Arabako Ogasunak 97,6 milioiko zerga iruzurra atzeman zuen iaz
Iruzur kasuak %2 hazi dira lurraldean eta guztira 4.000 esku-hartze egin ditu foru erakundeak
Arabako Foru Aldundiak 97,6 milioi euroko zerga iruzurra atzeman zuen 2023an, hauen kontrako borrokan egindako 4.025 eragiketen ondorioz. Horietatik erdiak baino gehiago pertsona juridikoenak dira (2.909), eta gainerakoak pertsona fisikoenak (1.116). 2022arekin alderatuta, %2 iruzur gehiago atzeman dira iazko urtean.
Sozietateen gaineko Zergan 37,7 milioiko euroko iruzurra atzeman dute, eta lanaren atxikipenean eta BEZan, aldiz, 11,8 milioi eta 11,1 milioi detektatu dira, hurrenez hurren. Sozietate edo autonomoen jarduera ekonomikoari dagokionez, 2023an 1.708 eragiketa egin dira etekin negatiboak edo etekin oso txikiak dituztenen aitorpenetan gezurrezko edo neurriz kanpoko gastuak kontrolatzeko. Egindako ikuskapenen ondorioz, 44,6 milioi euro berreskuratu dira.
Zergadunen jarraipena egiteko bi eragiketa egin dira, eta 7,5 milioi euro berreskuratu ditu ogasunak. Zerga iruzurraren aurkako borrokan ere, zerga aitorpenetan inkoherentziak kontrolatzeko ekintzak egin dira, zehazki, 599, eta 3,1 milioi euro berreskuratu dira. Sozietateen gaineko Zergan 6 milioi euro berreskuratu dira 11 espediente zabalduz. Zerga itzulketak kontrolatzeko, 1.218 eragiketa gauzatu dira, eta, horren ondorioz, 6,1 milioi erregularizatu dira.
Bestalde, Foru Ogasunaren eta udalen arteko lankidetza instituzionalaren baitan, hanbat zerga egiaztatu eta ikertu dira, besteak beste, jarduera ekonomikoen gaineko zerga (JEZ) eta eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga (EIOZ). 43 eragiketen ondoren, aitortu gabeko 1,3 milioi euro kobratu dira.