2025aren bidegurutzea: aurreikuspenik zailenak
Politika fiskala, Europaren etorkizuna, etxebizitza… asko dira urte berria baldintzatuko duten aldagai ekonomikoak
Balantzea egiteko unea izaten da urtarrilaren hasiera. Eta aurrera begira jartzeko unea ere bai. Atzean utzi berri dugun 2024 urteak espero baino datu ekonomiko hobeak utzi ditu estatu mailan hazkundeari dagokionez. Zerbitzuek eta gastu publikoak hauspotutako ekonomiak hazkundearen lidergoa eman diote espainiar estatuari eurogunean. Industrian indartsu ziren ekonomiek, ordea, sufritu egin dute. Adibiderik argiena Alemania izan da, urtea atzeraldian bukatzear dagoela. Gauza bera gertatu zaio euskal ekonomiari Espainiakorekin alderatuta, hazkunde xumeagoa izanda. 2024rako iragarri ziren mehatxuak (balore merkatuen burbuilaren eztanda, besteak beste) ez dira bete, baina adituek arriskua oraindik hor dagoela ohartarazi dute. Burtsena ez ezik, asko dira hasi berri dugun urteak argitzeke dituen aldagaiak.
Zerga-politika
Emozio handikoa, kaotikoa ere bai, izan da urte bukaera zergen alorrean. Foru aldundiek zerga arau berria onartu berri dute. Ezin esan erreforma sakona denik, baina aldaketa nabariak badakartza etxebizitzarako kenkarietan edo gizarte aurreikuspenaren alorrean, autonomoentzako BGAE tresna berriari babesa emanez.
Foru gobernuek arauak onartu bai, baina oraindik Batzar Nagusiek berretsi beharko dituzte eta egoera politikoa zein den ikusita, pentsatzekoa da aldaketaren bat izatea. Agintean dauden EAJ eta PSEk Bizkaian baino ez dute gehiengoa eta aliaturen bat behar dute araua aurrera ateratzeko. Foru aurrekontuak onartzeko jeltzaleek eta sozialistek PPren babesa izan zuten Gipuzkoan eta EH Bildurena Araban. Litekeena da biek ala biek foru araua babesteko eskakizunen bat eskatzea, azalekoa bada ere. Babesa lortu bitartean, foru gobernuek bermatu dute erreformaren zati bat, gizarte aurreikuspenarena, 2024ean aplikatzea. Gainontzeko atalek 2025erako utziko dute.
Foru aldundiek zerga arau berria onartu berri dute. Ezin esan erreforma sakona denik, baina aldaketa nabariak badakartza etxebizitzarako kenkarietan edo gizarte aurreikuspenaren alorrean
Antzeko egoeran bukatu zuen urtea Espainiako Gobernuak. Zerga erreforma onartu zuen, baina zailtasunak izan zituen Diputatuen Kongresuak bere osotasunean berresteko. Hala enpresa txiki eta ertainentzako zergak murriztu zituen, aurrezkirako zerga tasak igo zituen, multinazionalentzako tasa minimoa ezarri (%15ean, Europak eskatu bezala) eta bankuentzako zerga onartu zuen. Ez zuen lortu, aldiz, enpresa energetikoak zergatuko zituen tributua aurrera ateratzea, EAJ, Junts eta PPk kontra bozkatuta.
Urtea bukatu aurretik onartu behar zuen Espainiako Gobernuak bere zerga erreforma, Europak eskatu bezala. Brusela kexu zen Madril multinazionalentzako tasa minimoa onartzen atzeratzen ari zelako eta isunen aukera mahai gainean zegoen. Ez zen hori, baina, Pedro Sánchezen gobernuak Bruselari men egin beharreko arlo bakarra. Pandemiak irekitako su-etena eta gero, gastu araua berriro indarrean sartu da eta Europako Batasuneko kideek %3ra murriztu behar dute defizit publikoa.
Defizitaren zorroztasuna
Espainiar estatuak % 3,5ko defizita izan zuen 2023an, eta Espainiako Bankuaren estimazioen arabera, %3,4koa izango da 2024an. Europak ezarritako muga gainditzen badu ere, Bruselak zorroztasunik ez eskatzea espero du Madrilek, Valentziako tanta-hotzak eragindako kalteei aurre egiteko gastuek eragin dutelako aldea.
