Noel D’Anjou sailburua uztailean egin zen Gobernu Kontseiluan | Argazkia: Irekia

EKONOMIA

2025eko Aurrekontu Orokorren Proiektua onartu du Jaurlaritzak

15.728 milioi eurotako aurrekontutik Osasun sailak jasoko du diru gehien: 5.115,9 milioi euro

Gaur, urriaren 29an onartu du Gobernu Kontseiluak EAEko 2025eko Aurrekontu Orokorren Proiektua. 15.728 milioi eurotakoa izango da, iaz baino 703 milioi euro gehiagorekin. Hala aurrekontua %4,7 handitu da.

Jaurlaritzak 1.531,08 milioi euro bideratuko ditu inbertsio publikora, iaz baino 124 milioi gehiago. Gobernuak gehitu du bereziki jarri dutela arreta I+G+b arloan (680 milioi euro jarriko dituzte, 2024an baino 39 milioi gehiago) eta ongizatean eta bizi kalitatean (11.434,2 milioi euro, 500 milioi euroan handitu da aurrekontua).

Sailak hartuta, aurrekontuaren igoerarik handiena Osasunaren sailekoa izan da, 215 milioi euro gehiago bideratuko baitira (orotara, 5.115,9 milioi euro). Osakidetzarentzat izango da aurrekontu horren gehiengoa: 4.063 milioi euro. Hezkuntza saila eta Ekonomia, Lana eta Enplegu saila dira bigarren eta hirugarren aurrekonturik handiena dutenak, hurrenez hurren 3.247,5 milioi eta 1.224,9 milioi eurorekin. Hala, Hezkuntzan iaz baino %3,9 aurrekontu handiagoa egongo da eta Ekonomia, Lana eta Enpleguan iaz baino %2,5 gehiago.

Gainerako sailetan honakoa izango da aurrekontua:

  • Segurtasunean 796,3 M€
  • Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasunean 631,2 M€
  • Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzan 612,7 M€
  • Mugikortasun jasangarrian 567,2 M€
  • Etxebizitza eta Hiri Agendan 445,9 M€
  • Kultura eta Hizkuntza Politikan 392 M€
  • Justizia eta Giza Eskubideetan 359,6 M€
  • Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoan 357,9 M€
  • Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantzan 273,9 M€
  • Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernuan 176,6 M€
  • Ogasuna eta Finantzetan 122,5 M€
  • Lehendakaritzan 95,5 M€
  • Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoan 57,8 M€

 

Noel D’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak gaineratu du 2025 urtean enpleguaren hazkundea egotea espero dela, gutxi gorabehera 16.000 enplegu berrirekin; gogorarazi du aurreikusten dutela langabezia tasa %6,8koa izatea eta BPG %4,3 haztea.

Gaur aurkeztutako aurrekontu proiektua abenduaren 20an behin betiko onartzea da xedea. Baina, hori baino lehen, sailburuek agerraldiak egingo dituzte Legebiltzarrean eta, ondoren, talde politikoekin bilerak egingo dira. D’Anjouk adierazi du espero duela “guztiok gai izatea negoziazio honi ikuspegi zabaletik heltzeko”.

Arabako eta Gipuzkoako gobernuak, alderdiekin bileretan

Arabako diputatu nagusia den Ramiro Gonzálezek deia egin dio oposizioari (EH Bildu, PP eta Elkarrekin Arabari) “proposamen konkretu eta kuantifikatu” bat egiteko Arabako 2025eko Aurrekontu Orokorren Proiekturako, eta gehitu du gaur bertan jarriko dela kontaktuan hiru bozeramaileekin bilera berri bat egiteko.

Bestalde, Irune Berasaluze Gipuzkoako foru bozeramaileak adierazi du oposizioko taldeekin bilerak egiten hasiak direla negoziazio lanetarako eta gaineratu du EH Bilduk eginiko aurrekontu proposamena “pozez” jaso dutela. Agerraldia egingo dute Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eta beste hainbat diputatuk etzi, urriaren 31n, aurrekontua proiektuaren gainean aritzeko.