Argazkia: Azti zentro teknologikoa

EKONOMIA

Antxoa gazteen biomasa beheratu dela antzeman du Aztik

Antxoa gazteen batez besteko tamaina 9,7 zentimetrokoa da, eta biomasa 255.434 tonakoa

Beherakada txikia iragarri du antxoa gazteen batez besteko biomasan Azti euskal zentro teknologikoak. Izan ere, amaitu dute jada Bizkaiko golkoko antxoaren eta beste espezie pelagiko batzuen populazioaren azterketa. Emaitzen arabera, antxoa gazteen biomasa 2019, 2020 eta 2021 urteetakoa baino pixka bat altuagoa da, 255.434 tonakoa; hala eta guztiz ere, “denbora-serie historikoaren barruan balio ertain-baxua” da.

Beste datu batzuk ere argitaratu dituzte. Esaterako, antxoa gazteen batez besteko tamaina 9,7 zentimetrotakoa da, kanpainen hasieratik erregistratutako bigarren daturik handiena izanik. Antxoa helduen biomasari dagokionez, maila altuan mantendu da, 245.825 tonatan. Horrez gain, nabarmendu dute antxoa gazteak desplazatu egin direla Frantziako kostalderantz, “Kantauriko uretan presentzia minimoa izanik”.

Guillermo Boyra Aztiko arrantza jasangarrietan adituak eta kanpaina zientifikoaren zuzendariak adierazi du lortu dituzten datuak beste hainbat kanpainarekin lortutako datuekin konbinatuko direla, “indize sintetiko bat sortzeko” eta hala “hurrengo urterako harrapaketa-gomendioak egiteko, arrantza jasangarri eta arduratsua sustatzeko kudeaketa-sistema sendo baten bidez”.

Datu horiek ateratzeko egin den kanpainak Juvena 2024 du izena. Azti da ekinaldiaren buru, Espainiako Ozeanografia Institutuarekin batera koordinatzen du, eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen du. Helburua antxoaren biomasa eta banaketa ebaluatzea da, baita interesekoak diren beste hainbat espezie pelagiko ere. Orotara, 908 itsas ugaztun eta 4.273 itsas hegazti erregistratu dituzte, eta hondakin plastikoen presentziaren gorakada ere antzeman dute.