4.462,9 milioi euro batu ditu Gipuzkoako ogasunak urrira arte, iaz baino 29 milioi gehiago
Zuzeneko zergen bidez bildutako kopurua %1,0 handitu da, iazko epe beraren aldean; kontrara, %0,8 txikitu da zeharkako zergen bidez jasotakoa
Gipuzkoako Foru Aldundiak 4.462,9 milioi euro bildu ditu urrira arte zerga bilketa bidez; hala, 2023ko aldi berean baino 29 milioi euro gehiago bildu ditu, %0,7ko hazkundearekin. Zuzeneko zergen bilketak gora egin du, %1,0, baina ez da hala izan zeharkako zergen kasuan, %0,8 egin baitu behera.
Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azaldu du aurreikusita zituzten datuekin bat datorrela urrira arteko diru-bilketen kopurua, eta gaineratu du likidazio hori, mutualistei egin behar izan zaizkien itzulketak “eragin negatiboa” izan arren, “2023an Gipuzkoako ekonomiaren jarduera positiboari esker lortutakoa baino handiagoa izango dela”.
Zuzeneko zergei dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kasuan, %10,3 igo dira lan-etekinen gaineko atxikipenak (169,2 milioi euro). PFEZaren zerga bilketa garbia 34,6 milioi euro gutxiagokoa izan da, eta itzulketak, aldiz, 215,5 milioi hazi dira. Sozietateen gaineko zergetan, kuota diferentzial garbiaren sarrerek hiru milioiko hazkundea izan dute urrira arte.
Foru erakundeak kudeatzen duen BEZari dagokionez, bilketak %3,5eko beherakada izan du, 40,1 milioi euro gutxiagorekin. Esparru honetan, sarrerak 69,8 milioi gehiago hazi dira (%5,0), eta itzulketak 37,6 milioi euro (%5,2).