Asteari so: Ekialde Hurbilera begira
Ekialde Hurbileko gatazkaren gorakadak ezbaian jar ditzake munduko ekonomiaren oinarriak. Europan eta Amerikan ere ekonomia nagusien inguruko kezkak hedatu dira
Bigarren Mundu Gerrak utzitako ezkortasunak bultzatuta sortu zen Nazio Batuen Erakundea. Nazioarteko harremanak beste modu batean bideratzeko esperantzak gidatuta, mundua justuagoa izateko tresna zela sinetsi zuten hainbatek. Denborak, ordea, arrazoia eman die erakunde jaio berria mesfidantzaz hartu zutenei. Urteko Asanblada Orokorra egin zuen NBEk aurreko astean New Yorken, Ukraina, Sudan, Libano eta Gazako hondamendien testuinguruan. Israelek Ekialde Hurbilean burutu duen genozidioa eta gero, Benjamin Netanyahuk esan behar zuenak ikusmin handia piztu bazuen ere, Antonio Guterresen hitzek oihartzun handiago izan zuten. Munduan dagoen zigorgabetasun maila salatu zuen NBEko idazkari nagusiak, “politikoki defendaezina eta moralki onartezina” dela nabarmenduz.
Badira inpunitate ekonomikoaren adibide andana: multinazionalek zergak ekiditeko erabilitako estrategiak, bidezkoak ez diren lan baldintzetan oinarritutako merkataritza… Gaurko Talaian, ordea, inpunitate politikoaren ildoari tiraka ekingo diogu analisi ekonomikoari, Nazio Batuen Erakundearen ebazpenei eta nazioarteko zuzenbideari barre egiten dien Israelen kasua aztertuta. Aste honetan bertan Israelek pertsona “non grata” izendatu du Antonio Guterres bera. Giza eskubideen aurka egindako ekintzak gorabehera, Israel indartsu sentitzen da, zigor gabea, Estatu Batuen babesa duelako. Azaroan izango dira AEBetako presidentea aukeratzeko hauteskundeak eta Netanyahuk badaki ez Trumpek ez Harrisek, ez diotela babesa kenduko.
Badira inpunitate ekonomikoaren adibide andana: multinazionalek zergak ekiditeko erabilitako estrategiak, bidezkoak ez diren lan baldintzetan oinarritutako merkataritza…
Ekialde Ertaineko gatazkaren hondamendi humanitarioa alderaezina bada ere, aferak baditu eragin geopolitiko nabariak, ekonomian isla izango dutenak. Iran izan da gatazkan sartu den azken eragilea eta ikusteko dago AEBk emango duen erantzuna. Hala Ekialde Hurbiletik nazioarteko geopolitikarainoko jauzi nabarmena egin du afera, Israel eta Iranen arteko izatetik, bi herrialdeak babesten dituzten potentzien artekoa izatera. Israelek AEBen babesa duen bitartean, Iranek Errusia eta Txina ditu atzean, eta tentsioaren gorakadak berehalako isla izan du nazioarteko finantza merkatuetan, hegazkortasuna hauspotuz. Ohikoa da merkatuen berehalako erantzuna uxaldia bezalakoak izatea: mugimendu handiak hasieran eta hurrengo egunetan baretu. Ikusteko dago ea oraingoan horrela izango den. Burtsetan lasaitasuna azkar berreskuratu bada ere, petrolioaren merkatuan, ordea, gorako joera nabaria da.
Beherakaden ostean, berriro gora
Herrialde ekoizleak azken hilabeteotan petrolioaren prezioa altu mantentzen saiatu badira ere, ekoizpena murriztuz, amore eman behar izan dute. Hala, aurreko astean Saudi Arabiak ekoizpenaren txorrota askatzea erabaki zuen. Prezio altuen aldeko azken eragilea zen Riad eta merkatu kuota galtzen ari zela ikusita, amore eman behar izan du.
Aste honetako gertaerek, baina, dena hankaz gora jarri dute. Gakoa da Israelek, AEBren laguntzaz, Irango erasoari nola erantzungo dion. LPEE herrialde ekoizleen elkarteko bigarren kide garrantzitsuena da Iran, eta Israelek bere ekoizpen instalazioei eraso egiteak produkzioa nabarmen kaltetu lezake, prezioan eraginez.
Gogora etorri zaigu egun hauetan duela 50 urteko petrolio krisia, Yom Kippurreko gerraren ondorioz. Petrolio ekoizle arabiarrek Israel babestu zuten herrialdeei erregairik ez saltzea erabaki zuten, presio neurri gisa. Prezioak ikusi gabeko mailara garestitu ziren, mundu mailako krisi ekonomikoa eraginez. Ez da espero halako egoerara heltzea oraingoan, Israelek herrialde arabiar askorekin harreman diplomatikoak ezarri dituelako.
