Argazkia: iStock

Sakonean

Argentina, amildegian

Ziurgabetasuna nagusi da Argentinan Javier Milei ekonomialariaren garaipena eta gero. Anarkokapitalismoaren jarraitzaile sutsua da presidente berria eta pesoarekin bukatu nahi du

Ez da giro Hego Amerikan. Jair Bolsonarok Brasilgo agintea utzi eta urtebetera ultraeskuinak garaipena lortu du latinoamerikako bigarren ekonomian. Neoliberalismotik haratago doan anarkokapitasmoan oinarritu du Javier Mileik bere hauteskunde kanpaina, eta boto-emaileek bere alde egin dute, Sergio Massa peronistari 12 puntuko aldea aterata.

Ultraeskuinaren paradigma garbia da Mileiren diskurtsoa: aldaketa klimatikoa ukatzea, Argentinako diktadura militarrak egindako sarraskiaren negazionista izatea, LGTBIQ+ kolektiboen eskubideen aurka egitea… Donald Trump, Jair Bolsonaro eta Santiago Abascal politikari ultraeskunidarrak zoriontzen lehenak izatea ez da izan, beraz, inongo ezustekorik.

Ekonomia pentsamenduaren alorrean eskola austriarraren ildoekin bat egiten du Mileik

Ekonomiaren ikuspuntuan, baina, presidente berriak alde nabariak ditu ohiko ultraeskumarekin. Izan ere, Milei anarkokapitalismoaren jarraitzaile sutsua da. Bere burua “libertario” eta “anarkokapitalista” gisa du eta hainbat libururen egilea ere bada. Ekonomia pentsamenduaren alorrean eskola austriarraren ildoekin bat egiten du Mileik, eta horren adibide dira bere liburuak, hala nola Desenmascarando la mentira keynesiana: Keynes, Friedman y el triunfo de la Escuela Austriaca —Keynestarren gezurrari mozorroa kentzen: Keynes, Friedman eta Austriako Eskolaren garaipena, 2018—, Libertad, libertad, libertad: Para romper las cadenas que no nos dejan crecer —Askatasuna, askatasuna, askatasuna: hazten uzten ez diguten kateak apurtzeko, 2019— eta El camino del libertario —Libertarioaren bidea, 2022—.

Anarkokapitalismoa: estatua “itxi”

Estatua eragile ekonomiko gisa deuseztea aldarrikatzen dute anarkokapitalistek. XX. mendearen erdialdean sortutako teoria ekonomikoa da, Austriako eskolaren ildoetan oinarrituta, hein handi batean, neoliberalismotik haratago doana. Hauteskunde kanpainan zehar hautagai ultraeskuinararrak “estatuaren itxiera” aldarrikatu du, hezkuntza eta osasungintzaren alorrak pribatizatuz, gastu publikoa murriztuz eta zergak jaitsiz.

“180 graduko aldaketa” burutu nahi du Mileik Argentinan, baina ez du ematen erraz izango duenik. Izan ere, presidentziarako hauteskundeak irabazi baditu ere, babes oso txikia du parlamentuan zein probintzietako agintarien artean

“180 graduko aldaketa” burutu nahi du Mileik Argentinan, baina ez du ematen erraz izango duenik. Izan ere, presidentziarako hauteskundeak irabazi baditu ere, babes oso txikia du parlamentuan zein probintzietako agintarien artean. Ikusteko dago, hortaz, jabego pribatuaren oinarria muturrera eramaten duen filosofia ekonomikoa ezartzeko gauza izango den. Parlamenturako eta lehendakari izateko hautagaitzaren arteko aldeak argentinarrek bere alde baino, beste hautagaiaren kontra bozkatu dutela azaltzen du. Alegia, orain arte ekonomia ministroa izandako Sergio Massa hautagai peronista zigortu dute boto emaileek.

Ekonomiagatik haserre

Krisi ekononomikoan murgilduta dago Argentina berriz ere. Inflazioa % 142,7koa izan zen urrian, eta pobrezia tasa % 40tik gorakoa. Mileiren alde baino, beraz, Massak ordezkatzen duenaren aurka bozkatu dutela esan liteke. Gutxik uste dute Mileik bere programaren ortodoxia oso-osorik martxan jarriko duenik. Argigarria da oso, esaterako, 2015 eta 2019 urte bitartean herrialdearen presidente izandako Mauricio Macri politikariak Mileiren alde egitea.

