Iazko edizioaren une bat, Turinen (Italia) | Argazkia: Impact Europe

EKONOMIA

35 herrialdetako 300 erakunde baino gehiago bilduko ditu Impact Week 2024 foroak

Inpaktu sozialeko ekonomia jasangarrian inbertitzen duten eragile ekonomiko nagusiak jasoko ditu Bilbon egingo den hogeigarren edizioak

Azaroaren 25etik 29era bitartean nazioarteko topagune bihurtuko da Bilbo, izan ere, bertan egingo da Impact Week 2024 foroaren hogeigarren edizioa, Turinen lekukoa hartuz. Bizkaiko hiriburua, gizarte eta ingurumen inpaktua duten inbertsioen Europako erreferente bilakatuko da, 35 herrialdetako 300 erakunde baino gehiago bilduz. Impact Europe izeneko Europako erreferentziazko sareak antolatu du foroa, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta honen Ekonomia Sustatzeko Sailari atxikitako Seed Capital Bizkaia sozietatearekin elkarlanean.

Topaketaren helburua da gizarte-eraldaketa, jasangarritasuna, desberdintasunen murrizketa eta ekonomia sozialaren sustapena jorratzen dituzten proiektuen inbertsioa bultzatzea. Merkatua goranzko joeran dago, eta Impact Europek argitaratutako azken txostenaren arabera, 80.000 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan zuen Europan 2022an. Nazioarteko foroan parte hartzeko deialdia zabalik dago esteka honetan.

Ekitaldietan 1.000 pertsona baino gehiagoren parte hartzea espero dute antolatzaileek, eta Bizkaiko hiriburuko lau leku garrantzitsuetan gauzatuko dira: Euskalduna Jauregian, Guggenheim Bilbao Museoan, San Mames estadioan eta BAT-B Accelerator Tower eraikinean.

Azkenik, inpaktu sozialeko filantropiaren arloko punta-puntako hizlari garrantzitsuak izango dira Bilbon, besteak beste, Leslie Johnston (Laudes Foundation), María Ángeles León (Global Social Impact Investments eta Open Value Foundation), Shiva Dustdar (European Investment Bank Institute) eta Gilles Vermot-Desroches (Schneider Electric Foundation).