38.000 bisitari inguru jaso ditu Makina-Erremintaren Biurtekoak
32. edizio honetan 67 herrialdetako bisitariak egon dira. Hurrengo edizioa 2026ko martxoaren 2tik 6ra izango dela iragarri dute
Ekainaren 3an hasi eta gaur amaitu den BIEMH-Makina-Erremintaren Biurtekoaren 32. edizioak 67 herrialdetako 38.000 bisitari jaso ditu. BECeko prentsa-aretoan gaur goizean egin den agerraldian, Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiak, Mari Carmen Gorostiza BIEMHko zuzendariak, Jose Perez Berdud AFM Clusterreko presidenteak, Xabier Ortueta AFM klusterreko zuzendari nagusiak eta Jose Ignacio Ortiz de Urbina AIMHEko presidenteak hartu dute parte.
Nabarmendu dutenez, azpimarratzekoa izan da fabrikazio aurreratuko eta digitaleko teknologien fabrikatzaileen hedapen bikaina azokaren sei pabiloietan. Nobedadez gainezka, gainera: azken makina erreminta nazionalak eta atzerrikoak, 3D inprimaketa-ekipoak, mota guztietako osagaiak, ebaketa-tresna aurreratuenak, prozesuak eta zerbitzuak digitalizatzeko, automatizatzeko eta robotizatzeko elementu eta soluzio mota guztiak.
Haien esanetan, BECeko korridoreak "jendez gainezka" egon dira azokak iraun duen bost egunetan. Halaber, ekoizteko makinari eta osagai eta sistemen fabrikatzaileen hedapenari, hitzaldi eta batzar "eskaintza zabala" gehitu zaie aurtengoan.
Bestalde, 2024ko Fabrikazio Aurreratuko eta Digitaleko Berrikuntza Sariak antolatu ditu beste urtebetez AFM Clusterrek. Aurtengo edizioan, Samylabs, Ona EDM eta Fagor Automationek jaso dituzte sariak.
Bere aldetik, AFM Clusterreko presidente Perez Berdudek positibotzat jo du aurtengo edizioa: "Oso pertzepzio positiboa dugu, batez ere, bisiten kalitatea nabarmendu nahi nuke, espero genuena baino nazioarteko bisita gehiago izan baititugu". Azoka, "aparta eta etorkizun handiko inflexio puntuaren sentsazioa" duela gaineratu du.
BIEMHren hurrengo edizioa 2026ko martxoaren 2tik 6ra izango dela ere jakinarazi dute.
Agintarien ordezkaritza zabala
Biurtekoan ere agintari politikoen presentzia nabarmena izan da. Asteleheneko inaugurazio ekitaldian Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria izan zen, eta ondoren egunotan hainbat bisitari jaso ditu industriako nazioarteko azokak, besteak beste, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusia eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, .
Beste hainbat ordezkari politiko ere pasa dira azokatik: Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko foru diputatua, Ane Insausti Gipuzkoako Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatua, Sarai Zarate, Arabako Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako foru diputatua; Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomia Sustapen Saileko foru diputatua, Aitor Urzelai Spriko zuzendari nagusia, Mikel Amundarain Jaurlaritzako industria sailburuordea, Bilbo, Barakaldo eta Elgoibarko alkateak, eta Eusko Legebiltzarreko, Adegiko, Elkargiko, Merkataritza Ganberetako eta Icexeko hainbat ordezkari ere bai.