Muntaia: EnpresaBIDEA

EKONOMIA

Astea lau gakotan: soldata arrakala, bankuen emaitzak, emantzipazioa eta hizkuntza aniztasuna

Laboral Kutxaren emaitzak ezagutu ditugun astean soldaten arrakala izan dugu hizpide. EAEn gazteen emantzipaziorako laguntzak abian jarri dira

Urteak aurrera egin ahala aurreko urteko enpresa-emaitzak ezagutzen ari gara eta kasu gehienetan historikoak izaten ari dira. Horrela izan da Iberdrolaren kasuan, 2023an ia 5.000 milioi euro irabazi zituelarik. Bankuen ibilbidearen berri ere izan dugu aste honetan. Euskal Herrian egoitza duten bankuei dagokionez BBVAk urtarrilean eman zuen bere jardunaren berri: 8.000 milioi baino gehiago irabazi zuen iaz, aurreko urtean baino %22 gehiago. Aste honetan, Laboral Kutxaren txanda izan da. Arrasateko kooperatibak astelehenean zabaldu bezala, 222,7 milioi euroren irabaziak eskuratu ditu 2023an, aurreko urtean baino %47,99 gehiago. Finantza erakundeak ohar baten bidez adierazi zuenez, diru politikan izandako egoerak ekarri du ustiapen kontuetan marjinak hedatzea, eta hori dela eta, “hazkunde nabarmena” izan du.

Esan bezala, antzeko mezuak entzuten ari gara bankuen emaitzen berri izatean, kasu gehienetan mozkinak historikoak izan direla gaineratuz, eta litekeena da hurrengo asteetan ere horrela jarraitzea, Nafarroako Rural Kutxak eta Kutxabankek oraindik ez dituztelako emaitzak aurkeztu. Martxoaren hasieran emango dute euren jardunen berri bi erakundeek. Hego Euskal Herriko finantza erakundeen emaitzetan, baina, bada alde garrantzitsu bat, bankuei ezarritako zerga berezia. Tributuak ez die finantza erakunde guztiei eragiten. Interes eta komisioengatik 800 milioi eurotik gorako fakturazioa duten bankuek baino ez dute ordaindu behar, gurean BBVAk eta Kutxabankek. Auzitegietara jo zuten bi erakunde hauek zerga berezia bertan behera uzteko eskatzeko.

Antzeko mezuak entzuten ari gara bankuen emaitzen berri izatean, kasu gehienetan mozkinak historikoak izan direla gaineratuz, eta litekeena da hurrengo asteetan ere horrela jarraitzea, Nafarroako Rural Kutxak eta Kutxabankek oraindik ez dituztelako emaitzak aurkeztu

Ikusteko dago tributuak zer nolako ibilbide judiziala izango duen, baina aste honetan zerga bereziaren inguruko berri gehiago izan dugu. Behin behinekoa izateko onartu zuen Diputatuen Kongresuak tributu berria, Hego Euskal Herriko diputatu gehienek babestuta. Bi urterako baino ez zena izango, ordea, behin betirako izan daiteke. Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Ogasun ministroak asteartean azaldu zuen koalizio gobernuak zerga betikotzeko asmoa duela, eta gobernua sustengatzen duten alderdiekin negoziazioak abiatuko dituela babes nahikoa lortzeko. Monteroren aburuz, estatuko banku nagusiek iaz 26.000 milioi euroko mozkinak izateak, aurreko urtean baino %25 gehiago, “argi uzten du Gobernuaren zerga politika egokia izan zela bankuei eta enpresa energetikoei esfortzu gehigarria eskatzean”. Estatu mailako politikagintza nola dagoen ikusita ez da erraza aurreikustea Pedro Sanchezen gobernuak tributu berezia behin betirako izateko babesa lortuko duen.

Soldata arrakala, genero arrakala

Montero ministroak estatuko bost finantza erakunde nagusien emaitzak izan zituen aintzat datua emateko orduan. Banku horietako bat Santander da eta bere presidentea, Ana Patricia Botin, asteko protagonistetako bat izan dugu. Asteartean jakin genuen bankuak soldata 500.000 eurotan igotzea erabaki duela, %4,3ko igoera. Urtean 12,2 milioi euro irabaziko du Botinek, dirua eta bonuen artean. Erabakiak zer esana eman du. Europako Bankuen Agintaritzak banku agintarien soldatak arautzen ditu gaur egun, zati aldakorra finkoaren %200ra mugatuta. Duela hilabete gutxi batzuk, 2023ko azaroan, muga hori kentzeko eskatu zuen Santanderreko presidenteak “agintariak akziodunekin hobeto lerrokatzea erraztuko zuelakoan”. Botinen soldataren albisteak korporazio handietako zuzendaritzako kideen ordainsarien afera azaleratu du, berriz ere.

