Gora egin dute inbertsio ondasunek (%16,8) eta bitarteko ondasunek (% 9,3) | Argazkia: iStock

EKONOMIA

Abuztuan %6,2 hazi da industria produkzioa Nafarroan

Igoera nabarmena izan da garraio materialen azpisektorean, ekoitzitako turismo kopuruak ere gora egin baitu

Atzo iragarri zituen Eustatek EAEko industria produkzioaren indizearen datuak. Gaur, Nastat Nafarroako Estatistika Erakundeak iragarri ditu Nafarroako datuak. Zehazki, %6,2 handitu da industria produkzioa 2023ko abuztutik 2024ko abuztura.

Sektoreka, gorakada nabarmena eman da garraio materialean (%34,4). Izan ere, 2023ko abuztuan 7.892 turismo fabrikatu baziren, 2024ko abuztuan 9.337 ekoitzi dira. Bestalde, gora egin du produkzioan zurgintzaren sektoreak (%12,0), baita bestelako manufaktura industriek (%3,6), energiaren sektoreak (%2,8), eta nekazaritzako elikagaien industriak (%0,2) ere. Ekoizpena beheratu den sektore bakarra industria metalikoarena izan da (%2,2).

Erabilera arloari dagokionez, gora egin dute inbertsio ondasunek (%16,8) eta bitarteko ondasunek (% 9,3). Kontrara, kontsumo ondasunek behera (%3,8) egin dute, aurreko urteko abuztuarekin alderatuta.