Itxaso Berrojalbiz, Bizkaiko Ogasun eta Finantzen foru diputatua | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

EKONOMIA

560 milioi euro itzuliko ditu Bizkaiko Ogasunak aurten

Abisu gutuna jaso ondoren, bihartik aurrera zergadun guztien errenta-zirriborroak Aldundiaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri

Bizkaiko Ogasunak 2023ko errenta kanpaina aurkeztu berri du. 663.000 aitorpen likidazio inguru aurkeztuko dira denera, iaz baino 40.000 gehiago. Hamar aitorpenetatik zazpi (%71,64) zergadunen alde izango dira, eta denera 560 milioi euro itzuliko ditu ogasunak. Bilduko duena, kopuru txikiagoa izango da, 397 milioi euro, eta beraz, emaitza negatiboa da, 163,1 milioikoa. 

Itxaso Berrojalbiz, Bizkaiko Ogasun eta Finantzen foru diputatuak aurreratu duenez, 2023ko kanpainaren berritasun nagusiak honako hauek dira: inflazioaren ondorioak konpentsatzeko %2ko deflaktazioa, 38 milioi euroko inpaktu ekonomikoa, 30.000 eurotik beherako errentetarako 200 euroko itzulketa, edo langile autonomoentzat justifikatu gabeko gastuen ‘forfait’ igoera, %70era artekoa, nekazaritzako eta abeltzaintzako jardueretarako eta salgaien garraiorako. Azken honek 17 milioi euroko eragina izango du.

Kanpaina asteazkenean hasiko da, abisu gutunak bidalita. Bihar bertan, zergadun guztien errenta-zirriborroak aldundiaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri. Ondarearen gaineko zergaren kanpainan, 8.100 aitorpen aurkeztuko direla aurreikusten du, eta 88 milioi euro biltzea espero da.

Era berean, Berrojalbizek errentaren kanpaina honetan Bizkaiko zergadunek kenkari sozialak aplikatuko dituztela nabarmendu du, eta honako arrazoi hauengatik izango dira: ondorengoengatik, adinekoengatik, etxebizitzagatik, ezgaitasunagatik, mendekotasunagatik edo gizarte aurreikuspeneko entitateei egindako ekarpenengatik. Guztira, 712,6 milioi euro batuko dira, iaz baino 28,6 milioi euro gehiago.