500.000 eurotan igo du soldata Ana Patricia Botin Banco Santaderreko presidenteak | Argazkia: iStock

Intermon Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak maiz aztertzen du Ibex 35eko enpresen informazioa justizia sozialaren begiradapean. Azken ikerketak 2021eko datuak hartzen ditu eta ondorioa ezin argigarriagoa da: langile batek lau bizitza beharko lituzke (147 urtez lan egitea) Ibex 35eko kontseilari exekutibo baten urtebeteko batez besteko ordainsaria eskuratzeko. Intermon ez da gaiari heldu dion erakunde bakarra. CCOO sindikatuaren arabera, estatu mailako enpresa kotizatuen kontseilarien batez besteko soldata langileena baino 15 aldiz handiagoa izan zen 2021ean. Aldea, gainera, bi puntutan areagotu zen aurreko urtearekin alderatuta. Luze hitz egin eta eztabaidatu daiteke enpresa barruko soldaten sakabanaketaren inguruan, eta badira enpresen artean alde nabariak. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen ikerketa baten arabera, soldata arrakala txikiagoa da ekonomia sozialeko enpresetan, hau da, kooperatibetan, fundazioetan edo irabazirik gabeko erakundeetan besteak beste. Hirugarren sektorea deritzo ekonomia sozialari eta, OCDEren arabera, gainerako enpresek baino soldata baxuagoak badituzte ere, arrakala txikiagoa da.

Langile batek lau bizitza beharko lituzke (147 urtez lan egitea) Ibex 35eko kontseilari exekutibo baten urtebeteko batez besteko ordainsaria eskuratzeko

Mondragon taldeko kooperatibak izan dira, historikoki, soldaten arteko aldearen adibideetako bat, bertan oinarrizko ordainsaria ezin delarik altuena baino 6 aldiz txikiagoa izan. Goi mailako ordainsarien auzia hizpide izan dute askotan agintari politikoek. 2016an Manuel Valls Frantziako lehen ministroak enpresetako zuzendaritzako kideen soldatak arautu zituen, gehienez jota gutxieneko soldata baino 100 aldiz altuagoa izateko. Bernie Sanders politikari estatubatuarrak 70. hamarkadan proposatu zuen ilegala izatea pertsona batek “familia batek bizitzan zehar behar duena baino aberastasun handiagoa” lortzea. Espainiar estatuan Podemosek antzeko ildoa jorratu zuen alderdiaren sorreran, 2014ean.

Soldata arrakalaren analisiak baditu hainbat ertz eta goitik beherakoa bezain garrantzitsua da genero arrakala neurtzen duena. Otsailaren 22an Europako Soldaten Berdintasunaren eguna izan zen, eta arrakalaren aferari heldu zioten erakunde zein sindikatuek. Hego Euskal Herriari dagokionez, bada alde nabaria Nafarroa eta EAEren artean. Hala, INE estatistika institutuak emandako azken datuen arabera, Nafarroan arrakala %21,6koa da, 6.834 euro urtean. EAEn, ordea, % 16,7koa da, 5.622 euro. Idoia Mendia lehendakariordeak eta Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak gaiari heldu zion Bilbon egindako ekitaldi batean eta  “arrakala hiru urtean sei puntu murriztu dela” nabarmendu zuen.

Soldata arrakalaren analisiak baditu hainbat ertz eta goitik beherakoa bezain garrantzitsua da genero arrakala neurtzen duena

Sindikatu nagusiek ere soldaten arteko aldea salatu zuten. ELA sindikatuak “arrakala kontu politikoa zela”  aldarrikatu zuen, soldataz haragoko lan baldintzei erreparatuta. Sindikatuaren arabera lan kontratuetan islatzen da modu agerian arrakala. Horrela, Hego Euskal Herriko aldi baterako kontratuen %25,9 emakumeenak diren bitartean, gizonezkoenak  %7,7 baino ez dira. LAB sindikatuak, bestalde, Donostiako Bretxa merkatuan ekintza bat egin zuen arrakala salatzeko, "patronalei eta erakundeei" arrakalaren errua leporatuz. Iruñean ere protesta ekintza burutu zuen.