Gakoa da Israelek, AEBren laguntzaz, Irango erasoari nola erantzungo dion. LPEE herrialde ekoizleen elkarteko bigarren kide garrantzitsuena da Iran, eta Israelek bere ekoizpen instalazioei eraso egiteak produkzioa nabarmen kaltetu lezake
Petrolioaren garestitzeak min handia egingo dio menderatze bidean dagoen inflazioaren kontrako borrokari. Aurreko astean ezagutu genituen euroguneko inflazio datuak, Europako Banku Zentralak urriko bilera tasak berriz ere jaisteko bidea erraztuz. Petrolioaren prezioak ekoizpen katearen katebegi guztietan eragiten du, hurrenkera horretan inflazioa hauspotuz.
Iranek badu, halaber, petrolioaren prezioan eragiteko beste estrategia bat, Ormuzko itsasartearen bidez. Kuwait eta, hein handi batean, Arabiar Emirerriek ekoiztutako petrolioa itsasarte horren bitartez eraman behar da Omango golkora, gerora nazioarteko merkatuetara itsasontziz garraiatzeko. Iranek bidea itxiko balu, hornidura murriztuz, petrolioaren prezioak gogorki egingo luke gora.
Petrolioa, halere, ez da Iran gatazkan gehiago murgiltzeak ekar dezakeen kalte bakarra. Yemengo Hutien aliatu nagusiena da Iran, babes politiko, militarra eta ekonomikoa emanez. Itsas Gorriaren sarrera kontrolatzen du Yemenek. Begiz jota ditu Israelek Hutiak eta igande honetan hegazkinez erasotu zituen. Itsas Gorriko itsas merkataritza blokeatzea da, zalantza barik, ekonomikoki Hutiek eragin dezaketen kalterik handiena, 2023ko abenduan egin bezela. Garraio ontziak erasotu zituzten, Israelen kontrako neurri gisa eta itsas garraio konpainia nagusiek merkataritza-bideak aldatu behar izan zituzten Afrika inguratuz, esperantza oneko lurmuturraren bidez. Distantziak nabarmen luzatzen ditu bide berri horrek, kostuak handituz. Bada, hortaz, inflazioaren bilakaera ona oztopa lezakeen aintzat hartu beharreko beste aldagai bat.
Itsas Gorriko itsas merkataritza blokeatzea da, zalantza barik, ekonomikoki Hutiek eragin dezaketen kalterik handiena, 2023ko abenduan egin bezela
Israelek Irani emango dion erantzunak, hortaz, baldintzatuko du egoera, batez ere Iranen instalazio nuklearrak edo petrolio fintzeko guneak erasotzen baditu. Merkatuek, dena den, lasaitasunerako bidea hartu dute, AEBk eta LPEEko kideek atzo bertan produkzioa handitzeko konpromisoa hartu eta gero.
Euskal Herrira begira, bistan da Ekialde Hurbileko gatazka okertzeak inflazioa kolpatu dezakeela, eta Europako Banku Zentralak abiatu duen interes-tasen merkatzea moteldu dezakeela. Bada, baina, gure enpreseei zuzenean eragiteko arriskua, hango herrialdeekin lan egiten dutelako. CAF, Tubacex, Talgo edo Tubos Reunidos bezalako enpresen kasua da. Dela hidrokarburoak eskuratzeko prozesuetan parte hartzen dutelako, dela trenbide zein tren proiektuak dituztelako, enpresa hauek negozio bolumen esanguratsuak dituzte. Ikuspegi zabalago batekin ikusita, euskal ekonomiak 1.000 milioi eurotik gorako produktuak inportatzen ditu Ekialde Hurbiletik.
Europako ekonomia, kezka iturri
Inflazioa xehe aztertuko du EBZk urriaren 17ko bileran, moneta politikaren hurrengo urratsak zehazteko, irailean tasak berriro jaitsi ostean. Astelehenean egin zuen Christine Lagardek agerraldia Europako Legebiltzarrean, eta beherako bideari eutsiko diola iradoki zuen. EBZren kalkuluek, baina, urte bukaeran prezioek zertxobait gora egitea aurreikusten dute. Ekialde Hurbileko gatazkaz gain, Hego Euskal Herrian BEZaren igoerak nola eragin duen ikusi beharko da. Inflazio altuko garaian salbuespen neurri gisa onartu zuen Pedro Sanchezen gobernuak BEZa murriztea, eta urriaren 1etik aurrera lehengo tasak berreskuratu dira. Egokitzea, baina, gutxinaka izango da, zati bat urriaren 1ean eta gainontzekoa urtarrilaren 1ean.
BEZarena ez zen izan gobernu zentralak inflazioari aurre egiteko hartu zuen neurri bakarra. Garraio publikoaren prezioa ere merkatu zuen. Oraingoz neurria otsaila bitartean luzatu du, baina Oscar Puente ministroak aste honetan iradoki du deskontuak laster bukatuko direla eta bestelako neurriak hartuko dituztela.
