Euskara teknikaria da egun Arrate Illaro | Argazkia: Utzita

EKONOMIA

Arrate Illaro: "Euskararen normalizazioak erakutsi du alor sozial indartsu bat behar duela"

Euskararen normalizazioan lanean ari diren langileen motibazioari buruzko ikerketa egin du Illarok. Askorentzat bokazioa da eta taldean aritzeak motibatzen ditu. Beste asko bakarrik sentitzen dira, administrazio publikoan dabiltzanak batik bat

Zerk motibatzen ditu euskararen normalizazioaren sektorean ari diren langileak? Bokazioa da? Euskararekiko konpromisoa? Lotura afektiboa? Gure hizkuntzaren normalizazioaren alde sektore publikoan zein sozialean lanean ari diren langileen motibazioari eta talentu atxikimenduari buruzko azterlana egin du Arrate Illaro Etxebarriak (Getxo, 1989). Badu sobera eskarmentua euskalgintzaren sektorean, Euskaltzaleen Topagunean aritu da lanean hainbat urtez, Euskaraldiko koordinatzailea izan da orain arteko edizioetan eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko eta zuzendaritzako kidea ere bai. Euskara teknikari bezala dihardu orain eta Soziolinguistika Klusterrak antolatutako Txillardegi Hausnartu Soziolinguistika Saria irabazi berri du.

Hainbat urtez aritu zara euskalgintza sektorean lanean, hortik dator gai hau ikertzeko gogoa?

Hortik badatorkit motibazioa pixka bat bai. Euskaraldiko koordinazioan lantalde baten kudeaketaren ardura nuen eta Bertsozale Elkartearen lehendakaritzan ere langileen gaineko gaiak lantzen genituen. Enpresa zuzendaritzako master bat egin dut eta Master Amaierako Lanaren gaia hau izan zen. Txilardegi Hausnartu sarirako egokitu eta aurkeztu nuen. Nire ibilbide pertsonaletik eta masterrean egindako ikasketatik, giza baliabideekiko interesa piztu zitzaidan eta euskararen normalizazioan aritu naizen bide honetan, ikusi ditut kezkatzen ninduten joera batzuk. Horiek pixka bat gehiago aztertzea nuen buruan eta gai hau mahaigaineratzeko beharra ere sentitzen nuen nolabait.

 Zer aztertu nahi zenuen zehazki?

Helburu nagusia giza baliabideen ikuspegitik proposamen estrategikoak egitea izan da, sektoreko pertsonen motibazioa eta talentu-atxikipena indartzeko, bai eremu publikoan, bai sozialean. Izan ere, erakundearen estrategia orokorrean txertatutako pertsonen zaintza estrategiko horrek normalizazioan eragin positiboa izan lezake. Horretarako, lehenik eta behin ikerketa txiki bat egin nuen, ideia batzuetan sakontzeko. Motibazioan eragiten duten zenbait faktoreri buruz galdetu nien teknikariei, hala nola funtzioak, garapen aukerak, autonomia, erakundearekiko atxikimendua, lan baldintzak eta abar. Hortik abiatuta, sektorearen AMIA egin eta lehentasunez zaindu beharreko faktoreen identifikazioa egin nuen, dekalogo batera heldu arte.

Lehen aipatu duzu sektoreko joera batzuk kezkatzen zintuztela, zeintzuk dira horiek?

Galdetegi bat zabaldu nuen nire kontaktuen artean eta 109 langileren erantzunak jaso nituen, batzuk sektore publikokoak, besteak sektore pribatu edo sozialekoak, eta elkarrizketa kualitatibo batzuk ere egin nituen. Identifikatu nahi nituen gizarte esparruan eta sektore publikoan lan egiten duten pertsonen arteko aldeak, motibazioari eta sektore honetan lan egiteari dagokionez, sentsazioa nuelako batzuetan gizartean gehiago baloratzen dela administrazio publikoan lan egitea. Erantzunen bidez esan didatena da lan baldintza jakin batzuk hobeak direla sektore publikoan, baina langileen motibazioan eragiten duten faktoreei erreparatuta, oro har, balorazio altuagoak ikusten direla gizarte eta enpresa sektorean sektore publikoan baino.

"Identifikatu nahi nituen arlo sozialean eta sektore publikoan lan egiten duten pertsonen arteko aldeak, motibazioari eta sektore honetan lan egiteari dagokionez"

Zeintzuk dira motibazio faktore horiek? Langileei zerk motibatzen die euskararen normalizazioan lanean aritzeko?

