Arraunaren erronka profesionaletatik 'Eraiki, eraiki, eraiki'-ra: 2024 ulertzeko hamar erreportaje
Txinak izandako bilakaera, joskintza abiapuntu duten bi proiektu ekintzaile edota Interneten garaian sorturiko enpresak antolatzeko modu berriak izan dira EnpresBIDEAko irakurleen intereseko
Galdera konplexuek erantzun konplexuak eskatzen dituzte, baina konplexutasun hori ahalik eta modu sinplenean azaltzeko saiakera egin du EnpresaBIDEAk beste behin 2024an. Zenbat du arraunak profesionalaz eta zenbat herri nortasunaz? Nola egin du Txinak teknologikoki lider bilakatzeko? Eraikuntzaren arazoa espekulaziotik eta turismotik bakarrik al dator? Horiek izan dira irakurleen interesa gehien piztu duten galderak, baina joskintzako egitasmo txikien ikusgarritasunean, Mondragoneko alor industrialeko profiletan edota enpresak antolatzeko modu berrietan ere jarri dute begia. Elkarrizketak alde batera utzita —horiek bihar aztertuko ditugu—, hona hemen 2024an gehien irakurritako hamar erreportaje eta analisiak.
1. Arrauna: profesionalen kontua ala herri-nortasunarena?
"Azken bi hamarkadetan arraunak herri-kirol izateari utzi eta profesionalizatzerako jauzia ematearen alde egin duela dirudi". Esaldi horrekin abiatu zuen Javier Arrieta Idiakezek arraunak egun bizi duen egoerari buruzko artikulua. Kirolaren bilakaera aztertuz gero, ezin uka arraunak duen epika. Baina lan-zuzenbidearen eta profesionalizazioaren ikuspegitik, taldeen, are arraunlarien arteko aldeak nabarmenak dira. Epikak ez baititu lan-eskubideak automatikoki bermatzen.
2. Txina: kopia merkeetatik berrikuntzako liderrak izatera
Pentsa ezazu duela hamar urte Txinatik etortzen ziren produktuenganako zenuen pertzepzioan. Eta pentsatu orain duzun pertzepzioan. Aldatu da? Segur aski, bai. "Europara iristen diren produktuak ez dira alternatiba ekonomikoak soilik; kalitate handiko gailuak dira, marka liderrekin lehiatzeko gai direnak", mahaigaineratu zuen Alejandro Juez Latatu kazetariak erreportaje honetan. Bitartean, Europan atzean geratzen ari dela dirudi
3. Eraiki, eraiki, eraiki
Deustobarometroak dio EAEko biztanleen %41,1entzat kezka dela etxebizitza. Portzentajea hirukoiztu egin da urtebeteko epean. Ez da harritzekoa, egoera ikusita. Etxebizitza arazoaren erruduntzat jo ohi dira espekulatzaileak, pisu hutsak edota pisu turistikoak. Baina Pello Aspuru Lopez de Munainek, zifretan sakondu ostean, beste ondorio bat atera du: "konponbide bakarra etxebizitza gehiago eraikitzea da".
4. Hirutxoak, loredun soinekoen tailer txikia
Gauza batek bestera eraman dezakeenaren eredu da Nekane Perez de Nanclares erizaina. Semeak txikia zirela, haientzako mozorroak josten hasi zen, horren ostean haurrentzako arropa egin eta azkenik emakumeentzako arropa egitera igarotzeko. Hirutxoak izena du bere proiektuak, erizaintzarekin uztartzen duena, eta oihal organikoekin neurrira eginiko soineko, gona eta bestelakoek osatzen dute produktu-zerrenda. Joanes Marquet Lopetegiri ateak zabaldu dizkio Perez de Nanclaresek. Urtean 600 jantzi inguru egiten ditu.
