Argazkia: iStock

Sakonean

Autonomoentzako Gizarte Segurantzatik datozen aldaketak

Errege dekretua 2023ko urtarrilaren 2an jarriko da indarrean, eta kotizazioei eta dokumentazioa aurkezteko formari eragingo dio, besteak beste

Ekainaren 28an argitaratu zen 504/2022 Errege Dekretua, aldaketak eragingo dituena autonomoen Gizarte Segurantzaren araubidean. Zehatzago, aldaketok eragingarri izango dira 2023ko urtarrilaren 2tik aurrera, data horretan jarriko baita indarrean aipatu Errege Dekretua.

Egia esan, aldaketok Espainiako Gobernuak aurreikusitako xedeak gauzatzeko urrats bat besterik ez dira, baina urrats garrantzitsua. Xede horiek 2020an ezarri ziren, Toledoko Ituna balioetsi eta eraldatzeko txostenaren 4. eta 5. gomendioetan. Gomendio horien arabera, langile autonomoei eta inorentzako langileei eskaini beharreko gizarte-babesa berdinetsi edo parekatu beharko litzateke, bi kolektiboek egin beharreko kotizazioa antzekoa izatea lortu ondoren. Horretarako, pentsio-sistema ikuspuntu finantzariotik jasangarria izan dadin, arian-arian lortu nahi da langile autonomoen kotizazio-oinarriak bat etortzea euren benetako diru-sarrerekin. Halaber, autonomoen etekinak egiaztatzeko tresnak hobetu nahi dira.

Halatan, hori guztiori posible egiten joateko neurriak jaso ditu 504/2022 Errege Dekretuak. Hartara, neurri horiek ukitzen dituzte Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Bereziko kokatze-egintzak eta kotizazioak. Horren ondorioz, 84/1996 eta 2064/1995 Errege Dekretuak eraldatu dira, hurrenez hurren.

Baliabide elektronikoak, nahitaezkoak

Kokatze egintzei dagokienez, hanbat alderdi dira aintzat hartu beharrekoak. Lehenik, afiliazioa, altak, bajak eta langileen datu-aldaketak nahitaez baliabide elektronikoen bidez gauzatu beharko dira. Gainera, afiliazio-, alta- eta baja-eskabideekin eta datu-aldaketen komunikazioarekin batera aurkeztu beharko dira halakoak bidezkoak direla egiaztatzeko balio duten agiri eta frogabideak. Ondore horietarako, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak agiri gehiago aurkeztea eskatu ahal izango du.

Bigarrenik, alta-eskabidean datu ugariren berri eman beharko da. Horrela, inorentzako langileei eskatzen zaizkien datuez gain, Langile Autonomoen Araubide Berezian altan egotea eragiten duen jarduera ekonomikoaren edo okupazioaren, eta jarduera gauzatzeko egoitzaren inguruko datuen berri eman beharko da. Edozein kasutan, hala denean, hurrengo datuak jakinarazi beharko dira: autonomoak zein sozietate edo erkidegotan parte hartu duten, eta horien identifikazio fiskal zehatza; autonomoak sozietatean zer-nolako partaidetza edo kargua duen, edo ematen dituen bestelako zerbitzuak; autonomoarekin bizi diren senideen gaineko informazioa; ekonomia-mendekotasuna duen autonomoak zein bezerorentzat zerbitzuak eman eta bezero horren datu fiskalak; autonomoa zein lanbide-elkargora dagoen bilduta; jarduera osagarriak zein enpresentzat gauzatzen diren, eta enpresa horien datu fiskalak; eta autonomoak altaren egutegiko urtean aurreikusten dituen etekin ekonomiko garbien adierazpena.

Inorentzako langileei eskatzen zaizkien datuez gain, Langile Autonomoen Araubide Berezian altan egotea eragiten duen jarduera ekonomikoaren edo okupazioaren, eta jarduera gauzatzeko egoitzaren inguruko datuen berri eman beharko da

Gainera, nahiz eta 2023ko urtarrilaren 2aren aurretik Langile Autonomoen Araubide Berezian altan egon, aipatu agiri horietakoren bat aurkezteko betebeharra izanez gero, baliabide elektronikoen bidez bidali beharko zaizkio kasuan kasuko agiriak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari 2023ko urriaren 31ra arteko epean.

Komunikatzeko beharra

Hirugarrenik, etekin ekonomiko garbiak zehaztuko dira Inklusioaren, Gizarte Segurantzaren eta Migrazioen Ministerioaren aginduaren bidez. Aldi berean Langile Autonomoen Araubide Berezian kokatzeko moduko bi jarduera edo gehiago gauzatuz gero, bakarrak izango dira araubide horretan gauzatu beharreko alta eta kotizazioa. Nolanahi ere, jarduera guztiak eta horiei dagozkien datu guztiak komunikatu beharko dira. Orobat, kontuan hartu behar da autonomoak gauzatutako jardueraren batek eragingo balu berau Nekazaritzako Langile Autonomoen Sistema Berezian kokatzea, baserritar askori gertatzen zaien bezala, orduan alta jarduera horren arabera gauzatu beharko litzatekeela. Gainera, kasu horretan, langile autonomoak Sistema Berezi horretan nahitaez babestu beharko ditu aldi baterako ezgaitasunaren eta lan-jarduerari uztearen ondoriozko prestazioak eta lan-istripuek eta lanbide-gaixotasunek eratorritako gertakizun guztiak.

