Eusko Jaurlaritzak ez du errekurtsorik jarriko Arabako Mahastiak sor-markaren auzian
Maria Ubarretxena Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du erabakia, eta aldi berean “errespetua” adierazi dio ABRAri
Eusko Jaurlaritzak ez dio errekurtsorik aurkeztuko EAEko Auzitegi Nagusiari, Arabako Mahastiak izeneko sor-marka atzera bota zuen epaiaren auzian. Hain zuzen, auzitegiak Errioxako sor-markari eman zion arrazoia, eta, hala, Arabako ardoek marka berria izatea galarazi zuen. Auzitegiak adierazi zuen kontsumitzaileentzat nahasgarria izan zitekeela bi sor-markako ardoak eremu geografiko berean egotea.
Baina epaian “akats batzuk” ikusi zituztenez, kasazio-errekurtsoa jarri zuten ABRA Arabako Errioxako Ardogileen Elkarteak. Eusko Jaurlaritza aztertzen aritu da ea errekurtsoa jarri ala ez, baina azkenean ezetz erabaki du, "azterketa juridiko baten ondoren". Adierazi duenez, “kasazio-errekurtsoa salbuespenezko zerbait da”. Gehitu dute “zaila” iruditzen zaiela “frogatzea kasazio-interes objektibo bat eta Auzitegi Nagusiaren erabakiaren egokitasuna". Hala ere, ABRAren erabakiari “errespetua” adierazi dio Maria Ubarretxenak, Jaurlaritzako bozeramaileak,
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak ohar bat argitaratu du, esanez babestu egiten duela administrazio espedientea tramitatzearen gainean egin den lana.