Krisi ekonomikoak baldintzatu du hauteskunde kanpaina, eta inflazioari aurre egiteko Mileiren proposamenak, ekonomiaren dolarizazioak, boto emaileak liluratu ditu. Izan ere, hiperinflazioa Argentinako historia ekonomikoaren protagonista nagusietako bat da. Krisietara ohituta daude argentinarrak, azken 160 urteetan 16 krisi izan baitituzte.

Krisi ekonomikoak baldintzatu du hauteskunde kanpaina, eta inflazioari aurre egiteko Mileiren proposamenak, ekonomiaren dolarizazioak, boto emaileak liluratu ditu

Munduko lehen ekonomien artean izatera heldu zen Argentina XX. mendearen hasieran. Gaur egun, ordea, 66. postura hondoratu da. Baliabide naturaletan oso aberatsa da, baina ez du bere hauspoa erabiltzen jakin. Lehengaien esportazioan oinarritu zuten ekonomia, eraldatutako produktuak lantzeko industrializazioaren alde egin beharrean. Lehengaien prezioekiko menpekotasunak bere ekonomia baldintzatu du behin eta berriz. Lehen Mundu Gerrak bere Barne Produktu Gordina (BPG) % 20 hondoratu zuen, eta gizartearen egonezinak estatu kolpea ekarri zuen. Ez zen lehena izango.

Militarren eragina

Zortzi estatu-kolpe pairatu dute argentinarrek 1930 eta 1976 artean, horietatik sei arrakastatsu. Merkatu librea eta protekzionismoaren artean jira eta bira ibili da herrialdea aurreko mendean, eta ziurgabetasun faltak atzerriko inbertsioa uxatu zuen. Azken diktadura militarrak desindustrializazioaren alde egin zuen, inportazioak handituz eta desoreka ekonomikoa konpontzeko zorpetzera jo zuen. Militarrek Malvinetan Erresuma Batuaren aurka hasitako gerrak are gehiago hondoratu zuen ekonomia, eta 1983an, demokrazia bueltatzean, zor publikoa PBGren % 109koa zen. Defizita finantzatzeko Raul Alfonsinen gobernuak moneta gehiago jaulki zuen, Argentinako inoizko hiperinflaziorik handiena sortuz.

1983an, demokrazia bueltatzean, zor publikoa PBGren % 109koa zen. Defizita finantzatzeko Raul Alfonsinen gobernuak moneta gehiago jaulki zuen, Argentinako inoizko hiperinflaziorik handiena sortuz

Hauteskundeak deitu behar izan zituen Alfonsinek, Carlos Menemen garaipena ekarriz. Programa neoliberala ezarri zuen Menemek enpresa publikoak pribatizatuz, eta 1991ean dolarra eta pesoaren arteko paritatea legez ezarri zuen. Arrakasta izan zuten hasiera batean Menemen politikek inflazioa kontrolatzea ahalbidetu baitzuten. Aitzitik, denbora tarte luzeegian mantendu zuten gezurrezko paritate hori, eta 2002an pobrezia tasa % 66ra heldu zen eta inflazioa BPGren % 147. Estatuak ezin izan zion bere zorrari aurre egin, eta gobernuak pesoa eta dolarraren arteko paritatearekin bukatu zuen. Aurrezkiak pesoetan zituzten argentinarrek. Zorrak, ordea, dolarretan. Parekotasunetik 1 eta 4 arteko ganbio tasara pasa ziren, pobrezia are gehiago handituz.

Dolarizazioa, konponbidea?

Nazioarteko Diru Funtsaren zordunik handiena da Argentina, eta ez du ematen epe laburrean murriztuko duenik. Lehengaien esportazioen menpekotasun handia eta gastu publiko jasanezina dira Argentinaren ekonomiaren ahulezi nagusiak. Dolarra eta pesoaren arteko parekotasuna izan bitartean merkeagoa zen ondasunak inportatzea ekoiztea baino, eta industria alboratu zuten.

