Eraikuntzan 200 lanpostu sortu dira | Argazkia: iStock

EKONOMIA

42.200 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian

Zerbitzuen sektorea izan da kalte gehien izan duena, 35.400 lanpostu gutxiago zenbatu baitira

2024ko hirugarren hiruhilekoan, 42.200 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian. INE Espainiako estatistika erakundeak biztanleria aktiboari buruzko inkesta argitaratu du gaur, eta lanpostuek behera egin badute ere, langabeen kopuruak behera egin du, 8.400 gutxiago baitaude. Zerbitzuen sektorea izan da kalte gehien izan duena, 35.400 lanpostu gutxiago zenbatu baitira; industriak ere 5.600 galdu ditu, eta lehen sektoreak 1.600; eraikuntzan, aldiz, 200 lanpostu sortu dira. Halaber, biztanleria aktiboak behera egin du: 50.600 pertsona gutxiago daude lanean aritzeko prest Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan.

Lurraldeka, hirugarren hiruhilekoan Arabako langabezia tasa %9,1ekoa da, eta langabe kopurua 15.200 pertsonakoa; Bizkaian, berriz, tasa %8,1ekoa da eta 46.300 langabe zenbatu dira; Gipuzkoan %5,8koa da langabezia tasa, 18.600 pertsonekin; bestalde, Nafarroan %7,7koa da, 28.200 pertsonarekin. Hala, iazko datuekin alderatuta, 600 langabe gehiago daude Araban, 7.200 Bizkaian eta 4.400 Gipuzkoan. Nafarroak pareko datuak ditu iazko epe berarekin alderatuta.