36 urte arteko pertsonek %35eko kenkaria izan dezakete alokairuan
EAEko hiru aldundiek hainbat neurri fiskal proposatu dituzte, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko besteak beste
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek gazteen emantzipazioa eta etxebizitzaren arazoari aurre egiteko hainbat neurri iragarri dituzte. Alokairuan bizi eta urtean 85.000 euro baino gutxiago irabazten dituzten 36 urtera arteko pertsonek %35eko kenkaria izan dezakete errenta aitorpena aurkeztean. Hots, 30 urtetik 36ra igo dute etxebizitza arloan abantailak edukitzeko adina.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ogasuneko hiru foru diputatuek, Itziar Gonzalok, Itxaso Berrojalbizek eta Itziar Agirrek, hiru lurraldeetako Batzar Nagusietan egindako agerraldietan aurkeztu dituzte berritasunak. Besteak beste, etxebizitza erosteagatik 8.500 euroko gehieneko muga desagertu egiten da lehen urtean. Aldaketa hauek EAJk eta PSE-EEk adostu duten zerga erreformaren neurrietako batzuk dira.
Etxebizitzaren arloan arreta berezia jarri nahi izan dute hiru foru aldundiek, eta aitortu dute aldaketekin diru gutxiago bilduko dutela, nahiz uste duten hobeto banatuko dela gizartean. Beste neurri nabarmen bat zera da: etxebizitza erosteagatiko edo alokatzeagatiko kenkaria kentzea zergadunaren errenta 85.000 eurotik gora dutenei. Izan ere, egun etxea erosteagatik jasotzen den kenkaria unibertsala da, eta 36.000 euroko muga du.