Lehen sektoreko belaunaldien erreleboa bermatu nahi da proiektuaren bitartez | Argazkia: iStock

EKONOMIA

Baserritar Misto Profesionala ekimena aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Interesdunen lanaldia %50era murriztea da proposamena, enpresetan lan egiteaz gain, baserriko lana egiteko aukera ere izan dezaten

Baserritar Misto Profesionala ekimena martxan jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Proiektu honen bitartez, laguntza eskainiko zaie lehen sektorean lan egin nahi duten pertsonei. Proposamena da interesdunen lanaldia %50era murriztea, enpresetan lan egiteaz gain, baserriko lana egiteko aukera ere izan dezaten. Horrela, bi lan profesional edukiko lituzke interesdunak, eta diru sarrera lortuko luke bi jardueretatik.

Eider Mendoza diputatu nagusiak argi utzi du gero eta txikiagoa dela landa inguruneetan eta baserrietan egiten den jarduera, eta nabaria dela belaunaldien arteko errelebo falta. Baserritarren lana funtsezkoa dela azpimarratu eta sektorearen etorkizuna bermatzea beharrezkoa dela adierazi du Mendozak.

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak azaldu du enpresa esparruko eta lehen sektoreko eragileekin lan egin dutela ekimen hau aurkezteko. Hurrengo bost urteetan zehar ekimena egokitzen joatea aurreikusten dutela esan du Arrutik, eta guztira proiektura bederatzi milioi euro bideratuko direla. Zehazki, urtero 30 onuradun egotea da ekimenaren helburua, bost urteren buruan 150 “baserritar misto profesional” egon daitezen.

Parte hartzea

Baserritar misto profesionala izateko 18 eta 55 urte artean eduki beharko dira, kontratu mugagabea eta lanaldi osoa edukitzeaz gain. Enpresan hemezortzi hilabeteko antzinatasuna ere eskatuko da. Parte hartu nahi duten enpresen baldintza da haien jarduera lehen sektoreari lotuta ez egotea.

Ekimenak sei urteko iraupena izango du, eta konpentsazio ekonomikoa jasoko dute bai enpresek bai baserritarrek (40.000 euro baserritarrek eta 30.000 euro enpresek). Baserritarraren ustiategiak Gipuzkoan kokatuta egon beharko dira, eta baserritarrak ustiategien titularrak izatea ezinbestekoa izango da.