Ondorio horien zamak oraindik dirau, eta lan nekeza izango du gobernu berriak. 2022ko datutik oso hurbil dagoen inflazio tasari egin beharko dio aurre Mileik, % 140koa. Proposamena badu: ekonomiaren dolarizazioa. Banku zentralarekin bukatu nahi du hautatutako presidente berriak edo, zehatzago esanda, pesoarekin, dolar estatubatuarra moneta gisa hartuz.

Norberaren dibisa utzi eta dolarraren itzalpean egotea ez zaie doan aterako argentinarrei. Moneta politikari uko egitea da, azken batean, AEBko Erreserba Federalak hartutako erabakien menpe egonez

Mileik badaki ez duela erraza izango. Gainerako alderdiekin negoziatu beharko du parlamentuan gehiengoa lortzeko. Denbora ere eskatu du, 18 eta 24 hilabete inguru politika berriaren eragina hedatzeko. Jai eguna izan zuten atzo Argentinan eta ikusteko dago merkatuek emaitza nola hartu duten. Abenduaren 10ean hartuko du kargua, eta goiz da bere politiken nondik norakoak ezagutzeko, baina zalantzak nagusi dira. Norberaren dibisa utzi eta dolarraren itzalpean egotea ez zaie doan aterako argentinarrei. Moneta politikari uko egitea da, azken batean, AEBko Erreserba Federalak hartutako erabakien menpe egonez. Bere neurriaren bideragarritasuna dolarra eta pesoaren arteko ganbio tasak baldintzatuko du.

Ecuador eta El Salvador, aitzindariak

Argentinak esperientzia oso txarra izan du ganbio tasen jokoarekin. Menemen garaian ezarritako parekotasuna artifizialki mantentzeak ilusio faltsua piztu zuen, gezurrezko erosahalmena sortuz, batez ere inportazioetan. Parekotasunetik errealitatera igarotzeak min handia sortu zien. Badira, baina, dolarizazioaren bidea hartu duten bi adibide: Ecuador eta El Salvador.

Duela 23 urte ekin zion dolarren menpe egoteari Ecuadorrek, Jamil Mahuad presidenteak bultzatuta. Hiperinflazioak jota zegoen Ecuador eta dolarizazioak prezioen gorakada lausotu zuen, hasiera batean, behintzat. Baina Ecuadorren arazoak ez dira desagertu. Bere zor publikoa munduko okerrenen artean kokatu du Moody´s agentziak, eta azken 20 urteetan bitan utzi dio zorra ordaintzeari.

Duela 23 urte ekin zion dolarren menpe egoteari Ecuadorrek, [...] baina Ecuadorren arazoak ez dira desagertu. Bere zor publikoa munduko okerrenen artean kokatu du Moody´s agentziak, eta azken 20 urteetan bitan utzio dio zorra ordaintzeari

Antzeko neurria hartu zuen El Salvadorrek 2001ean. Kasu honetan ere inflazioa menderatzeko balio izan zuen, baina Ecuadorren bezala, albo kalteak handiak izan dira. Argentinan gertatu bezala, dolarretara egokitzen diren ekonomietan desindustrializaziorako joera handia dago, horrek dakartzan arrisku guztiekin.

Baliabideetan aberatsa

Ikusteko dago Mileik dolarizazioaren bidea abian jarriko duen. Herrialde aberatsa da Argentina baliabide naturaletan. 2012an YPF petrolio konpainiaren % 51 desjabetu zion Repsol konpainiari.

Trantsizio ekologikorako funtsezkoak diren lehengaietan ere aberatsa da, munduko litioaren erreserben ia % 5 bertan egonda

Trantsizio ekologikorako funtsezkoak diren lehengaietan ere aberatsa da, munduko litioaren erreserben ia % 5 bertan egonda. Mileik gastu publikoa murrizteko politikak behin eta berriz agindu ditu hauteskunde kanpainan zehar baina zuhur jokatu beharko du argentinarren egonezina kudeatzen. Argentinako historiak argi azaltzen du ziurgabetasuna bere ezaugarri nagusiena dela.