260 milioi euro baino gehiago irabazi ditu Kutxabankek 2024ko lehen sei hilabeteetan
%5 handitu ditu mozkin garbiak, iazko epe berarekin alderatuta, eta 131,9 milioi euroko dibidendua banatzea adostu du
263,7 milioi euro irabazi ditu Kutxabankek 2024ko lehen sei hilabeteetan, iazko epe berean baino %5,4 gehiago. Iaz bezala, emaitza ona merkataritza jarduera eta banku negozioari esker lortu du bankuak. Banku negozioaren irabaziak, zehazki, %23,7 handitu dira aurten, interes-marjinen eta aseguru komisioen sarrerengatik.
Emaitza onak lortuta, erakundeko akziodunen batzar nagusiak, administrazio kontseiluaren proposamena onartuta, 131,9 milioi euroko dibidendua banatzea adostu du.
Bezero kopurua ere handitu du aurtengo lehen seihilekoan (%11). Maileguetan egindako inbertsioa 48.896 milioi eurokoa izan da, %1,3 haziz. Halaber, bankuak azaldu duenez, enpresen finantzaketa jarduerak emaitza onak lortzen jarraitu du 2024ko lehen hilabeteetan zehar. “Sistemen eta bezeroen sailkapenean eraginkortasun irizpideak hobetu dira eta merkataritza-intentsitatea ere berritu da”, adierazi dute. Horrekin batera, Handizkako Banka negozioaren inbertsio produktiboa % 6,1 handitu dute iazko ekainetik.
Kontsumo maileguek ere inoizko hazkunde handiena izan dute (%19 gehiago), “eragiketa digital berriek eta merkataritza kredituaren indarrak bultzatuta”, finantza erakundeak azaldu duenez.
Bestalde, berankortasun tasa hobetu egin dutela azaldu du Kutxabankek. Zehazki, %1,31ekoa du egun. 2024ko lehen seihilekoan 'Wealth Management' alor berria ere abian jarri da eta bere
antolaketa finkatu da. Oraingoz 38.000 milioi euroko aktiboak kudeatzen ditu negozio berri honek.