Kongresuara bertaratutako hainbat ordezkari | Argazkia: Eusko Ikaskuntza

EKONOMIA

Pertsonak eredu sozioekonomikoaren erdigunean: Eusko Ikaskuntzaren kongresuko lehen eguneko gaia

Euskal Herriak dituen erronka eta arazoen inguruko "adostasuna eta konponbideak" lortzea du helburu gaurtik ostiralera bitarte egingo den topaketak. Eredu sozioekonomiko berria eta ongizate gizarte izan dute gaur mintzagai

300 lagun inguru bildu dira gaur Gasteizko Europa Jauregian, Eusko Ikaskuntzak antolatutako XIX. Kongresuan. Hego Euskal Herriko egungo eta etorkizuneko erronkei heltzeko proposamenak plazaratzeko asmoz, hiru eguneko jardunaldia antolatu du erakundeak, gaurtik ostiralera bitarte. Herri ituna(k) jendartearen eta lurraldearen kohesiorako izenburupean, eredu sozioekonomiko berria eta ongizate gizartea izan dute hizpide gaurkoan.

Hego Euskal Herriko instituzio eta eragile askotako ordezkariak izan dira bertan, tartean Imanol Pradales lehendakaria, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordea, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia, Maider Etxeberria Gasteizko alkatea eta Patxi Juaristi, Eusko Ikaskuntzarne XIX. Kongresuko lehendakaria.

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak adierazi du aurtengo kongresuan proiektu ugari aurkeztuko dituztela, “datozen urteotako guztion erronkak izango diren gaiei helduta”. Hala, bere hitzetan, "elkargune honek Euskal Herri mailako erronkei heldu izan dio 1918an sortu zutenetik, eta beti jendartearen ondoan izan da, Euskal Herriak zituen erronka eta arazoei adostasunak eta konponbideak bilatzen”.

Eredu sozioekonomikoa birdefinitzen

Andoni Eizagirre Mondragon Unibertsitateko katedradunak eman dio hasiera gaurko jardunaldiari, eta etorkizuneko ongizate eta eredu sozioekonomikoaren birdefinizioaz mintzatu da. Bere hitzetan, oinarrizko “bi premisa” hartu behar dira kontuan: "garenaren neurriaz jabetu behar gara eta gure herria kokatu behar dugu une historikoan. Industrializazioak garranzia handia izan du gurean, eta enpresaren tamainaz gain, beste balore batzuk ere badaude: pertsonen ezagutzak, hitza ematea, konpetentziak...”

Hilary Cottam: “Ongizate estatuak zerbitzu estandarizatuetan zentratutako eredu batetik pertsonetan zentratutako eredu batera pasatu behar du”

Ondoren, Hilary Cottam Londresko Unibertsitateko irakasle, diseinatzaile eta ekintzaile britainiarrak “ongizate estatuaren ikuspegi boteretsu eta eraldatzailearen” inguruan aritu da. “Ongizate estatuak zerbitzu estandarizatuetan zentratutako eredu batetik pertsonetan zentratutako eredu batera pasatu behar du”, adierazi du.

Garapen ekonomikoa, enpleguaren jasangarritasuna eta iraunkortasuna

Hainbat mahai inguru ere egin dira kongresuan. Alberto Ansuategi EHUko katedradunak, Edurne Magro Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzaileak eta Teofilo Rojo EHUko irakasleak trantsizioan oinarritutako garapen ekonomikoari buruzko solasaldia eskaini dute. Trantsizioa epe luzerako inbertsio gisa ikusi behar dela azaldu dute, eta eragile guztiek modu aktibo eta koordinatuan hartu behar dituztela beren rolak.

Enpleguaren jasangarritasunaz eta ongizateaz ere aritu dira. Tomas Arrieta Lan Harremanen Kontseiluko lehendakari ohiak, Leire Gartzia Deusto Businness Schooleko kideak eta Rafael Muñoz de Bustillo Salamankako Unibertsitateko irakasleak lanaren etorkizuna eta ongizate politikak izan dituzte hizketagai. “Merkatuaren beharrak eta enpleguaren kalitatea hobeto lerrokatzeak produktibitate eta lehiakortasun ziklo bertutetsua sor dezake”, adierazi du Arrietak.

Maria Angeles Durán: “Ordaindu gabeko lanen banaketa desorekatuak genero desberdintasunak iraunarazten ditu, eta emakumeek lan-eremu formalean dituzten aukerak mugatzen ditu”

Azken mahai inguruaren aurretik, Maria Angeles Durán CSIC erakundeko irakasle katedradunak ordaindu gabeko lanari buruzko hitzaldia eman du. “Etxeko lanak zein zaintza lanak duten balio ekonomikoa izugarria da, izan ere, funtsezkoak dira nahiz eta diru-sarrera zuzenik sortzen ez duten”, nabarmendu du. Ordaindu gabeko lana ikusaraztearen garrantzia ere gogoratu du: “lan horien banaketa desorekatuak genero desberdintasunak iraunarazten ditu, eta emakumeek lan-eremu formalean dituzten aukerak mugatzen ditu”.

Azkenik, Itziar Aguado EHUko irakasleak, Javier Buron Nasuvinsako ordezkariak eta Concepción Patxot, Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak iraurkortasunari buruzko mahai ingurua osatu dute. Aguadok prekarietatea murrizteko eta bizitza pertsonala eta profesionala hobeto uztartzeko lan politikak ezartzea proposatu du, baita pentsio sistemaren iraunkortasuna bermatuko duten erreforma fiskalak egitea ere. Buronek, bestalde, etxebizitza politika jasangarriak garatzearen garrantzia azaldu du, “belaunaldien arteko bizikidetza ereduak eta ingurumen inpaktua murrizteko irtenbide ekologikoak” behar direla azpimarratuz.