Lehenengo ateratzen dena da lan hau lotuta dagoela norberaren bokazio pertsonalarekin. Euskararen normalizazioan ari diren pertsonak euskaltzaleak dira eta euskararen normalizazioan lanean aritu ahal izatea lana baino zerbait gehiago da gehienentzat, batzuetan 24 orduko lana ere bihurtu daitekeena. Euren bokazio pertsonalarekin bat egiten duen lana izatea eta euskaraz lan egiteko aukera dira motibazio nagusienak.

Baliagarria izan daitekeen beste faktore bat da euskara teknikariak egindako lana bere ekosisteman aintzat hartua izatea, aldeko giro bat bizitzea, arduradunek euskararekiko eta bere rolarekiko jarrera egoki bat izatea, etengabeko prestakuntza jasotzea, ibilbide profesionalean garapen bat ikustea… Euskara teknikarien funtzioak iruditzen zaizkit kasu batzuetan berrikusgarriak izan behar direla. Motibagarriak izan behar dira, motibagarria delako eraginkorra izatearen ondorio bat eta egiten duen horrek balio duela sentitzea garrantzitsua da langilearentzat.

Zure motibazio faktoreek bat egiten dute elkarrizketatu dituzun pertsonen erantzunekin?

Motibaziorako lagundu dezaketen faktore batzuk identifikatu ditut, baina horietako batzuk eraginaren arabera positiboak edo negatiboak izan daitezke. Adibidez, zure inguruan babestua eta talde batean sentitzea oso garrantzitsua da, pertsona batzuek sentitzen dute taldean ari direla eta beraien lana aintzat hartzen dela, baina beste pertsona batzuk aitortzen dute bakardade handiarekin ari direla lanean eta ez euren lankideek ez arduradunek ez dituztela aintzat hartzen. Uste dut garrantzitsua dela baita ere kontuan hartzea euskararen normalizazioren sektoreari buruz ari garenean, oso baldintza desberdinetako egoerak aurkitzen ditugula. Euskaltzaleen Topagunean lanean aritu naiz urte askotan, hor talde osoak helburu argi bat du euskararen normalizaziora enfokatuta eta talde sentsazio oso handia dago, baina orain ari naiz Jaurlaritzako sail bateko euskara teknikari moduan lanean eta hor bakardade handia da, pertsona bakarra ari delako funtzio horretan , eta langile eta arduradun askok ez dute erakusten euskararekiko interesik edo konpromiso nabarmenik. Eremu soziolinguistikoak asko eragiten du horretan. Beraz, bai, beste lankide batzuen ikuspegiekin identifikatuta sentitu naiz, onerako zein txarrerako.

"Uste dut garrantzitsua dela baita ere kontuan hartzea euskararen normalizazioren sektoreari buruz ari garenean, oso baldintza desberdinetako egoerak aurkitzen ditugula"

Mugimendu sozialaren eta erakunde publikoen artean zer beste desberdintasun antzeman dituzu?

Iruditzen zait lana abiapuntu bat izan daitekeela gai honi buruz hitz egiteko, eta ikerketa sakonagoak egin litezkeela. Ateratzen dudan ondorio nagusiena da faktore batzuk hobeto baloratzen direla administrazio publikoan hala nola soldata, lanarekiko deskonexioa, lan ordu kopurua... baina aztertzen ditudan gainerako faktore guztietan hobeto baloratzen zen gizarte erakundeetan lan egitea, hau da, kontziliaziorako erraztasunak, autorealizatua sentitzea, arduradunaren aldetik konfiantza, prestakuntza aukerak, norbere garapenaren aukerak, bizitza pertsonala eta lana uztartzeko ordutegi malgutasuna, taldean aritzea, eta abar.

Aipatu duzu galdetegia bidali eta elkarrizketa batzuk ere egin zenituela, zein langile motari?

Sei elkarrizketa kualitatibo egin nituen eta saiatu nintzen galdetegian jaso nituen erantzunetan arreta ematen zidatenetan sakontzen. Sei langile horietatik hiru ziren administrazio publikoan lanean ari ziren pertsonak eta hiru euskalgintzaren arlo pribatuan. Horien barruan ere oreka bilatu nuen, generoa, adina, sektorea edota esperientzia kontuan hartuta. Orain euskalgintzan ari den pertsona bat baina lehenago sektore publikoan aritutakoa elkarrizketatu nuen eta alderantziz, sektore publikoan aritutako eta gaur egun sektore sozialean dagoena. Aniztasuna bilatzen saiatu nintzen.

