jada. Urriaren 24an, Hernanin, Orona Ideo eraikinean egingo da azoka, Adimen artifiziala, (u)topikorik gabe izenburupean, eta adimen artifizialaren eragin ekonomiko, sozial eta legala izango dute aztergai.
Bai Euskarari Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesletzarekin, antolatu du beste behin egitasmoa, eta hitzaldiak, solasaldiak, adibide praktikoak eta ekintzaileentzako tartea izango da, besteak beste.
Adimen artifiziala oinarri hartuz, Euskal Herriko lan munduko gaur egungo egoera, teknologiak lurraldeko enpresa eta langileengan duen eragina, euskal enpresen kasu praktikoak eta adimen artifizialraen mugen inguruan arituko dira mahai inguruetako parte-hartzaileak.
Ekintzaileei zuzendutako Arin-arin lehiaketa ere egingo da. Parte-hartzaileek haien ideiak edo proiektuak hiru minututan azaldu beharko dituzte. Bai Euskarari Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osaturiko epaimahaiak parte-hartzaileen aurkezpenak baloratu eta irabazle bat hautatuko dute, proiektua gauzatzeko 2.000 euroko laguntza emanez.