Banketxeak: egoeretara egokitzen maisu
Banketxeak funtsezko erakundeak dira; negozio horri, ordea, antzinatik datozkio sustraiak
Gaur egungo ekonomia ezin da ulertu banketxerik gabe. Baina banku jardueren lehen zantzuak antzinako Babilonian eta Egipton kokatu ditzakegu. Garai horietan jarduerak izaten ziren mailegu transakzioak eta gordailuak egitea. Babilonian, K.A. 2000. urtearen inguruan, tenplu eta jauregiek aleak eta beste ondasun batzuk gordetzeko leku gisa jarduten zuten —gordailu-zerbitzu gisa, alegia—. Maileguak buztinezko oholtzetan erregistratzen ziren, eta horiek ordainagiri gisa balio zuten. Era berean, antzinako Egipton, tenpluek aleak eta beste baliabide batzuk gordetzen zituzten, eta nekazariei eta merkatariei maileguak ematen zizkieten.
Hori horrela izanda, gaur egun ezagutzen dugun banketxeen benetako garapena Erdi Aroan hasi zen, Italian hain zuzen ere. Italiako hiri estatuak, hala nola Venezia, Florentzia eta Genova, lehen banku zentro bihurtu ziren, Mediterraneoko merkataritzan zuten kokapen estrategikoagatik. Zentro horitan lehen banku erakunde ezagunak sortu zituzten. Hiri horiek aurrera egin zuten itsas merkataritzari esker, eta finantza sistema aurreratuak behar zituzten diru-fluxua eta nazioarteko transakzioak kudeatzeko.
Bankuen jatorrizko eginkizunak
Lehen banketxeen funtzioak nahiko oinarrizkoak ziren gaur egungo banketxeen funtzioekin alderatuta, baina gaur egungo finantza-sistema garatzeko oinarriak ezarri zituzten. Hauek dira banketxeen jatorrizko funtzioak.
- Diruaren zaintza: Bankuek leku segurua eskaintzen zuten dirua eta baliozko objektuak uzteko. Hori funtsezkoa zen segurtasun pertsonal mugatua eta lapurreta arrisku handia zegoen garaian.
- Maileguak: Merkatariei maileguak ematen zizkieten beren jarduerak finantzatzeko. Mailegu horiek funtsezkoak ziren merkataritzaren hazkunderako eta negozioen hedapenerako.
- Moneta trukea: Truke-etxe gisa jarduten zuten, eta merkatariei askotariko lurraldeetako txanponak aldatzeko aukera ematen zieten. Hori ezinbestekoa zen tokiko eta eskualdeko hainbat txanpon ingurutan.
- Ganbio-letrak: ganbio-letrak sartu zituzten, txeke modernoen aitzindariak, dirua esku-dirutan garraiatzeko beharrik gabe urrutitik ordaintzea errazten zutenak.
Veneziako Banketxea, eraldaketaren aitzindari
1587an sortu zen Veneziako Banketxea, eta historiako lehen banku publikotzat hartzen da. Bere funtzio nagusia zen merkatarien arteko ordainketak erraztea, kredituen transferentziaren bidez. Horri esker, segurtasun eta eraginkortasun handiagoa lortzen zen merkataritza eragiketetan.
Denboran zehar bankuen nondik norakoak inguruko gizarteak baldintzatu ditu. Izan ere, merkataritza eta ekonomia globalizatzen ziren heinean, bankuek zabaldu eta dibertsifikatu egin zituzten beren zerbitzuak. Berpizkundean, banketxeen negozioa Europa osoan zabaldu zen. Florentziako Medici eta Alemaniako Fugger familiak banku-familia boteretsu bihurtu ziren. Hain bihurtu ziren garrantzitsu, ezen ekonomiari ez ezik, garaiko politikan eta kulturan ere eragina zuten.
Lehen banketxeen funtzioak nahiko oinarrizkoak ziren gaur egungo banketxeen funtzioekin alderatuta, baina gaur egungo finantza-sistema garatzeko oinarriak ezarri zituzten
Denboran aurrera joan ahala gizartea aldatzen joan zen, eta banketxeen zerbitzuen hedapena eman zen: maileguak eta zaintzaz gain, zor publikoa kudeatzeko eta bonuak jaulkitzeko zerbitzuak eskaintzen hasi ziren. Zerbitzuen hedapen horrek finantza berrikuntzak sortu zituzten, eta finantza tresna berriak garatu ziren, hala nola ganbio-letrak eta aseguruak, merkatariek arriskua hobeto kudeatu eta beren eragiketak finantzatzeko.