Defizita 2025ean %2,9an kokatzea aurreikusten du Espainiako Bankuak. Horretarako Aurrekontu Orokorrak onartzea komeni da eta, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ez bezala, Pedro Sánchezen gobernuak etxeko lanak egin gabe ekin dio urte berriari. Hori da Espainiako gobernuak 2025rako duen erronketako bat, eta jokaleku politikoa ikusita, zailtasunak izan ditzake babes nahikoa lortzeko.
%5,5eko defizit publikoa du, eta zor publikoa BPGren %112, inoizko altuena. Bruselak gehiegizko defizita izateagatik espediente prozedura ireki dio Frantziari, ahalik eta arinen zuzentzeko eskatuz
Okerragoa da egoera frantziar estatuan. %5,5eko defizit publikoa du, eta zor publikoa BPGren %112, inoizko altuena. Bruselak gehiegizko defizita izateagatik espediente prozedura ireki dio Frantziari, ahalik eta arinen zuzentzeko eskatuz.
Egonkortasun ekonomikoa lortzeko proposamena egin zuen Michel Barnier lehen ministroak, baina Asanblada Nazionalak ez zuen babestu. Are gehiago, bere kontrako zentsura mozioa onartu zuen, eta François Bayrou lehen ministro izendatu zuen Macronek. Hala ere, ez dirudi izen aldaketak oposizioa baretuko duenik, eta lan nekeza izango du Frantziak aurrekontua aurrera ateratzeko, ekonomia bideratzeko eta defizita murrizteko. Finantza merkatuak ez dira Frantziaz fio eta inoizko arrisku saririk altuena du, Greziakoaren gainetik.
Europa noraezean
Europako euskarri nagusia da Frantzia, Alemaniarekin batera. Historikoki Berlin eta Parisen arteko ardatzak Europako Batasuneko politiken ildoak ezarri izan ditu, baina ezin esan oraingoan sendo dabilenik.
Frantziako arazo ekonomikoei Alemaniako ahulezia gehitu behar zaio. Europako motorra izandakoa buru altxa ezinik dabil azken urteotan, bukatu berri den urtea atzeraldi ekonomikoan murgilduta. Autogintzaren krisia industriaren eredu izan den erraldoi baten ahuleziaren isla ezin hobea da. Volkswagen etxea dugu horren adibide, hurrengo urteotarako murrizketa neurri gogorrak ezarrita.
Egoera ekonomikoari politikoa gehitu behar zaio. Konfiantza mozioa galdu eta gero, Olaf Scholtz kantzilerak hauteskundeak deitzeko eskatu zion Steinmeier presidenteari. Otsailaren 23an izango dira bozak eta inkesta guztien arabera, Friedrich Merz demokristauak hartuko du Scholtzen lekukoa. Eskumara joko du Alemaniako politikak, BlackRock inbertsio funtsaren buru izandako politikariaren eskutik.
Erronkarik ez zaio faltako kantziler berriari. Errusiatik eskuratutako energia merkearen galerak gogor kolpatu du Alemania eta Txinako autogintzaren loraldiak agerian utzi ditu bere industriaren ahuleziak. Kontsumitzaile txinatarrek jada ez dituzte miresten, lehen beste, ibilgailu alemaniarrak. Bruselak Txinako autoei muga-zergak ezarri izanak, gainera, ez du egoera errazten. Pekingo balizko erantzunaren beldur da Berlin, bere ibilgailuen inportazioei arantzelak ezarrita. Amerikako Estatua Batuak dira Alemaniako esportazioan beste jomuga nagusietako bat eta Donald Trumpen itzulerak ekar lezaken gerra-komertzialaren beldur ere bada Alemania.
Mercosurren afera
Txina eta AEBn lehiaren aurrean ahalik eta sendoen nabigatzea besterik ez du Europak bere autonomiari eusteko. Horretarako aliantza berriak egin beharko ditu eta Mercosurrena da Bruselaren apustu nagusia. 2024 bukatu aurretik sinatu zuen Ursula Von der Leyenek Mercosurrekiko aurre-akordioa.
