Bermeoko, Hondarribiko eta Getariako lau atunontzik hilabeteak daramatzate lotuta Senegalen
Europako ontziei ez zaie arrantza-lizentzia berritu azaroaz geroztik, Europakoen ustetan Senegalek ez duelako nahikoa egiten legez kanpoko arrantzaren aurka
Europa eta Senegalen arteko desadostasunak direla eta, Euskal Herriko lau atunontzi geldirik daude Dakarreko portuan, ez atzera ez aurrera. Izan ere, Europarrek diote Senegalek ez duela behar adina egiten legez kanpoko arrantzaren aurka, eta, ondorioz, ez dute haien arteko arrantza akordioa berritu azaroaz geroztik. Europak 2024ko maiatzean abisatu zuen Senegal, sei hilabeteko epean legez kanpoko arrantzaren aurka neurri gehiago har zitzan; hala bete ezean, akordioa amaitutzat jo zuten.
Gauzak horrela, Europako ontziek ezin dute Senegaleko uretan arrantzarik egin, lan egiteko baimena berritzerik ez dutelako. Horregatik daude lotuta Bermeoko ‘Pilar Torre’ eta ‘Corona del Mar’, Hondarribiko ‘Berriz San Francisco’ eta Getariako ‘Iribar Zulaika’ atunontziak, ezer egin ezinik.
Azaldu dutenez, atunontziak galera ekonomikoak izaten ari dira, ez baitute diru-sarrerarik, baina gastuak, ordea, bai. Ontziek laguntza eskatu diete erakunde publikoei egoerari aurre egiteko. Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak adierazi duenez, Jaurlaritza arazoa hasi bezain laster jarri zen harremanetan Espainiako Gobernuarekin. Espainiatik 250.000 euroko dirulaguntzak iragarri ziren atunontzi bakoitzarentzako.