Baiona da neurria ezarriko den 24 udalerrietako bat | Argazkia: iStock

EKONOMIA

Alokairuak mugatzeko neurria sartuko da indarrean Ipar Euskal Herrian

Lapurdiko 24 herritan ezarriko da neurria azaroaren 25etik aurrera. Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetak eta Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko presidenteak atzo izenpetu zuten akordioa

Azaroaren 25ean sartuko da indarrean alokairuak mugatzeko neurria Ipar Euskal Herrian. Tentsioguneko zonaldeetan aplikatuko da, Lapurdiko 24 herritan hain zuzen: Ahetzen, Angelun, Arbonan, Arrangoitzen, Azkainen, Baionan, Basusarrin, Bidarten, Biriatun, Bokalen, Donibane Lohizunen, Getarian, Hendaian, Hiriburun, Jatsun, Larresoron, Lehuntzen, Miarritzen, Milafrangan, Mugerren, Urketan, Urruñan, Uztaritzen eta Ziburun.

Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetak eta Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko presidenteak atzo sinatu zuten akordioa, eta etxebizitza krisiari aurre egiteko beharrezko neurria dela adierazi zuten.

Hiru eremu zehaztu dituzte, bakoitzean batez besteko alokairu prezio bat ezarriz metro karratuko. Lehenengo eremuan izango da garestien alokairua: 12,5 euro metro karratuko, batez beste. Baiona, Angelu, Biarritz edota Donibane Lohizune daude eremu horretan. Bigarrenean, Urruña edota Arbona daude, eta 11 euro pasatxoan ezarriko da alokairua metro karratuko. Hirugarren eremuan, kostaldean, Biriatutik Urketara, ia 11 euroan ezarriko dute.

Alokairu pribatuak mugatzeko neurria Frantziako Estatuak onartu zuen orain lau urte. Parisen ezarri zen lehenengo eta Bordelen, Lyonen eta Montpellierren martxan jarri da gerora.

Jabe pribatu batek, araututako batezbestekoaren gainetik %20 gehiago eskatu ahalko du gehienez alokairuagatik. Halaber, gutxieneko prezio bat ere gomendatu dute, batez bestekoa baino %30 txikiagoa. Arautako neurriak ez badira betetzen, 5.000 eta 15.000 arteko isunak jaso ditzakete etxe-jabeek nahiz higiezin agentziek.