Argazkia: Arabako Foru Aldundia

EKONOMIA

Araba Busen bidaiari kopurua %15,4 handitu da urtarriletik ekainera

Guztira 1,1 milioi persona baino gehiagok erabili dute zerbitzu publikoa. Gasteiz Arabako eskualdeekin eta probintzia mugakideetako herriekin lotzen duten hogei linea ditu

Araba Bus hiriarteko autobus sarearen erabiltzaile kopurua %15,4 handitu da 2024ko urtarriletik ekainera bitartean, iazko epe berarekin alderatuta. Arabako Foru Aldundiak azaldu duenez, guztira 1,1 milioi persona baino gehiagok erabili dute zerbitzu publikoa.

Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak datu horien balantze "oso positiboa" egin du, kontuan hartuta 2023 "bidaiarien errekor historikoaren urtea" izan zela. Azken urteetan bidaia eta maiztasun gehiagoko kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzeko garatu den “etengabeko hobekuntzako estrategiari eta deskontu sistema anbiziotsu eta erakargarriari” esker handitu da erabiltzaile kopurua Nogalesen ustetan.

Gasteiz Arabako eskualdeekin eta probintzia mugakideetako herriekin lotzen duten hogei linea ditu Araba Busek, baita Bilbo-Logroño eta Bilbo-Iruñea ibilbide luzeko bi linea ere.

Bestalde, Arabako landagune txikiak beren erreferentziako herriguneekin lotzen dituen eskualdeko garraio zerbitzuak are bilakaera positiboagoa izan duela adierazi dute aldunditik. Guztira 45.575 arabarrek erabili dituzte urtarrila eta ekaina bitartean eskualdeko garraioko 28 lineak, hau da, %34,1eko igoera izan da 2023ko aldi berarekin alderatuta.