XIX. mendeak Industria Iraultza ekarri zuen, eta horrek erabat aldatu zituen ekonomiak eta banketxeen funtzioak. Lehen aipatu bezala gizartearen nondik norakoek banketxeen eraldatzeko gaitasuna agerian utzi dute urteak pasa ahala. Hori horrela, industria finantzaketa sortu eta banketxeak industriaren finantzatzaile nagusi bihurtu ziren. Bestela esanda, epe luzerako maileguak eman zituzten fabrikak, trenbideak eta beste azpiegitura batzuk eraikitzeko. Horrez gain, iraultza horrek kontsumoaren garrantzia berretsi zuen. Hala, kontsumitzaileari zuzendutako bankuak sortzen hasi ziren, aurrezki kontuak, mailegu hipotekarioak eta inbertsio produktuak bezalako zerbitzuak eskainiz.
Bankuen egungo funtzioak
Gaur egun, hau da, XXI. mendean, banketxeek funtzio ugari betetzen dituzte, oinarrizko zaintza eta mailegu jardueretatik harago doazenak. Hemen ditugu gaur egungo banketxeen funtzioen artean ezagunenak:
-
Gordailuak eta Kontu Korronteak: Diruaren eguneroko kudeaketa errazten dute, bezeroei ordainketak egiteko, diru-sarrerak jasotzeko eta aurrezteko aukera emanez.
-
Maileguak eta kredituak: Kreditu pertsonalak, enpresarialak eta hipotekazkoak eskaintzen dituzte, norbanakoei zein enpresei beren finantza-beharretan lagunduz.
-
Inbertsio-zerbitzuak: Aholkularitza eta inbertsioen kudeaketa ematen dute, bezeroei beren ondarea eraikitzen eta babesten lagunduz.
-
Eragiketa elektronikoak: Ordainketa elektronikoak, transferentziak eta kreditu eta zordunketa txartelen erabilera errazten dituzte, eta horrek dirua erabiltzeko modua irauli du.
-
Arriskuen kudeaketa: Aseguru produktuak eta deribatu finantzarioak eskaintzen dituzte, bezeroei arrisku ekonomikoa eta pertsonala kudeatzen laguntzeko.
Historian zehar aldagai ugariren arabera mugitu behar izan dute banketxeek, eta gaur egun teknologiak goitik behera aldatu du euren izaera. Esaterako, onlinearen eta mugikorraren bidez, bezeroek beren kontuetara sartu eta munduko edozein lekutatik transakzioak egin ditzakete. Gainera, fintechak (finantza-teknologiak) sektorea iraultzen ari dira, ordainketetarako, maileguetarako eta finantza-kudeaketarako irtenbide berritzaileen bidez.
Dibertsifikazioaren bidea
Banketxeen jatorrizko funtzioak diruaren zaintza, maileguak ematea eta moneta-trukea ziren. Jarduera horiek funtsezkoak ziren merkataritza babesteko eta ziurgabetasun garai batean segurtasuna emateko. Aitzitik, gaur egungo banketxeek izugarri dibertsifikatu dituzte beren zerbitzuak, ekonomia globalaren behar konplexuak asetzeko.
Behar konplexu horiek zerbitzuen dibertsifikaziora eraman ditu banketxeak, eta gaur egun oinarrizko zerbitzuak eskaintzeaz gain, finantza aholkularitza, inbertsioen kudeaketa, aseguruak eta zerbitzu teknologiko aurreratuak ere eskaintzen dituzte. Geroz eta mundu globalizatuago batean banketxeek beren zerbitzuak moldatu behar izan dituzte, eta nazioarteko eragiketak egin ahal izan dituzte, merkataritza eta finantza globalak erraztuz.
Teknologia aurreratuaren inplementazioak transakzioen eraginkortasuna eta segurtasuna hobetu ditu, baina erronka berriak ere sartu ditu, zibersegurtasuna, esaterako
Teknologia eta segurtasuna dira gaur egun denen ahotan dauden aldagaiak. Teknologia aurreratuaren inplementazioak transakzioen eraginkortasuna eta segurtasuna hobetu ditu, baina erronka berriak ere sartu ditu, zibersegurtasuna, esaterako.
Bankuen bilakaerak, antzinatik aro modernoraino, ekonomiaren konplexutasuna eta globalizazio gero eta handiagoa islatzen du. Oinarrizko zaintza eta mailegu funtzioak funtsezkoak izaten jarraitzen duten bitartean, bankuek beren irismena eta zerbitzuak handitu dituzte, finantza-sistema globalaren funtsezko zutabe bihurtzeraino. Berrikuntza teknologikoak eta etengabe aldatzen ari den mundura egokitzeko beharrak bultzatu dute eraldaketa hori.