Arabako Ogasunaren egoitza, Gasteizen | Argazkia: Arabako Foru Aldundia

Zergak

Aldundiek Aberastasun Handien Aldi Baterako Elkartasun Zergaren aurreproiektua argitaratu dute

Ondarearen gaineko Zergarekiko osagarria izango da, eta 3.200.000 eurotik gorako ondarea zergapetuko du

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundia koordinatu egin dira Aberastasun Handien gaineko Aldi Baterako Elkartasun Zergari buruzko aurreproiektua definitzeko. Zerga hori Ondarearen gaineko Zergarekiko osagarria da pertsona fisikoen 3.200.000 eurotik gorako ondare garbia zergapetzeko, eta Itun Ekonomikoa dela eta bakoitzak berea finkatu behar badu ere, aurreproiektuak modu koordinatuan gauzatu dituzte hiru aldundiek. Eta denek ala denek gaur abiarazi dute aurreproiektua jendaurrean jartzeko prozedura.

Arabaren eta Bizkaiaren kasuan kasuan, %1,5eko tasa aplikatuko litzaioke 3.200.000 euro bitarteko oinarri likidagarriei, % 1,75ekoa 6.400.000 euro bitartekoei; % 2koa 12.800.000 euro bitartekoei, eta % 3,5ekoa 16.000.000 eurotik aurrerakoei. Bizkaian ere tasa beretsuak aplikatuko dira, %1,5etik hasita, %3,5era. Gipuzkoaren kasuan, aldiz, tarte bakoitzeko diru-kopurua ez da aldatzen, baina lehen hiru tarteetan aplikatuko den tasa handiagoa da Araban eta Bizkaian baino: % 1,7eko tasa 3.200.000 euro bitarteko oinarri likidagarriei, % 2,1ekoa 6.400.000 euro bitartekoei; % 2,5ekoa 12.800.000 euro bitartekoei, eta % 3,5ekoa 16.000.000 eurotik aurrerakoei.

Zerga osagarria denez gero, zergadunek beren Ondarearen gaineko Zergaren kuota likidoaren zenbateko bereko kenkaria aplikatuko diote Fortuna Handien gaineko Aldi Baterako Elkartasun Zergaren kuota osoari. Aldi baterakoa izanik, Ekonomia Itunean jaso bezala, lurralde erkidegoan indarrean dagoen bitartean aplikatuko da.