Emantzipa, abian

Eusko Jaurlaritzak gazteen emantzipazioa sustatzeko onartu berri duen Emantzipa dirulaguntza eskatzeko epea ireki da aste honetan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 25 eta 29 urte bitarteko gazteek 300 euro eskuratu ahal izango dute bi urtez. Programak oso harrera ona izan du gazteen artean eta lehen 48 orduetan 2.000 eskaera jaso ditu. Neurriak aringarria suposatu dezake gazteentzat baina nekez konponduko du etxebizitzaren arazoa. Kontsumitzaileen elkarteek dagoeneko esan dute halako neurriez baliatzen direla etxeetako jabeak prezioak igotzeko eta badagoela hori gertatzeko arriskua. 2023an onartu zuen diputatuen kongresuak etxebizitzaren legea. Bere eragina neurtzeko oraindik goiz bada ere, adituak bere albo kalteak antzematen hasi dira. Jon Ander Libano Beristain EnpresaBIDEAko kolaboratzailea eta higiezinen merkatuan adituarentzat lege berriak alokairu merkatuaren eskaintza eraldatu egin du.

Emantzipa programaren lehen datuak aurkeztu ditu aste honetan Jaurlaritzak | Argazkia: Irekia

Hala, legeak denboraldi luzeko alokairu tradizionalak baino ez dituenez arautzen, jabe askok erabaki dute beraien pisuak etxebizitzaz bestelako erabilera batera bideratzea, ikasle edo langile lekualdatuei alokatuz edo etxebizitza alokairu turistikora, esaterako, bideratuz. Etxebizitza berrien kasuan, gainera, eraikuntza kostuen gorakada nabarmena egon da, inflazioak bultzatuta, erosleak bigarren eskuko merkatuetara bideratuz. Emantziparena ez da administrazio publikoak onartu duten neurri bakarra. Aurreko astean aipatu genuen bezala, Espainiako Gobernuak, ICO Krediturako Institutu Ofizialaren bitartez etxebizitza erosi eta hipoteka eskatzen dutenei lagunduko die maileguaren zati bat, %20 abalatuz. Finantza erakundeek etxebizitzaren tasazio balioaren %80 baino ez dute ematen, normalean, mailegu bezala. Neurriari esker familiek gainerako %20 eska lezakete. Beste hitz batzuekin esanda, gobernuak familiei are gehiago zorpetzen lagunduko die. Ez dio, hortaz, etxebizitzaren garestitzearen arazoari ekiten edo erosahalmenaren galeraren aferari. Asteartean ekin zioten etxebizitzaren arazoari Euskadi Irratiko Faktoria saioaren tertulian. Nerea Azurmendi solaskideak modu borobilean azaldu zituen, nire ustez, neurriak: “ezintasunetik hartutako neurriak dira”.

Finantza erakundeek etxebizitzaren tasazio balioaren %80 baino ez dute ematen, normalean, mailegu bezala. Neurriari esker familiek gainerako %20 eska lezakete. Beste hitz batzuekin esanda, gobernuak familiei are gehiago zorpetzen lagunduko die

Ez nuke aste honetako Talaia itxi nahi asteazkenean Hizkuntza Aniztasuna ospatzeko eguna izan zela aipatu barik. UNESCO, hezkuntza, zientzia eta kulturarako Nazio Batuen erakundeak 1999an onartu zuen otsailaren 21ean Ama Hizkuntzen Nazioarteko Eguna ospatzea, eleaniztasuna eta kultur aniztasuna sustatzeko. Zenbait lekutan Hizkuntza Mugimenduen Eguna bezala ere ezagutzen da egun hau. Aurtengo edizioan belaunaldi desberdinen ikasketetan hezkuntza eleanitzak duen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, gaur gaurkoz munduko biztanleen %40ak, ez du bere hizkuntzan ikasketak egiteko aukerarik, dela Haur eta Lehen hezkuntzan, dela helduenean, alfabetatze ikastaroetan, etab. Viampresa.cat informazio ekonomikoa katalanez lantzen duen anai / ahizparen laguntzarekin sortutako proiektua da EnpresaBIDEA. Ekonomia eta euskararen arteko arrakala murrizteko asmoz sortua. Gurean informazio ekonomikoa “etxekotu” nahi dugu, bizi garen gizartea ulertzen laguntzeko, hezkuntzarekiko konpromiso hori barne barnetik daramagulako. Aste gutxi barru abiatuko da Korrika, eta edizio honetan azterketak euskaraz egitea aldarrikatu duten mugimenduak omenduko ditu. Gure lehen Korrika izango dugu, eta gertutik jarraituko dugu lerro hauen bitartez, erreportaje sorta bereziarekin, zein kalean, gure kilometrotxoa eginez.