 Txillardegi Hausnartu Soziolinguistika Saria jasoko du datorren abenduaren 10ean | Argazkia: Utxita

Langile kualifikatuei eusteko zenbait erronka dituela sektoreak ondorioztatu duzu lanean. Zeintzuk dira erronka horiek?

Erantzun duten gehienak euskalgintzatik sartu ziren euskararen normalizazioan lanean, ez administrazio publikotik. Jende hori formatu da, giza baliabideen ikuspegitik ahalegin bat egiten da, autonomia eta garapen bat lortzen da eta gero jende askok alde egiten du, batzuetan administrazio publikora, besteetan bestelako esparru batera. Eta hor iruditzen zait soldatarena eta lan kargarena izan daitekeela arazoetako bi. Baina hemen erantzukizuna ez da euskalgintzako erakundeena soilik, uste dut administrazio publikoak ardura handi bat duela, euskalgintzako erakunde horiek menpekotasun ekonomikoa dutelako administrazioarekiko Gaur egun administrazioak dituen, dirulaguntza, lehiaketa eta hitzarmenetan aukera ekonomikoenak irabazten du sarritan. Horrela langileen soldata kaltetu eta langileen lan karga neurriz kanpokoa izan daiteke. Iruditzen zait administrazio publikoak badaukala zeregina alor sozial hori indartsu mantentzeko, bi aldeak direlako beharrezkoak eta euskararen normalizazioak erakutsi du betidanik alor sozial bat behar dela eta indartsua.

Bestalde, administrazioak langileak atxikitzeko gaitasun handiagoa du ihes hori gerta ez dadin, baina, aldi berean ikusten da pertsona batzuk badaudela desmotibatuta beraien lanarekin. Enpresa ikuspegitik langile bat desmotibatu izatea ez da eraginkorra, kasu honetan, euskararen normalizaziorako. Zerbaiten sintoma da eta bestelako faktore batzuk eskaini behar zaizkie langile horiei.

"Euskara teknikariak garenok soziologoak, filologoak, itzultzaileak, kazetariak gara, baina ez dugu gurerako gradurik eta hezkuntza eskaintza zabalago bat izateak lagundu lezake gazteak erakartzen eta formatzen"

Nola ikusten duzu euskalgintzaren sektorea oro har?

Inkesta bete dutenei galdetu nien zergatik hasi ziren sektorean lanean, alegia, euskararen normalizazioan lan egin nahi zutelako edo besterik gabe lan hau aurkitu zutelako. Gehienek aitortzen zuten sektore honetan lan egin nahi zutelako hasi zirela lanean. Ea hemendik hamar urtera sektorean jarraitu nahiko luketen ala ez ere galdetu nien, gehiengoak baiezkoa zioen eta beste batzuk hamar urte barru jada erretiratu egongo zirela zioten

Sektorean lanean ari den jendeak bertan egin nahi du lan eta hori bada zaindu beharreko luxu bat, baina errelebo aldaketa bat dator sektorera, jubilazio asko datoz administrazioan eta euskaltegietan, eta belaunaldi aldaketaren erronkari aurre egin behar zaio. Jendea sektorera erakartzeko estrategia berriak landu beharko liratekeela uste dut. Beharbada unibertsitateak eman lezake pausu bat aurrera. Soziolinguistikarekin eta euskararen normalizaziorekin lotutako master bat badago, baina adibidez ez dugu unibertsitate gradurik. Euskara teknikariak garenok soziologoak, filologoak, itzultzaileak, kazetariak gara, baina ez dugu gurerako gradurik eta hezkuntza eskaintza zabalago bat izateak lagundu lezake gazteak erakartzen eta formatzen.

Sektorean lanean ari direnen etengabeko prestakuntzari ere garrantzia gehiago eman behar zaio. Euskararen aurkako oldarraldiaren kasuarekin heldu da momentu bat euskara teknikari bezala ez dakizula ia-ia zer egin dezakezun. Gutxieneko zuzenbideko ezagutza bat behar da ahalduntzeko.

Txillardegi Hausnartu Soziolinguistika Saria emango dizute lan honengatik, nola hartu duzu berria?

Udan aurkeztu nuen lana eta gero tarteka gogoratzen nintzen, baina pixka bat ahaztuta ere baneukan. Ilusioa egiten du, eta gustatuko litzaidakeena da nire lanari baino euskara teknikarien egoerari, motibazioari eta talentua eusteari erreparatzea. Hori da nire helburua eta horregatik aurkeztu nuen lana, sariren bat lortuta gai honi buruz hitz egitea nahi nuen.