Inflazio altuko garaian salbuespen neurri gisa onartu zuen Pedro Sanchezen gobernuak BEZa murriztea, eta urriaren 1etik aurrera lehengo tasak berreskuratu dira
Inflazioari aurre egiteko neurri eraginkorrak izan ziren, baina zorpetze maila altua duen ekonomia batentzat kostu handikoak ere bai. Pandemia bitartean Europak jarrera malgua izan zuen defizitaren alorrean, gastu-araua bertan behera utzita. Lasaitasun hori 2023an bukatu zen eta defizita eta zor publikoa zaintzen hasi dira estatuak berriz ere. Espainia eta Frantzia dira Bruselak ezarritako mugak gainditu dituzten bi estatu garrantzitsuenak. Espainiak 2023a %3,6ko defizitarekin itxi zuen, Europak adostutako %3ko langaren gainetik. Araua ez betetzeak isuna ekarri ahal bazuen ere, Sanchezen gobernua ez zigortzea erabaki zuen Bruselak, Europako Batzordearen aurreikuspenek 2024rako %3ko defizita estimatzen zutelako. Erabaki hori, baina, ez du Europako Zerga Agintaritzak begi onez ikusi. Atzo bertan jakin genuen Bruselari Espainiarekin malguegi jokatzea leporatu diola, beste estatu batzuekin alderatuta. Bruselak Italia, Frantzia, Belgika eta Hungariari, besteak beste, isun espedientea ireki zien.
Iazko partida ozta-ozta irabazi bazuen ere, Espainiak lan nekeza egin beharko du defizit eta zorpetze helburuekin bat egiteko. Haizea, hein handi batean, bere alde du. Espainiar estatuan Europan gehien hazten ari den ekonomietako bat da, eta egokitzapen estatistiko bati esker, bere Barne Produktu Gordinak bi hamarren egin du gora azken asteotan. Kontrako aldagaiak ere baditu. Inflazioari aurre egiteko zabaldutako zerga neurriak (BEZa murriztea, garraiorako deskontuak…) apurka-apurka kendu beharko ditu, iritzi publikoa kontraz jarrita. Baina, zalantza barik, erronkarik handiena autonomia erkidegoen finantzaketarekin du. ERCrekin adostutako finantzazio ereduak hainbat erkidego asaldatu ditu, eta Sanchezek oreka lanak egin beharko ditu, mahai gainean diru gehiago jarrita. Parlamentuan Espainiako Gobernuak duen ahuleziak ez dio lagunduko.
Pirinioen beste aldean egoera ere ez da samurra. Bruselak abiatutako zigor espedienteari gobernu berriaren bakardadea gehitu behar zaio. Uztaileko bozak ezkerrak irabazi bazituen ere, gehiengo argirik gabe, Emmanuel Macronek Michel Barnierri agindu zion gobernua osatzea. Asteartean aurkeztu zituen Barnierrek bere programaren ezaugarriak Asanblada Nazionalean. Luze jo zuen lehen ministroaren hitzaldiak, datozen bi urte eta erdirako lan ildoak aurkezten, betiere helburu nagusi batekin: “aurrekontu zorra eta zor-ekologikoa murriztea.” Politikari kontserbadore beteranoak 2025erako defizita %5ra murriztea du helburu. 2029ra arte ez du beteko, bere aurreikuspen arabera, Bruselaren gastu-araua, %3ra helduta. Bide orriaren bi zutabe nagusiak zergen igoera eta gastu murrizketa izango dira. Hitz sakonak erabili zituen Barnierrek Frantziaren zor publikoaz hitz egiteko orduan “kolosala” dela eta herrialdea “amildegira” bultzatuko duela esanez.
Hitz sakonak erabili zituen Barnierrek Frantziaren zor publikoaz hitz egiteko orduan “kolosala” dela eta herrialdea “amildegira” bultzatuko duela esanez
Zailtasun oso handiak izango ditu gobernuak bere proposamenak aurrera ateratzeko, baina finantza merkatuen zama handia ere somatzen hasia da. Horren adibide arrisku saria da. Alemaniako zor publikoarekin alderatuta, estatu bakoitzak ordaintzen duen gainsaria neurtzen du eta merkatuek estatu bakoitzaren kaudimenaren inguruko hautematearen isla da. Historikoki Frantziakoa Espainakoaren erdia izan bada ere, azken hilabete honetan egoera irauli egin da eta altuago dago: 79,9 puntuko arrisku saria du Frantziak eta 78,9koa Espainiak. Aldea are adierazgarriagoa da Portugalekin alderatuta, 56,1 puntuko arrisku-sariarekin.
Turismoa eta zerbitzuek Frantziako ekonomiari lagundu diote nabarmen, bultzada olinpikoagatik batez ere. Lehen hiruhilekoan bere ekonomia %0,2 hazi zen bitartean, bigarrenean hazkundea %0,4ra heldu zen. Ikusteko dago hazkunde erritmo horri eusteko gai izango den, eta, batez ere, merkatuen konfiantza berreskuratuko duen bere zorra interes altuekin ez zigortzeko. Ematen du, momentuz, bere hitzek harrera ona izan dutela. Atzo bertan bere programaren ildo nagusiak iragarri eta gero, erraz lortu zuen 12.000 milioi euroko zor publikoa kolokatzea. BPGren %112tik gorako zor publikoa du eta nekez egin liezaioke aurre merkatuen interes tasen igoerari.