52 urteko langile bat hil da Arbizun, lan istripuz
Eraikuntza materiala kamioi batetik deskargatzen ari zela zama gainera erori zaio. Euskal Herrian aurten lanean hildako bigarren behargina da
52 urteko gizonezko bat hil da gaur goizean Arbizun (Nafarroa). Eraikuntza materiala kamioi batetik deskargatzen ari zen, herrian zaharberritzen ari ziren etxebizitza batean, eta zama gainera erorita zendu da.
09:15ak aldera jaso dute abisua larrialdi zerbitzuek. Altsasuko suhiltzaileak, polizia, osasun langileak eta anbulantzia bat bertaratu dira baina ezin izan dute ezer egin beharginaren bizia salbatzeko. Hilotza Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, autopsia egin diezaioten.
Euskal Herrian, aurten, lan istripuz hil den bigarren behargina da. Lehenengo ezbeharra Gasteizen jazo zen, urtarrilaren 7an, 61 urteko langile bat hil zen, hondeamakina baten palak kolpatuta.