Bestalde, afiliazioak eta egutegiko urtean zehar gauzatutako lehen, bigarren eta hirugarren altek ondoreak sortuko dituzte kasuan kasuko pertsonak Langile Autonomoen Araubide Berezian kokatzeko betekizunak eta baldintzak betetzen dituen egunetik. Egutegiko urtean zehar gauzatutako laugarren eta ondorengo altek, aldiz, ondoreak sortuko dituzte Araubide Berezi horretan kokatzeko betekizunak egutegiko zein hilabetetan bete eta hilabete horretako lehenengo egunetik aurrera. Epez kanpo eskatutako altek ondoreak sortuko dituzte Araubide Berezi horretan kokatzeko betekizunak egutegiko zein hilabetetan bete eta hilabete horretako lehenengo egunetik aurrera. Azken kasu horretan, kotizazioak epez kanpo egiteagatik ezar daitezkeen administrazio-zehapenei kalterik egin gabe, alta gauzatu aurreko aldiei dagozkien kotizazioak egin beharko dira eta halakoek prestazioei begira ondoreak sortuko dituzte, kasuan kasuko errekargu eta korrituekin batera ordaindu ondoren.

Afiliazioak eta egutegiko urtean zehar gauzatutako lehen, bigarren eta hirugarren altek ondoreak sortuko dituzte kasuan kasuko pertsonak Langile Autonomoen Araubide Berezian kokatzeko betekizunak eta baldintzak betetzen dituen egunetik

Azkenik, langile autonomoen bajek hiru ondorio izango dituzte kotizazioei eta babes-ekintzari dagokienez: batetik, egutegiko urte bakoitzaren baitan gauzatzen diren lehenengo, bigarren eta hirugarren bajek ondoreak sortuko dituzte langileak uzten dionetik Langile Autonomoen Araubide Berezian kokatzea eragin duen jarduera gauzatzeari; bestetik, gutegiko urtean zehar gauza daitezkeen gainerako bajek ondoreak sortuko dituzte langileak zein hilabetetan utzi Langile Autonomoen Araubide Berezian kokatzea eragin duen jarduera gauzatzeari eta hilabete horren azken egunaren biharamunean; azkenik, langile Autonomoen Araubide Berezian egoteko betekizunak eta baldintzak betetzeari utzi arren, langile autonomoak ez badu baja eskatzen, horrela iraunarazitako altak ondoreak sortuko ditu kotizazio-betebeharrari begira, baina ez du sortuko prestazio-eskubiderik.

Kotizazioa gutxieneko oinarriaren arabera

Kotizazioari dagokionez, gutxienez interesdunari dagokion gutxieneko oinarriaren arabera kotizatu beharko da. Hori gorabehera, interesdunak oinarri handiagoa aukeratu ahal izango du, urtero Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak ezarritako gutxieneko eta gehieneko oinarrien arteko mugen baitan.

Hori hala izanik, langile autonomoek urtean zehar sei aldiz aldatu ahal izango dute euren kotizazio-oinarria, hala eskatuta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari. Kasuan kasuko aldaketak ondoreak sortuko ditu: martxoaren 1ean, eskabidea egiten bada urtarrilaren 1ren eta otsaileko egutegiko azken egunaren artean; maiatzaren 1ean, eskabidea egiten bada martxoaren 1ren eta apirilaren 30ren artean; uztailaren 1ean, eskabidea egiten bada maiatzaren 1ren eta ekainaren 30ren artean; irailaren 1ean, eskabidea egiten bada uztailaren 1ren eta abuztuaren 31ren artean; azaroaren 1ean, eskabidea egiten bada irailaren 1ren eta urriaren 31ren artean; hurrengo urteko urtarrilaren 1ean, eskabidea egiten bada azaroaren 1ren eta abenduaren 31ren artean.

Langile autonomoek urtean zehar sei aldiz aldatu ahal izango dute euren kotizazio-oinarria, hala eskatuta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari

Kotizazio-oinarria aldatzeko eskabidearekin batera, langile autonomoek berriro egin beharko dute euren jarduera ekonomiko edo profesionalarengatik aurreikusten dituzten etekin ekonomiko garbien adierazpena.

Bestelako aldaketak?

Dena den, kotizazioen inguruan aldaketa gehiago etor daitezke laster. Horrenbestez, baliteke aipatu berri dena moldatu behar izatea. Bada, Ministerioak eta langile autonomoen ordezkariek akordioa lortuz gero, 2023tik aurrera langile autonomoek mailaka egin beharko lituzkete kotizazioak, eta horren arabera egin kotizazio-oinarriei dagokienez arestian aipatu bi hilerik behingo aldaketak.

Zehatz-mehatz, hamabost maila aurreikusten dira, denak ere izandako etekin garbien araberakoak. Modu horretara, autonomo bakoitzak izandako etekin garbien araberako kotizazio-oinarria aukeratuko luke. Edonola ere, 2025era arteko aldi iragankorra aurreikusi da. Esaterako, 2023an, mailaketa horretan, mailarik baxuenean, hilean 670 eurotik beherako etekin garbia izango luketen autonomoek 800,65 euroko kotizazio-oinarria izango lukete. Aitzitik, mailarik altuenean, hilean 6.000 eurotik gorako etekin garbia izango luketenek 500 euroko kotizazio-oinarria izango lukete.