2025erako pentsioak %2,8 igoko dira Espainian
Igoera %9,1ekoa izango da ezkontidea ardurapean duten pentsioen kasuan
Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) argitaratu du 2025erako pentsioen balioa handitzea ezartzen duen errege lege-dekretua. Ondorioz, urtarrilaren 1etik aurrera, 12 milioi pentsio baino gehiago handiagoak izango dira.
Espainiako estatuko kotizaziopeko pentsioak (kontributiboak) eta klase pasiboenak %2,8 igoko dira, eta gutxienekoak, berriz, %6 inguru. Kotizazio gabeko pentsioak eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera %9 handituko dira.
Gainera, ezkontidea ardurapean duten pentsioek eta familia-kargak dituzten alargun-pentsioek %9,1eko igoera izango dute. Zahartzaro eta Baliaezintasuneko Nahitaezko Aseguruaren (ZBDA) pentsioak ere %6 igoko dira. Bestalde, pertsona bakarreko familientzako gutxieneko erretiro-pentsioa urteko 12.241,6 eurokoa izango da, eta ezkontidea ardurapean duten familien kasuan 15.786,4 eurokoa.
Horrez gain, talde zaurgarrientzat hobekuntza espezifikoak ere aplikatuko dira, hala nola, familia ugarientzat eta hamabost urte baino gutxiago kotizatu duten pertsonentzat, “estaldura sozial handiagoa bermatuta”.