Alokatzeko etxerik ez
KPIaren eta Euriborraren igoera jazo denetik, areagotu egin dira alokatzeko etxebizitzak topatzeko zailtasunak
Jakina da Espainiar estatuan pisuak oso azkar alokatzen direla. Egunkarietan eta albisteetan egunero irakur eta ikus dezakegu Bartzelonan, Madrilen eta beste hainbat hiritan alokairuen salneurriak nola igo eta etxe horiek zein denbora gutxian alokatzen diren, are gehiago Euskal Herriaren kasuan, ikusiko dugun bezala.
Hainbat arrazoi topa ditzakegu gertakari horren atzean, batik bat, dagoen eskaintza eza, azkenengo urteko KPI kontsumo prezioen indizea izugarri hazi dela, eta, zoritxarrez, bankuen baldintzak hipotekak eskaintzerako orduan guztiz aldatu direla.
Alderdi horiek guztiek oso eragin latza dute alokairuen merkatuan, eta azkenean maizterrak dira kaltedun nagusiak. Euskal Herriko hiriak handiak ez direla badakigu, hortaz errentan dauden pisuen eskaintza mugatua izango da.
Testuinguruak dena aldatu du
Azkenengo hamabi hilabetetako KPIa %10aren inguruan izan denez, azkenengo urteetako bolada apurtu da, non KPIa negatiboa izatera ailegatu zen eta beste urte batzutan %1aren inguruan bukatu zuen. Orain, Euriborra positiboan dugu, eta bankuek eskaintzen dituzten produktuetan oso argi ikus daiteke gertaturikoa: urte hasieran interes finkoko hipotekak %1en inguruan mugitzen ziren; gaur egun, hori guztiz desagertu da. Hipoteka aldakorren kasua antzekoa da, eta erosleen erosteko nahia desagertu da kasu askotan. Erosle berriak izango zirenek etxerik erosiko ez dutenez, alokairu munduan jarraituko dute. Aldi berean, alokatze merkatura lehenengoz zuzenduko diren errentari berriak agertuko dira.
Erosleen erosteko nahia desagertu da kasu askotan. Erosle berriak izango zirenek etxerik erosiko ez dutenez, alokairu munduan jarraituko dute. Aldi berean, alokatze merkatura lehenengoz zuzenduko diren errentari berriak agertuko dira
Zein da alokairu batek merkatuan igaroko duen denboraren batez bestekoa? Espainian, COVID-19a baino lehen, pisu bat 20 eta 30 egun bitartean alokatzen zen; COVID-19 eta gero, epe hori ia bi hilabetetara luzatu zen estatu mailan. Euskal Herrian pisuak pixka bat azkarrago alokatu izan dira beti. Orain, ordea, epe horiek laburtuz doaz, eta Euskal Herrian pisuak apenas egoten dira alokagai egun batzuk.
Une larria
Gaur egun, alokairuak betidanik ondo lantzen dituzten etxe-agentziek normalean beraien eskaintzako pisuak bi aste inguru izaten dituzte merkatuan, salbuespenak salbuespen. Bi aste hauetan, profesionalek bezero apropos eta formalak bilatu, jabeen interesak defendatzeko maizterrei soldata-orriak eskatu, eta ez-ordaintze asegurua eta etxetiar aseguruak sinatuko dituzte.
Alokairu ezaren egoera hori, baina, uda ostean bereziki nabarmendu da, eta egunero euskal higiezinen agentzietan hainbat dira pisu eske bila doazen errentari posible asko. Atetik sartu bezain laster esaten duten esaldirik errepikatuena da: “zuek ere ez daukazue pisurik alokagai, ezta?”. Esaldi horrek ondo baino hobeto laburtzen du merkatuak bizi duen une larria.
Atetik sartu bezain laster esaten duten esaldirik errepikatuena da: “zuek ere ez daukazue pisurik alokagai, ezta?”
Etxebizitzen eskaintza urria ez da maizterren arazo bakarra. Izan ere, orain prezioak nahiko igo dira artikuluan azaldu den bezala, bereziki apenas daudelako pisuak alokagai eta KPIa izugarri handitu delako. Gobernuak abenduaren bukaera arte KPIa %2n murriztu du. 2023an murrizketa hori kentzen bada, errentak berriro igoko dira, eta are zailagoa izango da aloiru duin bat lortzea.
Horri guztiari Ukraniako gerra gehitzen bazaio, datorren urterako albisteak onak ez direla izango aurreikus dezakegu. Segur aski, gobernuak KPIaren murrizketa epea luzatu eta beste eratako neurriak har ditzake errentarien babeserako eta alokatze merkatua babesteko asmo irmoarekin.