Guardian egin dute ekitaldia | Argazkia: Irekia

EKONOMIA

Arabako Errioxako ardogintzaren sektore “estrategikoaren” errepasoa egin dute Guardian

Jose Ignacio Junguitu enologo eta sommelierrak adierazi du ardoa “inoiz baino hobea” dela, baina ekoizpen kostuen azpitik merkaturatzen dela

Arabako Errioxako mahastizaintza eta ardogintza sektorea bultzatzeko ekintzak areagotu ditu Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, sektorea “estrategikotzat” jo baitu Amaia Barredo sailburuak. Guardian (Araba) egindako ekitaldian, upategietako ehun ordezkari inguru bildu dira sektorean jarraitu beharreko estrategia berriak eztabaidatzeko, eta Barredok azpimarratu du lankidetza publiko-pribatua sustatzeko beharra dagoela.

Besteak beste, “Ardoa 2025 Ekintza Plana” eta “Upategi eta Edarien Estrategia 2030” ekimenak aurkeztu dira, zeinak helburua duten sektorearen lehiakortasuna eta iraunkortasuna indartzea. Azaldu dituzten datuen arabera, azken urtean %5,3 hazi ziren balioan eta %13,1 bolumenean Jatorri Deitura Babestua (JDB) duten ardoen esportazioak, eta batik bat salmentak handitu ziren herrialde hauetan: Erresuma Batua, Mexiko, Herbehereak, Japonia eta Txina.

Ardoaren batez besteko prezioa, ordea, %7 jaitsi zen iaz, 4,71 euro litroko balioarekin. Jose Ignacio Junguitu enologo eta sommelierrak “paradoxa” nabarmendu du: Arabako Errioxako ardoak “inoizko onenak” badira ere, mahats kilo asko ekoizpen kostuen azpitik merkaturatzen dira. Fenomeno horrek kontsumo-ohituren aldaketa erakusten duela gaineratu du.