Europako estatuei dagokie orain akordioa sinatzea, baina ez dago argi hala izango den. Parisen eta Berlinen arteko harremanetan arrakala sortu du Mercosurrekiko hitzarmenak. Alemaniak bere esportazioentzat ihesbide gisa ikusten duen bitartean, Frantzia nekazarien erantzunaren beldur da. Nekazarien protestek Frantzia ( eta Europa osoa, hein handi batean) astindu zuten 2024aren hasieran eta Paris beldur da gatazka berriro loratuko den.
Parisen eta Berlinen arteko harremanetan arrakala sortu du Mercosurrekiko hitzarmenak. Alemaniak bere esportazioentzat ihesbide gisa ikusten duen bitartean, Frantzia nekazarien erantzunaren beldur da
Espainia da, Alemaniarekin batera, Mercosurren alde azaldu den beste ekonomia handia. Italiak, momentuz, ez du aldeko jarrerarik agertu eta Giorgia Meloniren esku egon liteke akordioa sinatzeko erabakia. Ultraeskuineko agintari populista ere nekazarien beldur da, baina Italiako industriarentzat ere ihesbide izan daiteke akordioa.
Interes tasak, baxuago?
Erreserba Federalaren moneta politika izango da urte berrian xehe aztertu beharreko beste aldagaietako bat. Trumpen aurreko agintaldian tira-birak egon ziren Etxe Zuria eta Erreserba Federalaren artean eta oraingoan antzeko zerbait gerta liteke. Trumpek dolar indartsu bat nahi du, eta horrek talka egin lezake tasen jaitsierarekin. Erreserba Federalaren azken bileran gidoi aldaketa iragarri zen Jerome Powellen hitzetan, tasen jaitsieren politikan aldaketak egon litezkeela esanez. 2025erako bi jaitsiera baino ez zituen iradoki Powellek, aurreko bileran baino bi gutxiago.
Trumpek dolar indartsu bat nahi du, eta horrek talka egin lezake tasen jaitsierarekin. Erreserba Federalaren azken bileran gidoi aldaketa iragarri zen Jerome Powellen hitzetan, tasen jaitsieren politikan aldaketak egon litezkeela esanez
Europan, ordea, egoera bestelakoa da. Orain arte inflazioa Europako Banku Zentralaren kezka nagusia bazen ere, egoera aldatu da eta hazkunde ekonomikoaren datu makalek aldaketa eragin dute Christine Lagardek zuzentzen duen erakundean. Bere diskurtsoetatik politika murriztaileak baztertu eta tasak maila neutralen azpitik jaisteko aukera mahai gainean jarri du EBZk. Gauzak horrela %2tik azpiko tasetara heldu liteke 2025ean diruaren prezio ofiziala. Inoizko jaitsierarik azkarrena abiatu zuen EBZk 2024ean eta horren isla izan da euriborraren bilakaera. %2,43ean itxi du abenduan urtebeterako euriborraren batezbestekoak. Jaitsiera nabaria da aurreko urteko %3,679arekin alderatuta.
Etxebizitzak %6 garestiago
Eragin zuzena du euriborraren jaitsierak dagoeneko tasa aldakorreko hipoteka dutenen hileko kuotetan, ordaindu beharreko kopurua arinduta. Euriborraren jaitsierak, baina, bere albo kalteak ere baditu. Hala 2024ko irailean hipoteken sinadurak %34 egin zuen gora, interesen jaitsierak lagunduta. Euriborraren jaitsierak are gehiago areagotu lezake etxeen eskaria eta, eskaintzarekiko desoreka handiko egoera batean, etxebizitzaren prezioa are gehiago igo daiteke.
Hainbat adituren arabera etxebizitzen prezioak %6 egingo du gora 2025ean eta %9 alokairuenak. Urte berriaren erronka nagusietakoa da etxebizitzarena eta etxebizitzen garestitzea sortzen ari den frustrazioa Maiatzaren 15eko egoerarekin parekatzen dute hainbatek. Dagoeneko zenbait eragilek “errenten grebarako” deia egin dute eta kezka (eta haserrea) zabaldu ahala aldarrikapenak aise hartuko ditu kaleak.
Urte berrian indarren sartuko dira alokairuen prezioei muga jartzeko aukera ematen duten tentsionatutako gunea
Urte berrian indarren sartuko dira alokairuen prezioei muga jartzeko aukera ematen duten tentsionatutako guneak. Hego Euskal Herrian hainbat herrik eskatu dute neurria eta ikusi beharko da zeintzuk diren muga berriek dakartzaten ondorioak.