Hausnarketa kolektiborako hiru saio antolatu zituzten Hernanin | Argazkia: Farapi

EKONOMIA

Amatasunak kooperatibetan duen eragina aztertu dute Artaziak eta Farapi kooperatibek

Proiektu kooperatiboek amatasunen aurrean haien egoera aztertu eta birpensatzeko tresna izatea da argitalpenaren helburua, ekonomia sozial eraldatzaile eta feministaren ikuspegitik

Amatasuna eta kooperatibismoa uztartzearen auzia lantzeko asmoz, ama izateak kooperatibetan duen inpaktua aztertu dute Artaziak eta Farapi kooperatibek. Hausnarketa “kolektibo eta parte-hartzaile” bat egin dute, Gipuzkoako 12 proiektu kooperatibok parte hartu dutelarik ikerketan, eta haren emaitzak Amatasunak proiektu kooperatiboetan izeneko argitalpenean jaso dituzte.

Bi kooperatibek ohar bidez azaldu dutenez, lankideen arteko elkarrizketa informal batean bururatu zitzaien amatasunaren gaia lantzea. Izan ere, kooperatiba feminizatu eta gazteetan, ama bilakatzeak proiektua edo lantaldea “hankaz gora” jar dezakeela gogoratu dute.

Hausnarketa kolektiborako hiru saio antolatu zituzten Hernaniko (Gipuzkoa) Kulturarteko Plaza Feministan. Nola izan zen lehenengo amatasun iragarpena kooperatiba bakoitzean? Zer nolako eragina izan zuen lantaldean eta proiektuan? Nola bizi izan zuten norbanakoek? Zein irakaspen atera zituzten bertatik? Halako galderen inguruan hausnartu zuten proiektuan parte hartutako kooperatibek.

Entitate hauek amatasunen aurrean haien egoera aztertu eta birpensatzeko tresna izatea da argitalpenaren helburua, ekonomia sozial eraldatzaile eta feministaren ikuspegitik, eta argitu dutenez, “kooperatiben praktiketatik teorizatzeko ariketa izan da ikerketa prozesua”.

Azterlana bost eremutan banatuta dago: eragina antolakuntzan; lehentasunen arteko talkak; talde harremanetan tentsioak; malgutasuna eta kontziliazioa eta eragin ekonomikoak.