5. Enpresak antolatzeko modu berria: DAOak aurkezten
Erakunde Autonomo eta Deszentralizatua. Horixe esan nahi du ingelesezko DAO akronimoak. Labur-labur esanda, enpresa mota berria da, eta izenak dioen bezala, euren egiturak ahalbidetzen die erabakiak modu zentralizatuan hartu ordez, era autonomo eta deszentralizatuan aritzea. Interneteko kripto-proiektu askok hartzen dute enpresa forma hori. Egun 20.000 baino gehiago dira mundu mailan. Xele Olaizola Azurmendik ondutako artikuluan enpresa mota horri buruzko nondik-norakoak jasotzen dira.
6. Argentinatik Leitzara, artisau gerriko poltsak eskaintzen
Hirutxoaken kasuan bezala, joskintzarekin lotura du Miriam Viviana Giménez Viviren ibilbideak. Haren kasuan, amarekin ikasi zuen, Argentinako Loma Verde herrian. "Josteak besteen menpe ez egoteko lagungarria izango zela esaten zidan amak; eta hain zuzen, bizimodu bat eskaini dit”, kontatu dio Giménezek Erik Mugarza kazetariari. Abentura bila Argentinatik Alacantera joan ostean, Leitzara iritsi zen duela urte eta erdi. Joskintza ogibide mantenduta, Hamaruk enpresa sortu du, Cederna Garalurren laguntzaz.
7. Nor da nor Mondragon taldearen arlo industrialean
Pello Rodriguez lehendakari bilakatu izanak, zein izendapen ekarri ditu Mondragon taldearen arlo industrialean? Denera zazpi dira izen nagusiak, Makina-erreminta eta Automatizazioa dibisiotik hasita, Ekipamenduetaraino, Ikerlanen presidentetza edota Idekoko zuzendaritza tarteko. Aitzitik, nor da nor? Zein profil dute? Eta zein erronka? Hona hemen artikulu honen egileak idatzitako talde kooperatiboko arlo industrialaren erradiografia.
8. Enpresen finantzazio motak: Leasing, Renting eta Factoring
Ingelesak toki nabaria hartzen du enpresen finantzazio motak izendatzerako garaian ere. Leasing, renting eta factoring terminoak dira horren adibide. Bakoitzaren arteko aldeak zeintzuk diren azaltzeko saiakera egin du Xabier Murua Imaz Itun Ekonomikoaren eta Foru Ogasunen Ikerketarako Agiritegiko ikerlariak. Ondorio argi bat atera du: "Enpresa ororen finantza kudeaketak epe luzerako dituen helburu finantzario eta estrategikoekin lerrokatuta egon behar du".
9. Administrazioan irregularra eta abusuzkoa den aldi baterakotasunarekin bukatzeko azken proposamena
Abusuzko egoerak eta egoera irregularrak administrazio publikoan ere gertatzen dira, aldi baterako kontratuak baliatuta. Hori dela eta Europar Batasuneko Auzitegiak ezarri du behin betikotu behar direla kontratu horiek. Javier Arrieta Idiakezek dioenez, baina, finkotasuna ez da erabaki egokia, hainbat arrazoi direla medio. Arrazoi horiek azaltzeaz gain, balizko konponbide batzuk proposatzen ditu artikulu honetan.
10. Kontabilitatea, zifren atzean dagoena
Ba al zenekien egungo kontabilitate sistemak XV. mendean duela bere jatorria? Seguru asko, ekonomiak dituen alderdi guztietatik askorentzat zurrunena izango da kontabilitatea. Baina aintzat hartu behar da kontabilitatea dela soil-soilik transakzioa. "Enpresa munduko finantza informazioaren ardatz gisa duen funtsezko zeregina islatzen du", aldarrikatu du Arkaitz Urdapilleta Irazuk. Ekonomia etxekotzeko asmoari jarraiki, kontabilitatea nondik datorren aletu, eta horren atzean dagoena azaltzeko saiakera egin du Kemen Consultingeko aholkulariak.