Altxorraren zaporea
Ekhi Gold txokolate enpresa nafarrean urrezko bonboiak egiten dituzte, txokolate maisuak diseinatutako formula berri batekin, berrikuntza eta artisautza elkartuta. 22,5 kilateko urrearekin egindako txokolatea egiten dute, munduan bakarra
Itsasoan ikusitako ilunabar bati urrezko bonboiaren tankera hartu zion Juan Mari Iriartek. Une horretantxe etorri zitzaion negozio berria sortzeko ideia. Urrea erosi eta txokolatearekin nahasten hasi zen, probak egiten, urrea eta txokolatearen arteko fusio perfektua sortzen. Eta lortu zuen. 2018 amaieran sortu zuen Ekhi Gold eta sistema patentatu egin du mundu mailan. Luxuzko txokolatea egiten du, urrezkoa.
Aurretik ere bazekien txokolatea egiten, txokolategile familia bateko bigarren belaunaldikoa baita. Baina, urrezkoa berezia dela dio Iriartek: “Urrezko txokolatea egiteak lan izugarri handia du. Guk sortutako txokolatea da, propioa eta oso berezia. Txokolatea eta urrea beti identifikatu izan dira desioa, gozamena eta boterearekin eta guk biak fusionatu ditugu. Bi altxor batean elkartu ditugu”. Txokolatea Madagaskartik eta Perutik ekartzen dute, bi kontinentetako zaporeak ongi fusionatzen direlako. Urrea, berriz, Frantzian lortzen dute, bertako artisau batek prestatzen die eta bien arteko fusioa Parisen egiten dute, Or Noir (euskaraz urre beltza) izeneko laborategian sortzen dituzte Ekhi Gold urrezko bonboiak. “Familia enpresa txikia sortu dugu eta hala jarraitu nahi dugu. Handituz gero ja ez da artisaua eta xarma ere galdu egiten du”, dio Iriartek.
Juan Mari Iriarte: “Urrezko txokolatea egiteak lan izugarri handia du. Guk sortutako txokolatea da, propioa eta oso berezia. Txokolatea eta urrea beti identifikatu izan dira desioa, gozamena eta boterearekin eta guk biak fusionatu ditugu. Bi altxor batean elkartu ditugu”
Enpresa txikia izanagatik ere egiten dutenak oihartzun handia izan du. 2018an, Ekhi Gold sortu zenean, ez zuten inolako kontakturik. Iriartek kontatu digunez, Marbellara egindako bidaian hasi ziren handitzen: “Marbellako Gomez&Molina bitxitegian kontaktu bat lortu eta hara joan nintzen. Produktu berezia nuela eta luxuzko ekitaldiak antolatzen dituzten bizpahiru pertsonekin kontaktuan jarri ninduen hark. Hantxe hasi ginen zabaltzen”. Beraien web atarian saltzen dute gehien, eta El Corte Ingles kateak ere online salmenta bidez Ekhi Gold bonboiak ditu eskuragarri. Luxuzko ekitaldietan eta ezkontzetan ere oso demandatuak dira urrezko bonboiak, eta erosleen artean dituzte zenbait hotel ere, tartean Grupo Paradium hotelen katea eta Donostiako zenbait hotel.
Iriartek argi du prezio altuko produktuak eskaintzen dituztela, urrea ez delako merkea eta bonboien estutxea ere pertsonalizatu egiten dutelako. Hala ere, inguruko erosleak ere badituzte: “Guretzat sorpresa izan da luxuzko ekitaldiekin zerikusirik ez duten erosleak ere izatea, Beratarrak, Donostiarrak edo Bilbotarrak, tartean. Detaile berezi baten bila dabiltzan erosleak izaten dira”.
“Organismoarentzat toxikoak ez diren nanopartikularik ez duela dioen ziurtagiria dugu eta, ondorioz, erabiltzen dugun urrea guztiz purua eta garbia dela bermatuta dago”
Urrearen onurak
Egiten dutena txokolate berezia dela azaldu digu Iriartek, bi kontinentetako txokolatea urre ukitu batekin nahastuta. Urreak, gainera, sorpresa onak eman dizkiela aitortu du: “Urreak bizitza luzatzen dio gure txokolateari, bakterioen aurkakoa delako. Bestetik, nanoteknologian ere urrearekin zenbait froga egiten dihardute eta emaitza oso positiboak lortu ditu minbiziaren, esklerosiaren eta erreumaren aurka”. Urrea ona izango ote den edo ez hasieran zalantzak izan bazituzten ere, emaitza horiei begiratuta proiektuari gogotsu ekin ziotela azaldu digu txokolategileak: “Organismoarentzat toxikoak ez diren nanopartikularik ez duela dioen ziurtagiria dugu eta, ondorioz, erabiltzen dugun urrea guztiz purua eta garbia dela bermatuta dago”.
“Urreak bizitza luzatzen dio gure txokolateari, bakterioen aurkakoa delako. Bestetik, nanoteknologian ere urrearekin zenbait froga egiten dihardute eta emaitza oso positiboak lortu ditu minbiziaren, esklerosiaren eta erreumaren aurka”
“Zapore bikaina” eta dituen onurak ikusita, guztira lau produktu eskaintzen dituzte Ekhi Golden. Alde batetik, Sunset izeneko bonboiak: “Ilunabarra irudikatzen duten bonboiak dira eta negozio-ideiaren jatorriagatik izendatu ditugu horrela. Goi mailako bitxigintzako estutxetan saltzen ditugu”. Horizon izeneko urrezko bonboiak ere badituzte: “Hogei bonboiko kaxa da eta oparitzeko oso egokia izan liteke”. Hirugarrenik, Infinity bonboiak dituzte, bihotz formarekin: “Ezkontzetarako erabiltzen direnak dira. Gainera, Espainiako Ekintzaile Onenaren Saria jaso genuen Madrilen bonboi hauengatik”. Azkenik, Jewel izeneko bonboiak ere badituzte: “Bereziak dira, kaxa bakoitzean bi bonboi etortzen dira eta belarritakoen forma dute, hortik izena”. Altxorraren zaporea dastatzeko aukera eskaintzen duten luxuzko lau produktu, beraz, Ekhi Golden.